A. ARRUTI ZARAUTZ

Arraio Irratiak uhinak zabalduz ospatuko du 8. urteurrena

Arraio Irratiak FMko uhinetan barrena hedapen zabalagoa lortu du antena berriari esker eta, Zarautzen entzuteaz gain, inguruko hainbat herritara hedatu da. Maiatzaren 20an zortzi urte beteko ditu irratiak eta guztia ospatzeko egitarau anitza prestatu dute Putzuzulon.

80ko hamarkadan bost urtez airean izan bazen ere, geldialdiaren ondoren berpiztuta, datorren maiatzaren 20an Arraio Irratiak zortzi urte beteko ditu Putzuzulo Amets Fabrikako gela arrosatik FMko uhinetan emisioak hasi zituenetik. Urtero bezala, jai giroan ospatuko dute urteurrena, baina aurtengoan bada azpimarratzeko nobedaderik. Antena berri bati esker, FMko uhinetan hedatzea lortu baitu hedabideak.

Antena berriaren ideia aspalditik egon da Arraio Irratiaren helburuen artean eta zortzigarren urteurrenaren bezperatan lortu dute lanak atontzea. Aldaketa honi esker, Zarautzen ez ezik, inguruko hainbat txokotan ere sintonizatu daiteke FMko 99.3a: Getarian, Aian, Aizarnazabalen, Oikian, Meagan eta Iraetan. «Uhinen zabalkuntza honek aipaturiko herrietako biztanleei aukera ematen die ez irratia entzuteko soilik, baita Arraio Irratian parte hartzeko ere», azpimarratu zuten atzo irratiko kideek. Izan ere, irrati librean parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritar guztiak. «Gogorarazi beharrean gaude irratiko mikroak zein ateak irekita daudela bai norbanakoei bai eragile ezberdinetako kideei, beraien mezu, borroka, kezka, amorru, maitasun eta ezinegona lau haizeetara zabaltzeko». Arrosa sareko kide da Arraio eta toki hauetatik kanpo, Internet bidez ere entzun daiteke, www.arraio.net atarian.

Arraioko kideek atzo irrati bidez eskainitako prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, «oraindik ere asko dugu egiteko, baina ari gara. Oso tresna baliagarritzat dugu irratia eta zuek ere hori kontuan hartzea nahiko genuke. Denon eskura dagoen tresna bat dugu eta denok dugu zer esan, zer egin». Gaur egun, irratsaioetako kide guztiak boluntario ari dira lanean eta erabakiak batzarrean hartzen dira.

Emanaldiak eta egun bete jai

Urteurreneko irratsaio berezi batekin hasiko dira ospakizunak maiatzaren 20an. 20.00etatik 22.00etara, Arraioren hastapenetatik dagoen «Zaratazarautz» saioaren esku izango da emankizuna eta sorpresa ugari iragarri dituzte. Ostegunean, Hala Bedi irratiko kideak gonbidatu dituzte eta Gasteizko irratiaren 30 urteko ibilbidea islatzen duen dokumentala proiektatuko da 19.00etan hasita. Maiatzaren 23an, berriz, «SOStemible» antzezlana izango da 22.30ean.

Maiatzaren 24an, larunbata, egun beteko plana proposatzen dute. Zelai Ondoko bolatokian, Gipuzkoako bolo txapelketa jokatuko da eta Arraiok girotuko du. 14.30ean bazkaria egingo da Putzuzulon eta bazkalostean Imanol Karballo bakarlariaren emanaldia izango da. Herriko kaleetan zehar «kalejira zitala» egingo da ondotik, eta gauean dantzarako kontzertu aproposa izango da gaztetxean Zopilotes Txirriaos nafarrekin. Gauari, Juanan AJ-ak emango dio amaiera.