GARA

Coca-Cola-k dio prentsa bidez izan zuela Dignidad y Justiciaren gutunaren berri

Multinazionalak atzo argitaratu zuen adierazpen ofizialaren arabera, prentsa bidez izan zuen Dignidad y Justizia-ren eskutitzaren berri. Gainera, Gotzon Sanchez aktorearen parte hartzeaz hitz egiteko Coca-Cola-rekin lehenago inor ez zela harremanetan jarri defendatu du enpresak.

Zurrunbiloaren biharamunean, Coca-Colak gezurtatu egin zuen atzo ofizialki Dignidad y Justicia (DyJ) ETAren biktimen kolektiboak hala eskatu ziolako kendu zuela Gotzon Sanchez aktorea agertzen den iragarkia, «baizik eta iragarkiak bizitza epe bat duelako». Aurreko eguneko hitzak zehaztu zituen, beraz, multinazionalak; izan ere, asteazkenean, albiste agentzien esanetan, horiek enpresaren iturriak aipatuz, iragarkia «dagoeneko erretiratua» zegoela baieztatu zuten, erantsi gabe erabakiak ez zuela zerikusirik aurretik aipatutako eskaerarekin. Arrazoi zehatza zein izan zen Radio Euskadiko «Ganbara» irratsaioak jakinarazi zuen asteazken gauean, multinazionalaren iturriak aipatuz.

Atzo goizean, berriz, Estatu espainoleko iparraldean Coca-Colaren ardura daraman Gonzalo Marquezek berak Bilbon adierazi zuenez, iragarkiak epe bat zuen eta epe hura igandean amaitu zen. «Frogatu dezakegu», erantsi zuen. Enpresak, aitzitik, konpromisoa agertu zuen etorkizunean berriro ez emititzeko.

Egoera argitzeko, iluntzean kaleratu zuen Coca-Colak adierazpen ofiziala. Bertan, enpresak defendatu egin zuen «gertaera honen berri» asteazkenean bertan izan zuela, «El Mundo» egunkariaren bitartez. «Lehenago inor ez zen [Coca-Cola-rekin] harremanetan jarri eta ez zuen aipatutako eskutitza jaso ere», DyJ-ren idatziari erreferentzia eginez.

Eztabaida piztu bezain laster, enpresa alde guztiekin harremanetan jarri zela esan zuen, publizitate agentzia, ekoizle, biktimen kolektiboko ordezkari eta aktorearekin, zehazki.

Goizean Marquezek egin zuen moduan, multinazionalak adierazpen askatasuna defendatzen duela berretsi zuen, «horrekin iragarkietan parte hartzen dutenen pentsamoldeekin bat etorri gabe».

Errenteriako aktorearen «ibilbide profesional oparoa» onartzearekin batera, freskagarri enpresak honakoa adierazi du: «Harrigarri egiten zaigu eztabaida Coca-Cola-rekin soilik piztu izana eta ez beste etxe batzuekin; atzean markaren famaz aprobetxatzeko asmoa dagoela soilik uler dezakegu».

Azkenik, enpresak «Espainiako gizartearen edozein talderengan hirugarren pertsonen jarreragatik» sortu ahal izan dituen eragozpenengatik barkamena eskatu zuen.

Gotzon Sanchezek ETB-ko saio batean onartu zuen «minduta» dagoela gertatutakoa adierazpen askatasunarekin lotuta dagoelako, eta erantsi zuen «manipulazio» baten biktima izan dela, enpresarekin batera. Aurrekaria izan zitekeelako kezka agertu zuen azkenik.