Arantxa MANTEROLA

Garapen Kontseiluak oso aitzinatuak ditu 2014-2020 Hitzarmenerako proposamenak

Itsasun berrikitan egindako batzar nagusian, 2013ko ekitaldiaren bilanaz gain, urte amaierako prest egon beharko lukeen 2014-2020 Lurralde Hitzarmenerako lanen errepasoa egin du Garapen Kontseiluak.

Zeregin horren harira, duela hilabete batzuk honako hamar gaietarako beste horrenbeste lantalde osatu zituen: Goi mailako irakaskuntza eta ikerkuntza, ekonomia mugikortasuna, teknologia berriak, trantsizio ekologiko eta energetikoa, enplegua, formakuntza eta elkarrizketa soziala, euskara, kultura, etxebizitza eta lurralde antolaketa eta zerbitzu publikoak.

Lantalde horien 30 bilkuretan 735 pertsonak parte hartu dute eta ekarpen andana egin dituzte.

Jean-Baptiste Etcheto Garapen Kontseiluko presidenteak parte hartze hori goraipatu zuen atzo: «Oro har, 170 irizpide eta 500 bat ekintza-ildo atera dira lantaldeen eztabaidetatik. Orain, guztiak biribildu eta ekainaren erdialdera proposamen zehatza aurkeztuko diogu Hautetsien Kontseiluari».

Hortik aurrera, egitura horri dagokio udalekin eta herri elkargoekin Lurralde Hitzarmenaren behin betiko edukia finkatzea, Estatu, eskualde eta departamenduarekin proiektuak negoziatzeko.

Negoziazio horren ostean, urte amaiera aldera, datorren sei urteetarako lurralde mailako egitasmoak ofizialki ontzat emango dituen hitzarmena sinatuko da.

Lurralde Elkargoa

Bestalde, Etchetok jakinarazi zuen datozen asteetan prefetak Ipar Euskal Herriaren egituratzeari buruz proposamenen bat aurkeztuko duela. «Hala agindu zuen Itsasuko batzarrean bildutako jendearen aitzinean».