Ramon SOLA
BIZKAIA | EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

EAJren harrobia: ia hiru bozetatik bi, bertan

Kezkatzeko hainbat motibo biltzen ditu bere horretan EAJk Bizkaian eskuratu duen garaipen zabalak. Izan ere, beste herrialdeekiko aldea gero eta nabariagoa da: ia hiru bozetatik bi Bizkaian jaso ditu (213.500 botopaper lortu ditu Izaskun Bilbao buru duen zerrendak, horietatik 132.000, Bizkaian).

Desoreka horrez gain, antzematen da garai bateko kudeaketan baino joera politiko berrian oinarritzen dela EAJren arrakasta. Bilbon Iñaki Azkunak jorratu zuen ildo populistak etekin nabariak eman ditu hautetsontzietan, eta bide beretik doa Sestaon Josu Bergara alkatea egiten ari dena. Aurreko astean etorkinen aurka esan zituenak publiko egin ziren arren, aferak ez dio hauteskundeetan kalterik egin, kontrakoa baizik: 2009an EAJk 2.057 boz lortu zituen eta orain 2.765 jaso ditu. Bistakoa da PPren boto-emaileetatik datozela asko eta asko: herri horretan galera handia izan du alderdi honek, 2.168 bototik 1.403ra pasata.

Hauteskunde kanpainan zehar egunero-egunero eskatu die boza PPk EAJren ohiko boto-emaileei, baina argi agertzen da, Bizkaian bereziki, kontrako efektua izan duela Arantza Quirogaren deiak.

Jelkideen nagusitasuna Ezkerraldean frogatu da, azken hauteskundeetako joera berretsiz. Barakaldon baino ez dio eutsi PSEk urte luzeetan berea izan den lehen postuari. Ermuan ere nagusi izan da, baina aipatutakoak salbuespenak besterik ez dira. Herriz herri begiratuta, kasu gehienetan PSEk duela bost urte zuen bozen erdia galdu duela ikusten da.

EH Bildu, trabatuta Bilbon

EAJrekin lehia estuan dabil EH Bildu herri askotan, eta ondorioz ia bi koloretakoa baino ez da Bizkaian osatu den nagusitasunaren mapa. Halere, ezkerreko koalizioak oraindik ere arazoak ditu Bilbon, aurrera egin ezinean ageri baita Europako hauteskunde hauetan.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuei so eginda, Bilbon atera du emaitza eskasena EH Bilduk, %14,18an gelditu baita (%31 du Donostian, %20 Iruñean eta %17 Gasteizen). PP du zertxobait gainetik eta PSE azpitik baina gertu.