Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Itzultzeko ordua

Eguna ondo argituta etxeratzen zarenean ama esnatu gabe oheratzeko erabili beharreko isiltasun-estrategiak (eta haien arrakasta, erdi- purdikoa kasurik onenean) unibertsal samarrak direnez, ez dut uste duela astebete Shinzo Aberen Gobernuak egin zuen «etxeratzeaz» ohartu ez denik «ama». Beste batzuetan bezala, ordea, ez entzunarena egin du. Eta auzokoa marmarrean hasi denean ere, ez du fitsik esan. «Parranda» ontzat emateko modua ere badela ebatzi dezake batek.

Japoniako Gobernuak arestian erabaki duena da, Konstituzioaren 9. artikuluaren idazkera aldatu gabe, haren interpretazio berria egitea. Beste behin, dena esateko. Izan ere, 1947ko Konstituzioaren artikulu horren bigarren paragrafoak agintzen zuena (Japoniak lur, itsaso nahiz aireko indar armaturik ezin edukia, eta beligerantzia debekua) aspaldi geratu zen ezerezean... indar armatuei «Autodefentsa Indarrak» deitzea beste disimulurik gabe. Eta, bide batez, hegazkin-ontzi itxura osoa duen zerbait amaitzear dute oraintxe bertan, baina ez dute horrela deitzen, jakina. Oraingo berrikuntzarekin, 9. artikulu horren lehen paragrafoan ezartzen dena (gerra egiteko eta nazioarteko auzietan indarra edota haren mehatxua erabiltzeko debekua) geratuko da indargabetuta, balizko «autodefentsa kolektibo» baten mesedetan. Beraz, hemendik aurrera, «herrialde normal» samarra izango da Japonia, bere indar armatuekin, aliantzekin, arerioekin...

Egungo nazioartean ematen diren ez-normaltasunik handienetako batzuen gainean eraikitako «normaltasuna» da, ordea, Japonia isilka lortzen ari dena. Adibidez, egungo Japoniako Konstituzioa ez da japoniarrek egina, II. Mundu Gerra amaitzean AEBek ezarria baizik; hortik dator, hein batean, hura zehazki emendatu ordez «irakurketa» bitxiak egiten aritu beharra. Testuaren «amak» ez ikusiarena egiten du, hala ere, duela 70 urte berak ebatzitakoarekin kontraesan bizian dauden interpretazioen aurrean. Haietatik erator litekeena mesedegarri zaiola uste duelako.

Txinaren goraldiak eragiten dien beldurragatik, Asia Ekialdean tentsioa areagotzea komeni zaiela deliberatu bide dute AEBek. Eta iragana ezabatuta balego bezala jokatu behar dutela ematen du. Japoniak, noski, ez dio kontrakorik esango, ahalik isilen etxeratu beharra daukalako. Baina ez Japoniak eta ez inguruko herrialde guztiek ez dute historia ahantzi. Batere eredugarria ez delako, hain zuzen.