Kizkitza GIL de SAN VICENTE
JO PUNTUA

Iragan urte politikoa

Kurtsoa prozesu politikoan erabakigarria izango zen konbentzimenduarekin hasi genuen, erabaki eta ekimen esanguratsuak itxoiten ziren konponbidearen eta burujabetzaren bidean. Hitzarmen kolektiboen erreformak eta lan harremanen okertzeak ezegonkortasun ekonomiko-sozial handiko urtea iragartzen zuten. Ikus dezagun.

Foro Sozialaren gomendioek blokeoa gainditzeko bide berriak sortzen zituzten, horiek aberasteko eta konponbide giroa sendotzeko iheslariek etxeratzeko bidea hartu dute, euskal presoek iniziatiba berriak hartu dituzte eta ETAk bere armategia zigilatzeko eta erabilera operatibotik kanpo uzteko prozesua abiatu du. Iniziatiba hauek euskal jendarteari eta bere ordezkariei zuzenduak dira, hauek baitira bake eta normalizazio agertokia eskuratzeko subjektua. Tartean, Lakuako gobernuak 2013-2016 Bake Plana aurkeztu zuen, eta oraingoz inongo akordio politikorik erdietsi ez duen Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea sortu zuen.

Egungo euskal egitura instituzionalak agortutzat eman ditugu, euskaldunok eta estatuek. Ipar Euskal Herriko gehiengoak Euskal Herria aitortuko duen egitura berri bat eskatu du, eskumen eta ahalmen ezberdinen jabeduna. Nafarroan antzeko gehiengo soziala ez da politi- koki egituratu, aldaketa eragoztea eta UPNren hegemonia mantentzea estatu erabakia direlako. EAEn, estatusaren inguruko eztabaida parlamentura eraman eta oihartzun kontrolatuko lantaldean giltzatu da. Gehiengo soziala abertzalea eta erabakitzeko eskubidearen aldekoa den lurraldean, aldaketaren aldeko praktikak ez du diskurtso eta dinamiken gako nagusia izatea lortu. Frantziako lehen ministro Vallsek Ipar Euskal Herriak berezko egiturarik ez duela izango agindu zuen. Prefetaren bidez orain aurkeztu dituen proposamen guztiek Euskal Herria aintzat hartzen dute; gehiengoak eskatutakoa ez diren arren, estatu posizio berri bat antzematen da. Estatu espainolak, blokeotik ofentsiba errepresibora igarota, estatu hitzarmen berri bat prestatzen duen bitartean.

2013an gehiengo sindikalak burutu greba orokorrean, krisi eta ofentsiba neoliberalari aldaketa eta alternatiba soziala eraikitzeko ofentsibarekin erantzutea erabaki zuen. Konpromiso honetatik akordio sozial zabal bat lortu duen Gutun Soziala bultzatu da. Eremu sozialean lortu diren aliantzek ez dute esparru ekonomiko eta laboralean islarik izan, sindikalgintza zatitua eta estrategia eraikitzaile adosturik gabe agertzen da, etxekaltetan.

Kurtso politikoa burujabetza eta bakeranzko Euskal Bidea ekiteko konpromisoaz hasi eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenarekin amaitu genuen. Anbizio bera behar dugu udazkenean, erronka handiak ditugu aurrean.