GARA DONOSTIA

Abuztuaren 13, 14 eta 15ean egingo da Eskola Ibiltariaren 12. edizioa

Ikasle Abertzaleak antolakundeak abuztuaren 13, 14 eta 15erako Eskola Ibiltariaren hamabigarren edizioa antolatu du. Azkenengo aldiz 2010. urteko udan egin zuten ekimen hau, eta aurten Ziburun hasi eta Donostian amaituko da. Bi gauak Hendaian eta Lezon pasatuko dituzte.

Euskal Eskola Nazionala helburu duen ikasle talde honek antolatutako Eskola Ibiltaria ekimenak formakuntza eta jaia ditu enbor nagusitzat.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, ekintza ireki honen xedea «egungo hezkuntza ereduarekin apurtu eta kalea hartuz Mugarik Gabeko Eskola» eraikitzea da. Talde honen iritziz, «hezkuntza herriak egin behar du herriaren mesedetan; ez zapaltzaileek zapaltzaileen mesedetan Lomce, Heziberri eta EU2015 bezalako lege eta erreformekin zapalkuntza areagotuz».

Interesatuak

Ekitaldi honetan parte hartu nahi dutenek www.ikasleabertzaleak.org/eskolaibiltaria web orrian eman behar dute izena. Hori eginda, abuztuaren 13an Ziburun 20 euro ordainduta amaituko da izen emate prozesua. Bestalde, jakinarazi dutenez, beharren arabera autobusak antolatuko dira. Era berean, edozein zalantza argitzeko, eskolaibiltaria@ikasleabertzaleak.org helbidea jarri dute martxan.