GARA DONOSTIA

AHTren kontrako II. Bizikleta Martxa antolatu du Mugitu taldeak

Astebetean Durangotik Bilbora arteko ibilbidea egingo dute, aldarrikapenak herriz herri barreiatzeko asmoz. Ibilbidea ekitaldi informatiboz betea egongo da eta amaieran manifestaldia egingo dute.

Mugitu mugimenduak Abiadura Handiko Trenaren aurkako II. Bizikleta Martxa egingo du uztailaren 25etik abuztuaren 2ra, «Herririk herri, txikizioaren aurka mugi!» lelopean. Honen helburua AHTren kontrako aldarria herri eta auzoetan zabaltzea da eta «hondamenaren aurka amore ematen ez duten bizilagunekin» eta kaltetuekin elkartuko dira.

«AHTren eraikuntza zinez proiektu garestia eta txikitzailea da, beharrezkoa ez izateaz gain. Obrak hasi zirenetik zazpi urte igaro direnean, kalte atzeraezinak eragin dituzte `Euskal Y'-aren trazaduraren kilometro askotan, eta gutxiengo baten mesedetan patrikak betetzen jarraitzen dute porlanezko egitasmo erraldoiaren inposizioarekin: hots, gastu sozialak murriztu, jendartearen bizi-baldintza kaskarrak okertu eta bazterkeria areagotu diren bitartean, herritarren gehiengoak behar eta nahi ez duen egitasmo inposatzailearen ondorioak nozitzen ditugu», salatu zuen mugimenduak ohar batean.

Era berean, egitasmoa «porrotera» eraman dezaketen egoeren analisia egin du Mugituk: «Obraren etengabeko gain-kostu eta azkenaldian agerian jarri diren ustelkeria kasuekin batera, aipatzekoak dira Basaurin alferrik eraiki duten biaduktuaren afera, Bizkaian toki askotan eraikuntza lanek izan duten moteltzea, Elorrio-Bergarako korapiloan egin beharreko lan eskergak nahiz Atxondo-Abadiño tartea eta hiriburuen sarbideak finantzatzeko dituzten arazoak, gobernuen ilunkeria nabaria... Zer ari dira gordetzen?».

«Zentzugabekeria ekologiko, ekonomiko eta sozial» hori salatzeko eta lurraren defentsaren aldeko aldarrikapena herriz herri eramateko, bizikleta martxa egitea erabaki dute bigarrenez eta bertan parte hartzeko deia egin diote jendeari. Bestalde, Lemoizko zentral nuklearra bertan behera uztea lortu zutenen lekukotzak entzuteko aukera izango dute martxan parte hartzen dutenek bidean antolatuko dituzten bisita, topaketa, batzar eta otorduetan.

Bizikletak Durangora eramateko furgoneta bat aterako da Donostiako Easo plazatik uztailaren 25ean, 9.30ean, (bertan dago Euskotren geltokia ere). Iruñetik joateko, berriz, autobus geltokian jasoko dituzte bizikletak ordu berean. Parte hartu nahi duenak aurretik 628-243066 telefonora deitu beharko du. Lo zakua, esterilla, aldatzeko arropa eta bizkar-zorro handia eraman behar da (furgonetan garraiatuko dira gauzak). Kaskoa derrigorrezkoa izango da eta eguneko gauzentzako motxila txiki bat ere bai. Martxa osoko otorduetarako 55 euro ordaindu beharko dira; lau egunerako, 30; eta egun bakarrerako, 10.

Etapak

Uztailak 25: Hasiera, 12.30ean Durangoko Andre Maria plazatik. Amaiera, 21.00etan, mahai-ingurua Atxondoko gaztetxean.

Uztailak 26: Hasiera, 9.30ean Atxondotik (Apata). Amaiera, 20.30ean Dimako gaztetxean, afaria eta batzarra.

Uztailak 27: Hasiera, 9.30ean Dimatik. Amaiera, 22.00etan, kontzertua Gernikako Astran.

Uztailak 28: Hasiera, 9.30ean Gernikako Astratik. Amaiera, 21.00etan, mahai-ingurua Lemoizen.

Uztailak 29: Hasiera, 9.30ean Lemoiztik. Amaiera, 20.00etan Santurtziko gaztetxean, afaria.

Uztailak 30: Hasiera, 9.30ean Santurtzitik. Amaiera, 21.00etan, hitzaldi-tailerra Zallan.

Uztailak 31: Hasiera, 9.30ean Zallatik. Amaiera, 22.30ean, antzerki saioa Sestaon.

Abuztuak 1: Hasiera, 10.00etan Sestaotik (Txirbilenea). Amaiera, 21.30ean, afaria Basaurin.

Abuztuak 2: Hasiera, 10.30ean Basauritik. Amaiera, 12.00etan, Bilboko Moyua plazatik azken kilometroa oinez.