Maider EIZMENDI DONOSTIA

«Verba polita» poesia liburua aurkeztu du Xabier Aramendik

Eguneroko sentsazioei, sentimenduei, egoerei, nostalgiari... helduta, Xabier Aramendik bere lehen liburua argitaratu du Erein argitaletxearekin. «Umorearen eta jokoaren zipriztinak nonahi» dituzten poemak osatu ditu, simetriari eta formari zorrotz helduta.

Umorearen zipriztinez bustita eta simetria eta formari zorroztasunez eutsita, Xabier Aramendik «Verba polita» lehen poesia liburua aurkeztu zuen atzo Donostian. Erein argitaletxeak kaleratu duen liburuaren lehen orrietan aipatu du Aramendik Victor Hugo idazleak Pasaia inguruetan egon ostean esandakoa: «Pasaian lan, dantza eta kanta egiten dela esaten zuen». Aipuak argitara eman duen lana ondo laburbiltzen duela iritzi zion: «Liburuan, badira joko hutsak diren poesiak, ateraldiak, burutazioak... dantza; badira tonu alaia edo umoretsua dutenak... kanta; eta badira tonu serioa dutenak... lana», aipatu zuen.

Liburua ez du gai bakarraren bueltan osatu. «Eguneroko sentsazioak, sentimenduak, pentsamenduak, egoerak, idazkerari berari buruzko hausnarketak, nostalgia, denboraren iragatea, porrota...» dira jorratu dituen gaiak.

«Ideiak eta sentimenduak modu zuzenean» adierazita, Aramendi bertso librean aritu da nagusiki, «baina erritmoaren eta musikaltasunaren» indarra mantenduta: «Aukera bat da hau, nire proposamena. Egin daiteke, izan ere, bertso libre ona erritmorik eta musikarik gabe; eta poesia txarra erritmoarekin eta musikarekin», argitu nahi izan zuen idazleak.

«Haurtzarokoak», «Nerabezarokoak», «Oraingokoak» eta «Zahartzarokoak» ataletan sailkatu ditu poemak, bere lanen antologia balitz bezala. Aitzakia literario honi esker, ataletako bakoitzean, gai eta aritzeko modu desberdinak baliatu ditu. Hala «tonua joko hutsetik, umoretik, seriotasunera doa», baina «umorearen eta jokoaren zipriztinak nonahi» daudela ohartarazi zuen.

Izenburuaren nondik norakoak ere argitu zituen Aramendik: «Bizkaierako hitzak dira, ortografia okerrarekin. Latina da, hitz joko bat, erretorika zaharrean erabiltzen zen terminoa hitzen formei errepara behar zaiela adierazteko». Izenburuaren itzulpen literarioa «hitz leunduak» izango litzake, eta, hain zuzen ere, horixe da idazleen egitekoa bere ustez: «hitzak leundu, aukeratu, bilatu, egokitu...»