GARA LEGUTIO

Legution Amilburu gailenduta, zehaztu dira Arabako Bertsolari Txapelketako hurrengo taldeak

Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo itzulia amaitutzat eman zen atzo Legution, Amilbururen garaipenarekin, eta osatuta geratu da bigarren itzuliko agenda. Lehen saioa Aramaion jokatuko da, hilaren 21ean.

Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa jokatu zen atzo Legutioko Kultur Etxean eta harekin batera zehaztu dira 2. itzuliko hurrengo hiru finalaurrekoetako taldeak.

Atzokoan, Paula Amilburu suertatu zen garaile 311,5 punturekin, bigarren Xabi Igoa geratu zen (310,5 puntu) eta atzetik izan zituzten Iñaki Viñaspre (306,5 puntu), Asier Rubio (286 puntu), Iker Agirre ( 274 puntu) eta Peru Abarrategi (267 puntu). Gai-jartzaile lanetan Nieves del Alamo aritu zen.

Bigarren itzulia osatuta

Hilaren 21ean, Aramaion jokatuko da bigarren itzuliko hiru saioetako lehena, 17.30ean, Kultur Etxean.

Bertan arituko dira egungo Nafarroako txapeldun den Oihane Perea, Jon Ruiz de Pinedo, Unai Bengoetxea, Iker Agirre, Irati Anda eta Ruben Sanchez, gai-jartzaile lanetan Aintzane Irazusta dutela.

Gainerako saioen osaketa txapelketaren orrialdean (www.bertsozale.eus/eu/araba) kontsulta daiteke. Sarrerak ohiko lekuetan eta www.bertsosarrerak.eus orrialdean eskura daitezke. Bigarren itzulian bazkideek 6 euroren truke dituzte sarrerak, 16 urtetik beherakoek dohainik eta gainerakoak 8 euro ordaindu behar dute.