J.L.
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Ñapurrak izango da Erandion jokatuko den 600eko finala irabazteko faboritoa

Erandioko Altzaga kiroldegian jokatuko da gaur, 17.00etan hasita, 600 kiloko Euskal Herriko Txapelketako azkeneko jardunaldia. Finala izango da eta gizonezkoen aurtengo hirugarren txapela banatuko da bertan.

Orain arte bi saio jokatu dira, eta horietako sei talde onenak neurtuko dira. Ñapurrak, Sokarrola, Murueta, Beti Gazte, Ibarra eta Abadiño izango dira aurrez aurre. Bi multzotan banatuta arituko dira, bakoitza hiru talderekin.

Ñapurrak eta Murueta izan dira lehen faseko bi talderik onenak, eta eurak izango dira multzoko buru. Hala, lehen fasean denak denen aurka neurtuko dira, eta gero postuak zehaztuko dira. Bakoitzeko aurreneko biek finalerdiak jokatuko dituzte. Bi irabazleek ondoren finala jokatuko dute, eta galtzaileak hirugarren postua lortzen saiatuko dira.

Lehen faseko onena Ñapurrak izan da, jokatutako saio guztiak irabazi baititu. Txapela lortzeko faborito garbia da, baina orain arte egindakoak ez dio ezertarako balioko, gaur egin beharko baitu txapela jantzi nahi badu.

375ekoan, berriz, bigarren jardunaldia jokatuko da. Ibarra, Gaztedi, Badaiotz eta Berriozarrek hartuko dute parte. Lehen jardunaldia Ibarrak irabazi zuen, eta gaur ere gauza bera egingo balu, txapela lortzeko pauso handia emango luke. Oraingoz, gipuzkoarrak nagusi direla ematen du, baina Gaztediren eta beren artean ez dago alde handirik, eta bietako edozeinek irabaz dezake. Badaiotz ere inoiz baztertu behar ez den taldea da.