Amalur ARTOLA
PASAIA

Pasaiatik Ternuarako bidaia, arrantzaleen begietatik jasoa

50 eta 70eko hamarkadetan Ternuako itsasoetan bakailao bila ibilitako Pasaiako zenbait arrantzaleren testigantzak biltzen ditu «Arte al agua» dokumentalak. Arrantzaleek Super8 kamerak erabilita filmatutako irudiak ditu oinarri Olivier van der Zee-k zuzendutako lanak.

Arrantzale eta marinelentzat itsasoa aldi berean maitale eta etsai izaten dela esan izan da; ematen duen bezain beste kentzen duela. Eta, hain zuzen, 50 eta 70eko hamarkaden artean Ternuara bakailao bila joandako zenbait arrantzale euskaldun eta galiziarrek itsasoan izan zuten bizimoldea eta harekin duten harremana euren begietatik jasotzeko aukera ematen du Olivier van der Zee zuzendari herbeheretarraren (“Encierro 3D”, “El último magnate”) sinadura daraman “Arte al agua” dokumentalak.

Izan ere, aipatu hiru hamarkadetan Pasaiatik Ternuara bidaiatutako zenbait arrantzalek itsasoan eta bisitatzen zituzten lekuetan filmatutako irudiak ditu oinarri lanak: 102 minutu orotara, «balio historiko handia» duten irudiz eta arrantzaleen testigantzez jantziak.

Aurkezpenean proiektatu zuten teaser-ean, esate baterako, arrantza saioen irudiak, familia barnekoak, itsasoan zendutako marinelen hiletetakoak edota itsasontzi barneko euren bizimodua islatzen dutenak erakutsi zituzten. «Ontzi barneko bizimodua oso gogorra izaten zen», ekarri zuen gogora Josetxok, dokumentalean parte hartzen duen arrantzale ohietariko batek. «Ez geneukan hozkailurik ere, unekoarekin tripa bete eta horrela moldatzen ginen, lotarako ere hala moduz... Gogoan dut batzuetan komuna izoztu eta hura erabili ezinda ere geratzen ginela», oroitu zuen Vilak. Orain 86 urte ditu makinista ohiak, eta bere senditik sei anaiak ezagutu dute itsasoa.

«Ni 23 urte nituela hasi nintzen kapitain lanetan, 1957an», aurkeztu zuen bere burua Benitok. Azaldu zuenez, bera eta bere anaia izan ziren Ternuako kapitain gazteenak.

Bizipen pertsonalak

Skype bidez hitza hartuta, dokumentalaren zuzendariak azaldu zuen zortzi urte eman dituela Pasai Donibanen bizitzen eta bertako tabernetan ezagutu zituela Ternuako bizimolde gogorraren gaineko xehetasunak. Hala jakin zuen arrantzaleek Kanadan erosten zituztela Super8 kamerak, bizitzen ari zirena filmatu eta gero senideei egin zuten bidaiaren irudiak erakutsi ahal izateko. «Sorpresa izan zen zenbat material dagoen ikustea», azaldu zuen. Bildutako materiala Euskadiko Filmategian dago jada, «galtzear diren testigantzak datozen belaunaldiengana ere irits daitezen».

Filma igande honetan estreinatuko da Bilboko Zinebi film dokumentalen jaialdian, baina, aurretik, Donostiako Aquarium-en pase pribatu bat egingo dute gaur. «Erakusteko gogoz nago. Arrantzale hauetako bakoitzak izan du bere esperientzia eta harreman propioa Terranovarekin, Pasaian jende askok izan du osaba, aitona... itsasoan, eta horien guztien erreakzioa ikusteko gogoz nago», amaitu zuen.

Behin estreinatuta, Donostia, Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Bartzelonako zenbait zinematan emango da, azaroaren 24tik aurrera, eta gero batez ere arrantzale herrietara eramango dute.