GARA
DONOSTIA

Zezenketen aurkako mobilizazioa iragarri dute abuztuaren 14rako

Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza zezenketen aurkako elkarteek prentsaurrekoa eman zuten atzo eta Eneko Goia alkateari aurpegiratu zioten ez duela errespetatzen «donostiarren gehiengoaren nahia». Aurten ere zezenketak egongo dira Illunben, lau zehazki.

Horri aurkakotasuna adierazteko, beste urte batez, Bulebarrean mobilizatuko dira. Aurten Aste Nagusiaren erdian egingo dute protesta; hilaren 14an, arratsaldeko seietan.

Eguzki kolektiboko bozeramaile Itziar Alonsok adierazi zuen Goiak ez duela mantendu bere hitza, afera honetan erreferendumik ez duelako antolatu, eta, beraz, herritarren hitza isilarazi duela.

Elkarte bereko kide Juan Mari Beldarrainek, bestalde, kritikatu zuen alkatea Estatu espainoleko legean babesten dela herri-kontsulta aurrera ez eramatea arrazoitzeko: «Hor babesten da berak badakien herritarren gehiengoaren iritzia kontuan ez hartzeko».

Hiritarren pertzepzioa neurtzeko inkestaren arabera, Donostiako bizilagunen %71 baliabide publikoak zezenketetara bideratzearen aurka agertu dira. Atzoko prentsaurrekoan parte hartu zutenek gogorarazi zuten Illunbe udal instalazioa dela.

Bilboko zezen-plaza

Bilboko zezen-plazaren eraberritzearen inguruan eztabaidatu zuten Bilboko Udaleko Kontratazio Mahaian. Bilera honen ondoren, Elkarrekin Podemosek ohartarazi zuen zezen-plaza eraberritzeko «aukera paregabea» alferrik galtzen ari direla; «animalienganako tratu txarrik gabeko» hiria izan dadin.

Koalizioak esleipen prozesua geldiarazteko eskatzen dio udal gobernuari eta Vista Alegreren erabilera zehazteko bizilagunen artean galdeketa bat egiteko. Ekonomikoki gastua suposatzen du, baina «irabaziak emango balitu ere ez genuke nahi zezen-plazarik», esan zuen.