Gaur8

Berdintasun politiken bilakaera eta etorkizunari buruz eztabaidatuko dute emakume politikariek

Hitzartzen izeneko mahai inguruan Gasteizko Legebiltzarreko talde desberdinetako emakume politikariak elkartuko dira, berdintasun politikei buruz hausnartu eta hauetan sakontzeko dituzten proposamenen gainean eztabaidatzeko.

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko gainontzeko emakumeekin, M8ko greba deialdian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Oihana Etxebarrieta EH Bilduko gainontzeko emakumeekin, M8ko greba deialdian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Asteazken honetarako “Hitzartzen: Emakume politikariak hitza hartzen” mahai-ingurua antolatu dute Donostian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Gasteizko Gobernuak, Emakundek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udaleko Donostia Gazteriak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza Filosofia eta Antropologia fakultateko I Eraikinean izango da, 18.00etan.

Azken urteetan mugimendu feministaren aldarrikapenak agenda politikoan sartu direnez, eta berdintasun politikak ere bultzatu direla eta (berdintasun planen sorrera, eraso matxista eta LGTBI+fobikoen aurkako protokolizazioa, berdintasun teknikarien sorrera, eta abar), prozesu guzti honen gainean hausnartzeko nahiz berdintasun politiketan aurrerapausoak emateko helburuarekin antolatu dituzte jardunaldiok.

Horretarako, alderdi desberdinetako politikariak hartuko dute parte mahai-inguruan: Maitane Ipiñazar Miranda (EAJ), Oihana Etxebarrieta Legrand (EH Bildu), Eukene Arana Varas (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo Solana (PSE-EE) eta Juana de Bengoechea Estrade (PP). Irati Sarasua Arabaolaza kazetariak gidatuko du eztabaida. Mahai-inguruaren ostean, gazteei partehartzeko aukera eskainiko zaie, bai bertaratu direnei bai gerturatu ezin direnei, EGKren YouTube kanalaren bitartez emitituko baita streaming-a, eta galderak Twitter edo Whatsapp bidez bidaltzeko aukera izango da.