GAUR8

«Aktiba zaitez» kanpaina, eskola jantokietan jarduera fisikoa sustatzeko

EAEko ikastetxeetan «Aktiba zaitez« kanpaina jarriko dute martxan Ausolan enpresak eta Basque Team fundazioak, jantokiaren orduko aisialdian jarduera fisikoa sustatu eta ohitura osasungarriak eta arduratsuak bultzatzeko. Ekimena azken hiruhilekoan burutuko da eta kirol ezberdinak landu nahi ditu.

Ikasleak, Bilboko ikastetxe baten sarreran, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Ikasleak, Bilboko ikastetxe baten sarreran, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)

Ausolan kolektiboentzako sukaldaritza enpresak eta Basque Team Fundazioak «Aktiba zaitez» kanpaina jarriko dute martxan hainbat ikastetxetan, ariketa fisikoa sustatzeko.

Kanpaina ikasturte honen azken hiruhilekoan egingo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan, jantokiaren ordutegian.

Asmoa da «eguerdiarekin lotutako espazioak dinamizatzea, ingurumenarekiko ohitura osasungarriak eta arduratsuak sustatzea eta hainbat kirol egiteko joera bultzatzea», azaldu dutenez.

Helburu horrekin, datozen hilabeteetan «bazkaldu aurretik edo ondoren», hainbat erronka gauzatuko dira, aurreratutakoaren arabera. Leticia Canales surflariak, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak eta Maialen Chourraut eslalom piraguako kirolariak izango dira erronkak proposatuko dituzten kirolariak.

Kirol ezberdinen praktika

Elikadura osasungarriak eta kirolak duten garrantziaz gain, hain ezagunak ez diren kirol batzuk bultzatu nahi dira, jantokian egon beharreko denbora aprobetxatu eta jarduera fisikoa beste modu batean lantzeko.

Era berean, ekimenean parte hartzen duten kirolariek mezuak utzi nahi dizkiete ikasleei. Leticia Canalesek surfak naturarekin etengabe harremanetan egoteko ematen duen aukera nabarmendu nahi du. Jainagaren ustez, ulertu behar dute elikadura zaintzea entrenamendua bezain garrantzitsua dela, eta Chorrautek zabaldu nahi du piraguismoak naturarekin duen lotura eta lotuta daramatzan natur ondarea zaintzeko balioak.

Kanpainaren bultzatzaileek nabarmendu dute, bestalde, garapen iraunkorrerako helburuekin bat egiten duela eta hiru ardatz nagusi izango dituela: «itsaspeko bizitzaren zaintza, zero gosea eta ur garbia eta saneamenduaren» garrantzia.