GAUR8

23 ikastetxe Txoriboxen eta Eskola Urmaelen Sarearen «Eskolak naturan eta natura eskolan» proiektuan

Gipuzkoako 23 ikastetxek hartu dute parte «Eskolak naturan, natura eskola» proiektuan, Txoribox eta Eskola Urmaelen Sarea ekimenekin lotutako jarduerak aurrera eramaten. Aranzadik bultzatzen duen egitasmo sozialak hezkuntza, auzolana eta bioaniztasunaren kontserbazioa uztarten ditu, eta laster material didaktiko gehiago sortuko du.

Txorientzako habia-kutxen inguruko jarduera, irudian. (ARANZADI)
Txorientzako habia-kutxen inguruko jarduera, irudian. (ARANZADI)

Azken hilabeteetan Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek Gipuzkoako 23 eskolatan “Eskolak naturan eta natura eskolan” programa garatu dute. Proiektu horren barruan, Txoribox eta Eskoletako Urmaelen Sarea ekimenak abiatu dituzte, «auzolana, hezkuntza, aisialdia eta herritarren zientzia elkartzen dituen egitasmo soziala» gauzatzeko.

Kutxa Fundazioaren laguntza duen proiektuaren helburu nagusia bioaniztasunaren kontserbazioan aurrerapausoak ematea da, ekimenak eskola ingurunera erakarriz, «ikasleek beren eguneroko bizitzan integratu dezaten eta irakasleek tresna didaktiko moduan erabil dezaten».

Egitasmoak bultzatzen dituen ekintzen artean, hegaztientzako jantokiak eta habia-kutxak eraiki eta kokatu dituzte ikasleek.

Eskolen inguruetan, bestalde, urmaelak sortzeko guneak egokitu dituzte, Aranzadiko adituen gidaritzapean, eta aldi berean hainbat dibulgazio jarduera egin dira.

Gipuzkoako 13 udalerritako 23 eskolak hartu dute parte ekintzetan. Zehaztu dutenez, 30 tailerretan 23 habia-kutxa, 17 jantoki eta 11 urmael sortu dituzte. Ez da lehen hezkuntzako zikloetara mugatu, haur hezkuntzatik unibertsitatera arteko ekimena baita, ikasleentzako eta herritarrentzako askotariko formazioa eskaintzen duena.

Proiektua, gainera, ez da horretan geratuko. Hurrengo hilabeteetan zehar, programatutako ekintzak egingo dira eta urmaelen eta habia-kutxen eta jantokien erabilera didaktikoa egiteko jardueren proposamen txostena garatzen ari direla aurreratu dute.

Parte hartzeko interesa duten ikastetxeek informazio zehatza dute www.urmaelaeskolan.eus eta www.txoribox.eus webguneetan.

Aranzaditik nabarmendu dutenez, ingurumenaren errespetuan eta kontserbazioan aurrerapausoak egin badira ere, krisi klimatikoaren testuinguruan bioaniztasuna bezalako kontzeptuak «bigarren maila batean geratzen dira» oraindik.

Gizartearen inplikazioa bultzatu

Bioaniztasunaren kontserbazioan egin beharreko bidean, jendartearen inplikazioaren garrantzia azpimarratu du zientzia elkarteak. «Habitatak babestu edota berreskuratzea ezinbesteko ekimenak dira», azaldu du, eta kontzeptuak barnera daitezen «ezinbestekoa» dela jendartea ekintza hauetan parte hartzea.

Horrekin lotuta, eta izandako esperientziari begira, Aranzadiko adituek aipatzen dute ikusi dutela gizarte hiritartuan, ikasleen eta naturaren arteko erlazioan haustura areagotu dela.

«Ikusten da ikasleek kanpoko espezieak bertakoak baino ezagunagoak dituztela, eta era berean, herri txikietako ikasleek hirian bizi direnek baino ezagutza maila handiagoa dutela biodibertsitatearen inguruan», adierazi dute.