GAUR8

Gradu amaierako hiru lanek mahai gainean jarri dituzte elikadura portaeraren nahasmenduak

UPV/EHUren gradu amaierako hiru lanek era osagarrian landu dituzte elikadura portaeraren nahasmenduak, ikuspegi biopsikosozial batetik

0718_EHU
0718_EHU

Campus Bizia Lab (CBL) programa Jasangarritasun Zuzendaritzak eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak sustatzen duten ekimen bat da. Programa horren barruan, zenbait proiektu daude martxan; eta horietako bat “EHU ongizate psikoSOZIALa” izenekoa, unibertsitate arloan ondoez psikosozial komunitarioari aurrea hartzeko. Proiektu horren asmoa da ondoez psikosozialeko egoerak eta ikasleen arreta psikosozialerako beharrak ezagutzea eta azaleratzea. Helburua da prebentzioan, detekzioan eta esku-hartze komunitarioan laguntzea, bai proposamenen bitartez, bai jardueren bitartez, eta, hala, unibertsitateko komunitatearen ongizate psikosoziala indartzea.

Hartara, ikasle batzuek ondoez psikosozialarekin lotutako lan ildo horretan egin dute gradu amaierako lana. Guztira, gradu amaierako 11 lan izan dira. Lan horietatik hiruk, ikasturte honetan, elikadura portaeraren nahasmendua landu dute. Ikuspegi biopsikosozial batetik landu ere, hiru erpineko xede batekin: ikertzea, prebenitzeko eta esku hartzeko.

Unibertsitatea eta osasun biopsikosoziala

Karla Alvarez Alvarok ikerketa bat egin du. Horren arabera, ikasleen % 40 inguruk adierazi zuen unibertsitatean sartzeak okertu egin zuela beren osasun biopsikosoziala, eta, batez ere, presio akademikoari eta halako faktoreei egotzi zieten, eskola orduak atsedenaldiekin eta elikadurarekin uztartzeko zailtasunari eta UPV/EHUko Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren prekarietateari. Are gehiago, ikusi dute korrelazio positibo bat dagoela nahasmendu portaeren eta errendimendu akademiko txikiagoaren artean, eta arriskuko elikadura portaerak dituzten ikasleetan gainerakoetan baino ondoez psikosozial handiagoa dagoela unibertsitateko zereginak egiteko orduan.

«Ondoriozta daiteke, gaur egun, UPV/EHUko ikasleek ez dietela behar besteko garrantzirik ematen arriskuko elikadura portaerei eta ez duela ikusgarritasunik. Hortaz, funtsezkoa da Gizarte Langintzaren ekarpenetatik eta ezagutzetatik ikerketa eta metodo berriak zabaltzea, arazoari ikuspegi biopsikosozial batetik heltzeko eta corpus teoriko propio bat eratzeko; corpus teoriko horri esker, elikadura portaeraren nahasmenduek ikasleen artean eta haiek kide diren komunitatean eragiten dituzten kalte eta ondorio sozialak kuantifikatu ahalko dira», azaldu du Karlak.

Sentsibilizazio jardunaldia

Alba Campmany Ramosek sentsibilizazio jardunaldi bat antolatu zuen. «Lan honetan, unibertsitateko komunitatea elikadura portaeren nahasmenduen inguruan sentsibilizatzeko eta prebenitzeko jardunaldi bat diseinatu, egin eta ebaluatu dugu; horren aurretik, diagnostiko bat egin dugu, non, esparru teoriko batean oinarrituta, aztertu baita nola dagoen elikadura portaeraren nahasmendua eta zer-nolako sentsibilizazioa dagoen», azaldu du Albak. Elikadura portaeraren nahasmenduen prebalentziaren ikusezintasuna eta informazio falta identifikatu dute arazo zentral modura; hori dela medio, zailagoa da arazoari heltzea eta arreta horretan jartzea. Hala, jardunaldi bat antolatzea erabaki zuten gaia diziplina askotatik lantzeko.

Esku hartze proposamena

Olivia Fernandez Garciak esku hartze proposamen bat diseinatu du Arreta Psikologikorako Zerbitzuak susta dezan. Gradu amaierako lan honekin, asmoa da jakitea nolako onurak izan ditzaketen elkarri laguntzeko taldeek elikadura portaeraren nahasmenduei eta arriskuko portaerei talde terapiaren bidez heltzeko orduan, baita ikasleek horrelako arazoen irtenbide gisa taldeetan parte hartzeko zenbateko interesa duten jakitea ere. «Elkarri laguntzeko taldeak talde txikiak dira, ezaugarri bertsuak dituzten boluntarioz osatuak eta gizarteko erakundeek estaltzen ez duten behar jakin bat partekatzen dutenak; talde horien funtsa da babes emozionala ematea», zehaztu du Oliviak.