GAUR8

Vamping teknologikoa: gauean mugikorrarekin aritzeak nerabeei behar adina lo egitea eragozten die

Eskola-oporrek eta konfinamenduaren ondorioek pantailara gauez lotutako adingabeen kopurua handitzea eragiten dute

Nerabeen artean lo orduak murriztu egin dira.
Nerabeen artean lo orduak murriztu egin dira.
Nerabeak desordutan eta mugikorra eskuan dutela joaten dira ohera, batez ere oporretan. Vamping teknologikoa esaten zaionarentzat egoera perfektua da hori. Fenomeno horri buruz aspalditik hitz egiten da eta lo-orduak galtzea eragiten du pantailaren aurrean egoteagatik. Konfinamenduaren ondoren eta uda sasoian litekeena da arazoa larriagotzea. Adituak kezkatuta daude egoerarekin eta errutinak ezartzearen garrantzia nabarmendu dute: Garrantzitsua da oheratzeko eta altxatzeko orduak finkatzea.
Koronabirusaren pandemiak eragin zuen itxialdiak “areagotu” egin du gazteek mugikorrarekin edo tabletarekin igarotzen duten ordu kopurua, eta ondorioez ohartarazi dute. “Deseskaladarekin beste ekintza sozialagoak sortzen dira, kontaktukoak, baina gaueko jarduera horretatik asko geratuko da, bakartia ez den konexioa delako, beste batzuekin egiten dutelako”, adierazi dute. Iazko ikerketa baten arabera, gazteen %81,5ek aldatu egin zituen lo-erritmoak eta askok arazoak izan zituzten lo egiteko. Batzuek 100 mezu jasotzen edo bidaltzen dituzte egunero beren gailu mugikorren bidez.

Lehendik zetorren arazoa

Baina arazo hori ez zaio 2020 pandemikoari soilik leporatu behar; izan ere, txostenen arabera, aurreko urteetan, nerabeen ia %70ek ez zuten behar adina lo egiten –zortzi eta hamar ordu artean–; nerabeen %60k baino gehiagok logelan zuten mugikorra ohera zihoazenean, eta %80k ere pantaila kontsultatzen zuten ordu batez edo bi orduz, gurasoek lo zeudela uste zutenean.

Azken urteotan ikerketek ondorioztatu dute munduko leku guztietan nerabeek duela mende bat baino ordubete gutxiago ere lo egiten dutela. Eta froga asko daude loaldi faltak suminkortasuna, nekea, buruko mina edo arreta falta eragiteaz gain, hazkundean eragina duela baieztatzeko.