GAUR8

Lurzoruen eta uren kutsadura mikroorganismoekin ezabatzeko proiektu europar bat gidatuko du UPV/EHUk

Kutsadura desagerrarazteko, mikroorganismo, animalia edota landareen erabileran oinarritutako bioteknologia jasangarri berriak garatuko dituen proiektua jarri dute abian, Europar Batasunaren 5,4 milioiko finantziazioarekin. UPV/EHUk koordinatuko du egitasmoa.

Proiektuan parte hartzen duten kideetako ordezkariak, Bilbon.
Proiektuan parte hartzen duten kideetako ordezkariak, Bilbon. (UPV/EHU)

Lurzoruen eta uren kutsadura ezabatzea du helburu eta Euskal Herriko Unibertsitatea dago Europar Batasunaren 5,4 milioi euroko finantziazioa jasoko duen proiektu horren buruan.

Egitasmoak SYMBIOREM du izena eta «ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasuna hobetu nahi du kutsaduraren kontrolean», azaldu du UPV/EHUk ohar batean.

Kutsadura desagerrarazteko planteatzen duen irtenbidea mikroorganismo, mikrobioma, proteina, landare eta animalien erabileran oinarrituta dago, eta lau urtetan zehar garatuko da.

Ur eta lurzoru kutsatuek gizakien, animalien eta ekosistemen osasunerako suposatzen duten arriskua gogoratu dute. Zehaztu duenez, arazoari aurre egin nahi dion ekimena nazioarteko lankidetza proiektu baten bidez burutuko da, eta Europar Batasuneko (EB) Horizonte Europa programaren finantzaketarekin.

Ekimena aurten jarriko da abian eta 2026. urtera arte luzatuko da. Proiektuan parte hartzen duten hamalau bazkideetako ordezkariak Bilbon bildu dira egunotan.

«SYMBIOREMek oinarri biologikoko hamabi teknologia berri garatuko ditu Europako lurzoruaren eta lurpeko uren lau kutsatzaile ohikoenei aurre egiteko: metal astunak, olio minerala, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (PAH) eta hidrokarburo aromatiko hegazkorrak (VAH)», azaldu du José Luis Vilas UPV/EHUko Kimika Fisikoko Saileko irakasle eta ikertzaileak eta SYMBIOREM proiektuaren koordinatzaileetako batek.

«Proiektuaren ardatza kutsadura mistoa, eutrofizazioa (hondakin organikoen metaketa), mikrokutsatzaile organikoak eta mikroplastikoak ere izango dira», zehaztu du ikertzaileak.

Ingurune ezberdinetan probatu, eta inspiratu

EBko Zero Kutsaduraren Ekintza Planarekin bat eginez garatuko den ekimenak «bere soluzio berritzaileak probatuko ditu oso kutsatuta dauden bost ingurunetan: bertan behera utzitako industria-eremuak; hondakin solido mistoen zabortegiak; kutsadura mistoa duten lur gaineko hiri-uren gorputzak; lur gaineko lurzoru eta gorputz kutsatuak eta itsas inguruneak».

Herritarrak inplikatzea eta inspiratzea proiektuaren beste helburu bi dira, «guneak elkarrekin diseinatzeko eta gestionatzeko». Planteatzen diren soluzio berriak aplikatzera animatu nahi dituzte herritarrak, «ingurumena tokiko testuinguruan garbitzeko», azaldu du Vilasek.

«Ez dago aitzakiarik gure ekosistemekin, bereziki gure lurzoruekin, dugun portaera txarrari buelta emateko», nabarmendu du zientzialariak.