Joxean Agirre

SOS Veleia

Dennis Mercuryren “Iruzurraren maisuak” liburua apaletik hartu (ez da beharbada libururik onena, baina gaiaz dudan bakarra da) eta hirugarren zatira joan naiz, “Iruzur arkeologikoak” dionera, eta, bertan agertzen diren pieza faltsutuak miretsi ondoren, Iruña-Veleiako grafitoei begira eman dut tarte luze bat Interneten dauden foroetan, eta, grafito horiek faltsutuak izatekotan, maisu izugarriak ditugula pentsatu dut, munduko onenetakoak beharbada.

Otsailaren 25ean, barruan batzar nagusia egiten ari ziren bitartean, SOS Veleiako kide batzuk kokatu ziren Arabako Aldundiaren atarian eskuetan pankarta eta aldarri labur hau zutela: “Arabako Diputazioa errudun. Retira la querella”. Euripean egon ziren ordu batzuk eta Interneten eskegi zituzten argazki horiei begira beste behin esan diot neure buruari zerbait arraroa, zerbait estrainioa dagoela Iruña-Veleia auziaren inguruan, ez baita normala komunikabide konbentzionalek eztabaida nola itxitzat eman zuten eta geroztik komeni zaienean bakarrik ateratzen duten gaia. Geroztik grafitoen benetakotasunaren aldeko txosten bat irakurri nahi duenak Internetera jo beharra dauka. Nik ez dakit gaiari buruz ezer, baina gero eta gehiago direla iruditzen zait grafitoen benetakotasunaren aldeko zientzialarien ahotsak, atzerritarrak horietako asko, bidenabar esanda. Ulertzen dut Madrilen sukurtsal diren gure egunkari handiek jarrera hori izatea. 2006an grafitoen aurkikuntza egin orduko hasi ziren arkeologo espainiarrak gertakaria susmopean jartzen. Badirudi euskararen antzinatasuna eta gisako leloak abertzaletasuna hauspotzeko bakarrik erabil daitezkeela. Zailagoa da bertako komunikabideen jokabidea ulertzen, ez bada zuhurtzia gehiegizko batengatik. Nik ez dakit zer gertatu den, baina indar abertzaleak, espainiarrak, EHU eta gainontzeko indar faktiko guztiak bat datozela ematen du eztabaida itxi, Eliseo Bayo eta bere taldea auzipean jarri eta ostraken gainean lur pixka bat botatzearekin.

Interneteko informazio anabasan sartzen den edonork, ordea, gero eta ahots gehiago aurkituko ditu benetakoak ote diren diotenak. Ezin da esan, espainiar arkeologo batek esan zuen moduan, grafito horietako asko udan indusketak egitera etorritako ikasleren batek sartuko zituela lurpean. Hori baino zailagoa da faltsifikazioaren artea. Hala izatekotan ere, aditu talde batek egin beharko zukeen lan hori, lur geruza ezberdinetan agertu direlako eta aurkitu zituzten lekuetan lurra mugitu gabe. Galdera ikurrez eta misterioz betetako auzia da. Zortzi urte igaro dira aurkikuntza egin zenetik eta ordua badela dirudi gaia zientziaren arlora berriro eraman eta nazioarteko batzorde batek eskatuko lituzkeen ikerketak egiten hasteko. Eliseo Bayo eta bere taldearen izen onak ere mereziko luke urgentzia hori. •