13/04/2019

Reportage
SALATU ZURE IRAKASLEA
Irakasleak jomugan jarri ditu ultraeskuinak Europan zein Amerikan

Irakasleek mugimendu faxisten jazarpena jasan dute historikoki. Azken urteotan hainbat herritan ultraeskuineko alderdiek izandako gorakadarekin bat, jokabide benetan kezkagarri bat hedatu da munduan zehar, Herbehereetatik Brasilera: irakasleak salatzea proposatzea ustez «ezkerreko ideologia» ezabatzeko asmoz.

GAUR 8
0413_g8fvd
Thierry Baudet, FvD alderdiko burua

Herbehereetako Senatuan alderdi bozkatuena da Demokraziarako Foroa (FvD). Bada, FvDren arabera, hezkuntza «muturreko ezkerraren esku dago» Herbehereetan, eta, horregatik, ikasleei zein gurasoei irakasleak salatzeko eskatu die. Horretarako, plataforma birtual bat ere sortu du, herritarrei salaketak modu anonimoan egitea ahalbidetzeko. Herbehereetakoa, baina, ez da ekimen bakartua: ultraeskuinak antzeko proposamenak egin ditu boterea lortu duen, edo boterea lortzetik hurbil geratu den, beste herri batzuetan ere.

Thierry Baudet FvDko buruaren arabera, «irakaskuntzan ezkerreko ideien eragina» argitara ateratzea da ekimenaren helburua. Abian jarritako webgunean, irakasleen gaineko informazioa, testu liburu zatiak edota azterketetako galderak jasotzen dituzte, «unibertsitatean zein eskoletan ematen den doktrinamendua» erakusteko.

Rob Roken alderdiko idazkariaren esanetan, «egunero» jasotzen dituzte ikasleen zein gurasoen salaketak. FvDk Errenazimenduko Institutua ere sortu du, salaketa guztiak ikertu eta ondorioak ateratzeko. Jasotako datuak «hezkuntzan hobekuntzak proposatzeko» erabiliko dituzte eta ez omen dira publiko egingo.

Erantzuna berehala iritsi da, unibertsitateko 500 irakasle, ikertzaile eta katedratikok sinatutako adierazpen baten bidez zehazki. Bertan, salaketa zuzena egiten da: «FvDren asmoa bere helburu politiko eta ideologikoekin bat ez datozen ezagutzak murriztea da».

Tommy Derksen Arnhemeko irakasleak, bere aldetik, publikoki azaldu du ultraeskuindarren “zerrenda beltzean” agertzea ohorea litzatekeela beretzat. «Historiak salatu eta jazarritako irakasleen adibide ugari utzi dizkigu. Ez dut beldurrik eta ohorea litzateke niretzat nire izena zerrenda horretan izatea», agertu du.

Ingrid van Engelshoven Hezkuntza ministroa bere ere ez da isilik geratu. «Gizartea zientzialari eta irakasleen lanean oinarritzen da. Katedra askatasuna babestu behar dugu, ez susmopean jarri», adierazi du irmo.

Herbehereetakoa, baina, ez da kasu bakarra. Horren erakusle, FvDk abian jarritako webgunea Alemaniarentzako Alternatibak (AFD) Hanburgon martxan jarritako “Eskola neutralak” izenekoaren bertsioa da. Webgune horretan ere mezu anonimoak jasotzen dituzte, AFD alderdi alemaniar ultra kritikatzen duten irakasleen kontrakoak zehazki.

Herbehereetan, “oikofobia” salatzeko ere eskatzen dute. Hitz hori Baudetek FvDko buruak berak asmatu du, izaera eta kultura nazionalaren kontrako ustezko gorrotoa adierazteko. Adibidez, kolonietan izandako esklabismoa aipatzea bera ere salagarria da ultraeskuindarren arabera.

Oberlin Unibertsitateko katedratiko Sebastian Faverrek azaldu duenez, «Herbehereetan abertzaletasuna tabu izan da luzaroan. Alemanian bezala, askok ez zuten Herbehereetako bandera jartzen, ereserki nazionala abesten edo herrialdeko historiaz harrotasunez hitz egiten, historia kolonialak edo naziekin kolaboratu izanak erruduntasun sentimendua sortzen baitzuen». Azken urteotan, baina, hori aldatu eta eskuineko nazionalismoa indartu egin da, hauteskundeetan Baudetek lortutako garaipenak erakutsi bezala.

Herbehereetan emandako joera aldaketaren «une erabakigarria» 2017ko hauteskunde kanpaina izan zen Faberen ustez, eta egun lehen ministro den Mark Rutt izan zuen protagonista. Hauteskundeak baino aste batzuk lehenago, Ruttek oihartzun izugarria izan zuen eskutitz polemikoa idatzi zuen. Bertan, «gizarteratzen» ez diren etorkinei alde egiteko gonbidapena luzatu zien. Eta talde horretan, «herbeheretar arruntak arrazistak direla esaten dutenak» sartzen zituen. Faberrek dioenez, baina, Herbehereetako gizartearen oinarri arrazistek indarrean diraute. “Pedro Beltza” jartzen du adibide, Gabonetan haurrei opariak eramaten dizkien Sinterklaas edo San Nikolas pertsonaiaren esklabo beltza. Arraza bazterketaren aurkako Nazio Batuen Batzordeak berak ere gaitzetsi du Pedro Beltzaren figura, baina oraindik ere milaka lagun mozorrotzen dira urtero San Nikolasen esklabo beltzaz.

Iraganeko garaiak gogoan

Alemaniako kasuan, AFDk martxan jarritako ekimena Hanburgon soilik da indarrean oraingoz. Hori bai, alderdi xenofoboak beste bederatzi estatutara zabaldu nahi du, Baden-Württemberg, Brandenburgo, Bavaria eta Saxonia barne.

AFD Alemaniako hirugarren alderdia da gaur egun. Dituen jarrera xenofoboak tarteko, irakasle askok alderdi ultraeskuindarrarekiko mespretxua adierazten dute eskoletan haurren aurrean. Bada, alderdiak, irakasle horiek salatzeko ekimena jarri du abian. Ekimenak irakasleen, sindikatuen eta beste alderdien arbuioa jaso du. «Salaketa anonimoak sustatzen ari dira. Hori da totalitarismorako bidea», adierazi du Winfried Krteschmann Baden-Württembergeko lehen ministroak.

GEW hezkuntza sindikatuak eta Alemaniako Irakasleen Elkarteak ere altxatu dute ahotsa. «Espero izatekoa zen disidenteak baztertu nahi dituen alderdi batek bestelako iritziak dituztenak salatzeko plataforma bat sortzea. Maisuek badituzte beldurtzeko arrazoiak. Ikaratzekoa da», adierazi du Ilka Hoffmann GEWko kideak. Peter Meindinger Alemaniako Irakasleen Elkarteko presidentea ere ez da isilik geratu. «Haurrak eta gazteak salatzaile bihurtzeko nahia» gogor kritikatu du Alemaniako irakasle sindikatu handieneko buruak.

AFD alderdiko talde parlamentarioko kidea den Bern Baumannek, bere aldetik, webgunea defendatu du. Bere esanetan, irakasleak «behartu» egiten dituzte alderdi ultraren aurka jotzera eta horren «frogak» jaso dituzte. «AFDren irudi gogor, hotz eta erradikala zabaltzen dute», gaineratu du.

Ultraeskuindarren iritziz, irakasleek «legea apurtzen» dute, ez dutelako zertan euren iritzia ikasgeletan eman eta «aniztasuna» erakutsi behar dutelako. Defendatzen dutenez, salatutako irakasleen zerrendak zabalduz, «adierazpen askatasuna babestu nahi duten gurasoei seme-alabak nora ez eraman erabakitzeko aukera» eskaintzen diete.

Katrin Ebner Steiner AFD alderdiko hautagaia da Bavarian. Bere estatuan ere pozik ezarriko zuela Hanburgon indarrean jarritako ekimena esan du. «Neutraltasun legearen kontzientzia zabaltzea da helburua». Alemanian, baina, beste pertsonei buruzko informazioa emateak nazien garaia edo Alemaniako Errepublika Demokratikoko Stasi Segurtasunerako Estatu Ministerioa ekartzen du gogora. Hala uste du Turingiako Hezkuntza ministro Helmut Holterrek: «Alemaniako historiako atal ilunena gogora ekartzen du honek. Alarma guztiak piztu behar dira».

Herbehereetan bezala, Berlingo irakasle talde batek ere euren izenak zerrendan agertzea eskatu du. «Garrantzi handia ematen diogu zerrendan agertzeari. Izan ere, gogor jarraituko dugu ikasleek AFDren benetako izaera uler dezaten lanean. Elkarbizitza arriskuan jartzen duen ekimen arrazista, sexista, errebisionista, antisemita edo antidemokratiko oro salatzen jarraituko dugu. Jakin badakigu salaketa eta jazarpenarekin hasten dena disidenteen atxiloketa masiboekin bukatzen dela».

Bolsonaro ere, bide beretik

Irakasleak salatzeko ekimenak Jair Bolsonaren Brasilen ere ari dira zabaltzen. Presidentetzara iritsi ondoren, argi utzi zuen Bolsonarok eskoletako gelak jopuntuan zituela. «Aspalditik, gure hezkuntza instituzioak ideologia kaltegarriek hartu dituzte. Gure balioak aldatu eta gure koloreak eta ereserkiak gorrotatzen dituzte», idatzi zuen. Eta ikasleei irakasleak grabatzeko eskatu zien «ezkerreko doktrinamendua» eta «haurren sexualizazio goiztiarra» agerian uzteko. Bolsonaren arabera, PTk bultzatu zuen doktrinamendu hori, 2003tik 2016ra gobernuan egon zen bitartean.

Horiek horrela, Brasilgo ultraeskuinak “Alderdirik gabeko eskola” programa bultzatu du. Parlamentura ere eraman dute “generoa” edo “sexu orientazioa” bezalako terminoak debekatu nahi dituen ekimena. Bolsonaren PSL Alderdi Sozial Liberaleko diputatu batek ere gogoz ekin dio horrelako ekimenak zabaltzeari. Ana Campagnola historia irakaslea da eta Santa Catarina estatuan hautatu zuten urrian. Bada, Facebook bidez egindako kanpaina batean, Bolsonaren garaipenaren gaineko kezka adierazten duten «irakasle doktrinatzaileak» zelatatzeko eskatu du. Whatsapp zenbaki bat ere jarri du martxan du ikasleek «fede eta kontzientzia askatasuna iraindu edo umiliatzen duen edozein adierazpen ideologikoa edo alderdikaria zabaltzeko».

Campagnolak salaketa ugari jaso dituela esan berri du elkarrizketa batean. Gelan filmatzearen legezkotasuna zalantzan jarri zuen jarraitzaile bati honakoa esan zion: «Zintzo portatu, besterik ez, eta ez da beldurrik izateko arrazoirik izango». Facebooken duen orrialdean, «negartien, marxisten eta feministen aurkakotzat» deskribatzen du diputatuak bere burua eta Youtuben ere kanal bat du.

Polizia ikasgelan

Campagnolarena ez da jarrera bakartua. Polizia ere erabili izan dute “Alderdirik gabeko eskola” kanpainaren helburuak lortzeko. Pentsa, hainbat unibertsitatetan poliziak sartu ziren «eraikin publikoetatik debekatutako hauteskunde propaganda» kentzeko. Eta pankarta askok ez zuten hauteskundeekin zerikusirik. Rio de Janeiroko unibertsitate batean, ikur antifaxista zuen pankarta bat kendu zuten. Universidad Federal de Grande Douradosen, ikasle talde batek bertan behera utzi behar izan zuen «faxismoari buruzko klase irekia». Poliziak ikasleak galdekatu egin zituen.

Parako Estatu Unibertsitatean irakasle bat galdekatzeko hiru polizia sartu ziren haren gelan. Kasu horretan, ikasle batek deitu zion aitari, irakasleak albiste faltsuei buruzko broma bat egin ondoren. «Hauteskundeetan Bolsonarok PTren aurkako albiste faltsuak zabaldu zituela frogatu dela esan nuen. Bada, horregatik, polizia batek nire ideia politikoak erakusten ari nintzela esan zidan», adierazi zuen Mario Brasil Xavier irakasleak. Egoera ikusita, Auzitegi Goreneko epaile batek klaseak eta eztabaidak ezin direla eten ebatzi du, «pentsamendu askatasuna ez delako Estatuaren kontzesio bat, oinarrizko eskubide bat baizik».

Estatu espainolean ere antzeko gertaerak izan dira. Eta ez soilik Kataluniako eskoletako ustezko «doktrinamenduaren» aurka. Hainbat “gizarte elkartek” hedatu izan dituzte irakasleon aurkako salaketak Katalunian, batez ere independentzia erreferendumaren ondoren. Alderdi unionistek bat egin izan dute jarrerokin.

PPk Valentziara ere eraman du irakasleen aurkako jazarpena. Castellon, adibidez, Alemanian edo Brasilen antzera, «maisu doktrinatzaileak» anonimoki salatzeko eskatu zuen Nuevas Generaciones PPren gazte erakundeak. Bolsonarok bezala, «irakaskuntza neutrala» omen dute helburu. PPko gazteek posta elektronikoko helbide bat ere sortu zuten ikasleen kexak jasotzeko. Jasotako salaketen artean daude «Castelloko aireportuaz barre egitea» edo Esperanza Agirre Madrilgo presidente ohiaren adierazpenen gainean testu analisi bat egitea «PPren gezurrak aurkitzea» helburu. Hori bai, PPko gazteek iseka eta burlak jaso zituzten batez ere, «erlijio klaseetako doktrinamenduaren» aurkako salaketak adibidez.

Herbehereetako FvD eskuin muturreko alderdiaren arabera, «irakaskuntzan ezkerreko ideiek duten eragina argitara ateratzea» da irakasleen aurkako salaketen helburua

Salaketak jasotzeko Alemaniako AFD alderdiak martxan jarritako webgunea Hanburgon baino ez da sortu oraingoz. Baina alderdi xenofoboak beste bederatzi estatutara zabaldu nahi du