Amaia Nausia Pimoulier

Hilekoa

Egunotan, sexu eta ugalketa eskubideak babesteko eta haurdunaldia borondatez etenen dela bermatzeko lege organiko berriaren zirriborroaren berri izan dugu. Bertan, oraindik negoziatzen ari diren zenbait neurri jasotzen dira, hala nola hilekoaren artikuluen BEZa jaistea edo produktu horiek ikastetxeetan, gizarte zerbitzuetan edo espetxeetan banatzea. Neurri horien artean zarata gehiena piztu duena, abortuaren eskubidea 16 urtetik gorako emakumeei zabaltzearekin batera, hilekoarengatik edo honek sortzen duen min handiagatik lanean baja izateko eskubidea izan da ziurrenik ere.

Eta ez nau harritzen, ez da kasualitatea gure gorputzarekin eta sexualitatearekin zerikusia duten gauza guztiak gizartearen begietara zaratatsuak izatea. Orain arte hilekoa emakumeontzat zerbait lotsagarria izan da, historikoki zikina izatera iritsi arte. Erlijio askotan, adibidez, hileko egun horietan emakumeok aldenduak bizi behar dugu, gure gorputza bekatuz betetzen delako. Gaur ere, telebistako iragarkietan esate baterako, gure hilekoa ez da gorria, urdina baizik, eta saltzen dizkiguten produktuak gure isurtzea desagerraraztera bideratuta daude. Beraz, logika horri jarraituz, zikina den hori, ezkutatu behar dugun horri bere lekua aitortzeak eta ikusgarritasuna emateak hainbat sektoretan sortu duen ezinegona nahiko ulergarria iruditzen zait.

Jende askok izugarrizko minez bizi ditu bere hilekoak, dismenorreak pairatzen ditu, edo endometriosia dauka. Eta horiek guztiak babesteko balio dezake legeak. Baina, horretarako balio edo ez, argi dago hilekoari ikusgarritasuna eman diola. Emakumeok naturaltasunez bizi izan ez dugun horri zentralitatea ematen dio eta garrantzitsua iruditzen zait legearekin batera diskurtsoen aldaketa bat sustatzea. Produktibitatearen beharretara egokitzen ditugu gure gorputz eta beharrak, kontuan izan gabe emakume cis-ak ziklikoak garela, ziklo horren nondik norakoak ezagutzen ez ditugun arren. Eta ezezagutza horren atzetik badago asmoa; diskurtsoa argia da: ezkutatu ezazu zure hilekoa, lotsatu zaitez, eta horretarako badituzu tanpoiak eta konpresak. Baina, noski, horiek oso garestiak direla ahazten zaigula dirudi eta horrek klase arrakala handitzen du. Izan ere, emakume askok ezin dituzte hilero horiek erosi. Zein garrantzitsua litzateke honen inguruko formakuntza eskoletan, maila ekonomiko guztietako neskek ezagutu dezaten badaudela produktu ekonomikoagoak; kopa menstruala, esate baterako. Edo, ia mundua erotuz gero, gure gorputza benetan ezagutuko bagenu, gai izanen ginateke, munduko beste kultura batzuetan gertatzen den bezala, gure umetokia askatzeko eta gure barne muskuluak kontrolatzeko eta, horrela, odola nonahi eta noiznahi botatzeko. Baina noski, horrekin akabo emakumearen erreprodukzioaren inguruan egiten den komertzializazioaren parte bat.

Kapitalismoaren beharrei medikuntza androzentrikoaren begirada gehitzen zaio: gizonek egina gizonen beharrentzat. Medikuntzak historikoki emakume cis-en gorputzengan arreta jarri izan balu, gure zikloari begira biziko ginatekeen, jakinda hilekoaren egunetan lasaiago egotea komeni dela, gure gorputza errespetatuz. Beste min baten eraginez lana eteteko eskubidea badaukagu, zergatik ez hilekoak eragiten digun minagatik etetea? Sufrimenduan heziak izan gara eta horrek egin du emakumeak ohituegiak egotea gure beharrak bigarren mailan kokatzera. Horri gehitzen badiogu hilekoa zerbait lotsagarria izan dela beti, ulertzekoa da askok pairatzen duten mina ezkutatu izana eta orain ikusgarri bilakatzeak sortu duen zarata. •