Isidro Esnaola
Datorrena

Etxera bueltatuko gara

Etxera bueltatuko gara», esan zuen Krimeako emakume batek erreferendumaren emaitzak ospatzen. Horrela edo beste modu batean adierazita, Krimeako herritarren mezua argia zen: gure herrira bueltatuko gara. Logikoa da: errusiarra da gehiengoa penintsula horretan. Beste nazionalitateko herritarrek ere Errusian hobeto biziko direla pentsatzen dute.

Harrigarria izan da Europako zenbait «intelektualek» Krimeako erreferendumaren aurrean izan duten erantzun bortitza. Ez ote da Europa demokraziaren adibidea? Zertara dator horrelako erreakzioa? Erretxinduta daude Europa inperialista baten aldeko ideologoak direlako, eta erreferendum txiki batek agerian utzi du euren jarrera antidemokratikoa. Dena den, Krimean gertatutakoa eta, neurri handi batean, Ukrainan, Europaren mendekotasun politikoaren ondorioa da.

Ameriketako Estatu Batuek, presidente batekin edo bestearekin, oso argi izan dute Europa eta Errusiaren arteko edozer hurbilketa oztopatu behar dutela. Beldur dira Europa eta Errusiar Federazioaren arteko elkar ulertzeak denborarekin potentzia indartsua osatuko duela eta beren hegemonia zalantzan jarriko duela. Eta joko horretan daramatzate azken hogei urteak.

Maniobra horien adibide hurbila dugu: NATOk Polonian eta Errumanian misilen aurkako bateriak ezarri zituen. Erabili zuen aitzakia izan zen Iranetik etor zitekeen balizko eraso baten aurrean Europa babesteko beharrezkoak zirela. Errusiarrek beti esan dute arma horiek beraien aurka zabaldu zirela. Azaroan ezagutu dugu Iranek energia nuklearraren inguruko akordioa sinatu zuela G5+1 taldearekin. Akordio horren haritik, Errusiar Federazioak eskatu zuen arma horiek erretiratzea orain arte aipatu mehatxua indargabetuta gelditzen zelako. Estatu Batuetako defentsa idazkari Chuck Hagelek ukatu egin zuen aukera hori. Jarrera horrekin nolabait arrazoia eman zion Errusiar Federazioari. Estatu Batuek, NATOren bitartez, Errusia Europatik isolatzeko estrategian jarraitzen dute. Bazter batean, bakarrik, utzi nahi dute. Horrek segurtasun eza sortzen dio Errusiari, Europatik inbasioak ezagutu baititu bere lurraldean behin baino gehiagotan.

Testuinguru horretan, Europak ondoko bizilagunarekin politika propioa garatu beharko luke, bere interesetatik abiatuta, bere mugetan gatazkak ekiditeko, alegia. Horrek eskatuko luke Europa eta Errusiaren arteko auzotasun espazio bat sortzea eta garatzea; hau da, alde anitzeko akordioen bidez guztien segurtasuna bermatuko duen eremu bat jostea. Hala ere, politika propioa egin beharrean, Estatu Batuen jokoa jarraitzen dute itsu-itsuan Europako buruzagiek.

Finean, Errusia Europara hurbildu beharrean, urruntzen ari dira eta horrek, batetik, kezka handia sortzen du Errusian, eta, bestetik, bien arteko tartean gelditzen diren estatuak eta herriak bi potentzia horien borroka zelai bihurtzen dira.

Eta tarte horretan dagoen estatu handiena Ukraina da. Azken hilabeteetan, Europako buruzagi arduragabeek matxinada bat bultzatu dute Kieven. Horretarako, ultraeskuineko indarrekin aliatu dira. Azkenean lortu dute gobernua iraultzea, baina konturatzerako gobernu berriaren gaineko kontrola AEBek hartu dute. Ordutik aurrera, Europa lekuz kanpo egon da.

Gatazka garrantzitsua sortu dute Ukrainan, tokiko baldintzak kontuan hartu gabe; beharbada, hori zen bilatzen zutena, estatua zatitzea, alegia. Krisi horretan errusiarrek ulertu dute Europak orain arteko joko arauak pikutara bidali dituela, eta beraiek ere bere estrategia propioa martxan jarri dute. Badakite egoera txarragoan daudela, baina hiru helduleku dituzte beren interes estrategikoak babesteko eta erabili egingo dituzte: armada, horrelako gatazketan aritzeko prestatuta dagoena; baliabide naturalak eta errusiarrek osatzen dituzten gutxiengoak beste estatuetan.

Europako buruzagiei esker, beste gatazka luze bat sortu da Europako mugetan. •