Mikel Zubimendi
asteari zeharka begira

Krimea, hain ezberdin... eta orain hain berdin?

Aurtengoa olatu independentista batek Europa zehartuko duen urtea dela sarri entzun da. Eta dezente hitz egin da Euskal Herriak olatuaren txanpa nola, zein jokaldi eginez aprobetxa zezakeen. Eskoziak erreferenduma egingo du, Kataluniak kontsulta deitua du, Flandriako independentistek Belgikako hauteskunde legegileak irabazi eta olatua are zabalduko dela... bai, hain ezberdin eta orain, aurten, hain berdin diren herriok badute beren historiarekin hitzordua. Asko hitz egin da, eta egin, ari da xorro-xorro lan polit askoa egiten. Gure Esku Dago herritarren dinamika hartzen doan indarra horren erakusle da.

Inork gutxik espero zezakeen, baina, olatuaren gainera Krimea batuko zela. Eta euskal jendea ari da hara begira, jendearen elkarrizketetan dago, analogiak eta ezberdintasunak azpimarratu dira, Putinzale koadrila ederra azaleratu da Euskal Herrian, horrek beste asko asaldatu dituen bezala. Krimea, jakina, beste kontu bat da. Beste historia bat, beste kultura bat, beste errealitate bat; armak eskutan okupatua izan da, eta bai, oso bestelakoa da. Hori esanda, baina, letra arras ezberdina izanagatik ere, errima bertsuak aurki daitezkeela ezin da ukatu. Erreferenduma egin da, herritarrek hitz egin dute, mapak eta banderak aldatu dira... Eta, nahi edo ez, gonbidatua izan ala gabe, Krimea eztabaidaren zurrunbilora batu da. Nazioarteko gailur eta abarretan, munduko berri agentzien teletipoetan, han-hemenka egin diren milaka iritzi komentarioetan entzun dira Katalunia, Eskozia, Euskal Herria eta Krimearen arteko loturak eta konparazioak. Errusiako Kanpoko ministroak Krimeaz hitz egiterakoan Euskal Herria gogora ekartzea, adibidez, bada zerbait.

Zaila da iritzi bat, bakarra eta biribil-biribila ematea Krimean gertaturikoaz. Eta gerta liteke, gerta litekeenez, Euskal Herriaz urrunetik egiten diren komentario eta iritzi sortek gutxitan asmatzen duten bezala, sarritan abertzaletasuna eta nazionalismo patrioteroa berdintzen dituzten bezala, edo gatazka politikoa antiterrorismoaren antiojoetatik begiratuta gatazka moral bat balitz bezala karikaturizatzen duten bezala, hemendik ere igual-igual egitea Krimearekin, akats berbera errepikatzea. Agian iritzi inteligenteena, iritzi propioa izanda ere, iritzirik ez ematea da. Ez erortzea, beste hamarkada batzuetan egin zen bezala, sinpatien zepoan. Hau da, garai batean Kalaxnikov fusila eskutan zuen edonork, izan Ameriketako oihanetan ala Asiako basamortuetan, ia-ia per se, gure sinpatia merezi zuela uste zen bezala, orain erreferendum bat –arma bidez inposaturiko atmosfera batean– egiteagatik eta aukera batek emaitza ikusgarri batzuk eskuratzeagatik, horregatik gure aukera kuttun egitea eta gure buruak politikoki hura defendatzera behartzea.

Badira, bai, Krimea Errusia dela eta Errusiak ukabil eta burdinazko aginte zorrotz bat ezinbesteko duela pentsatzen dutenak. Badira ere Krimea errusiar inperialismoaren biktima dela eta han gertatu den anexio lotsagarri bat dela uste eta horri sinpatia adierazteak autodeterminazioaren aldeko kausari min itzela egiten diola uste dutenak. Egia, ohi bezala, hortxe nonbait egongo da, argitzal eta ñabarduretan lekututa, bietarik poxi bat hartuta. Gezurretan oinarrituz Irak txikitu eta milioi bat jende hil zutenek errusiarrek Krimean egin dutena kritikatzerik baduten eztabaida daiteke. Neofaxistak nola jarri dituzten Kieven inork bozkatu gabe autoproklamatu duten gobernu berrian, gerra hotzaren beroak eta gerra ekonomiko berri baten hotsak, asko dago pil-pilean, den-dena oso korapilatua eta, jakina, eztabaida libre!

Gure txikian, gure herrian sortzen ez ditugun baldintza eta aktiboak ez dizkigula inork kanpotik opari emango jakitun, begiak zabal eta dena hankaz gora jarri dezaketen ezustekoen zain beti, ez litzateke ona Krimearen inguruan «alde edo kontra» hil ala biziko erabaki politiko bat eta bakarra izaten tematzea. Putinen aldeko ala kontrako, Europazale ala antiinperialista yanki, ezkerreko ala ezker muturreko, pose eta folklore oro alboratuz, guk gurean segitu behar dugu. Gure esku dagoena geure egiten, ez inoren kopia egiten, ezta inori lezioa eman asmoz ere.

Krimearen inguruan iritzi bat eta erabaki politiko bakarra nahi edo iradokitzen dutenen kontra, guk, euskaldunok, munduko beste herritar asko bezala zalantza-dantza betean gaudenok, ziurtasun bat, eta bat besterik baino ez, daukagulako: euskara bakarrik dugula bat, batua eta bakarra munduan. •