Jose Angel Oria
politika

Adituek egungo Europar Batasuna mahaiaren gainean jarriko dute

GITE-IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak antolatuta, apirilaren 5a bitartean, Europak munduan eta Euskal Herrian duen rola bestelako begirada batekin aztertzeko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira Bilbon, agintariek eta hedabide nagusiek ezarri nahi diguten eta denok jasaten dugun eredua bakarra ez dela azaltzeko.

Euroa, porrot egindako bankuen erreskateak, austeritatea, murrizketak, herritarren haserrea, ezinegona, demokrazia eza, pobreziaren mehatxua… Hitz horiek eta tankerako beste asko bururatuko zaizkio irakurleari Europar Batasuna terminoa entzutean. Itxaropena eta ilusioa, gauzak beste era batera antolatzeko aukera, ez dira kabitzen gaur egungo Europa horretan, eta hain garesti ateratzen ari zaigun Merkelek eta beste agintariek diseinatutakoa baino ez dela posible sinetsarazi nahi digute. Horrela al da?

Ezezkoan daude GITE-IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileko kideak. Apirilaren 5a bitartean, Europak munduan duen rola bestelako begirada batekin aztertzeko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte, ezarri diguten eta denok jasaten dugun eredua bakarra ez dela azaltzeko. Gauza bera egingo dute Europak Euskal Herrian duen eragina esplikatzeko.

«Krisi testuinguru honetan, Europar Batasunaren oraina eta geroaren gaineko zalantza piztu da», diote GITEko antolatzaileek, egunotan egiten ari diren jardunaldien berri emateko banatutako oharrean. Berez, abiapuntu ona da hori, bestelako etorkizuna eraiki nahi badugu, egungo egoera zalantzan ipintzea beharrezkoa delako.

Baina berehala sortzen da ezinegona, ondoren antolatzaileek herritarrontzat oso urrutikoak diren kontzeptuak aipatzen dituzte-eta: «Euroaren geroaz, erritmo ezberdinetako Europez, Troikaren dinamizazioaz, hegoaldeko herrialdeez, erreskateez... ari gara etengabe. Elementu horiekin egiten dugu topo tokiko irakurketa politiko eta ekonomikoak egiten ditugunean eta ezinbestekoak dira burujabetza prozesuetan dauden herrialdeen geroa marrazterako orduan. Zer esanik ez, Europan sozialismoa eraikitzeko bideez aritzen garenean».

Horiek guztiak herriei ezarri zaizkien elementuak dira; ez dira herriek sortutakoak, herriek sufritzen dituztenak baizik. «Madrilek Krisiaren harira hartutako neurriak direla, Katalunia eta bere burujabetza prozesuaren inguruan hartutakoak direla… Problematika horiek guztiak beti, uneren batean, Europako elementu horietara heltzen dira. Hori transmititu nahi genuen; Europaren eragina gero eta argiago topatzen dugula elementu horien inguruan, problematika askoren hondoan atzematen dela elementu horiek hor daudela», adierazi du Gorka Zozaiak.

Aipatzen ez diren kezkak

Esanguratsua dirudi kezkak eta erronkak giza eskubideen ingurukoak, emakumearen egoerari buruzkoak edota ingurumenarekin lotutakoak izan beharrean, Troikaren kontuak eta erreskateak izatea, diruaren zerbitzurako elementuak direlako… «Zuk aipatzen dituzun gai horien inguruan zentratu beharrean, guztia euroak duen arazoan fokalizatzen da, edo Europan dugun egoera honetan denok gerrikoa estutu behar dugula esaten zaigu, eta Troikak emandako irizpideak bete egin behar direla. Europa bera ez da zalantzan jartzen eta esaten digutena da orain arte ezagutu dugun Europari eta ongizateari eusteko, horiek direla egin beharreko urratsak: Troikak agindutakoak, Europako hegoaldean beste politika batzuk ezarri behar direla, iparraldearekin alderatuta…», esplikatu du Zozaiak.

Enborra, euskara hutsez

Maiatzaren 25ean, Europako Parlamenturako hauteskundeak. Aurreko egunetako giroak gai horien inguruan hausnarketak egiteko aukera handirik eskainiko ez duenez, «Europaren gainean dugun ezagutza eta hausnarketa gabezia ase nahiko genuke martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran. Gainera, jardunaldien enborra euskara hutsezkoa izateko apustua egin dugu, berritzaile eta dinamikoak izatea nahi dugun mahai-inguru biren bidez».

«Euskaraz egin nahi izan dugu, normalean horrelako gaien inguruan lehenengo gazteleraz egiten delako, eta gero, norbaiti okurritzen bazaio, euskaraz egiten du saio bat, baina ia inoiz ez dugu lehenengo erreferentzia euskaraz egiten», esplikatu digu antolatzaileak. «Alde horretatik, ekarpentxoa egin nahi genuen. Hamaika telebistarekin elkarlanean ari gara, mahai-inguruen formatua egokitzen. Normalean, ponenteak sekulako txapa botatzeko joera izaten da, eta gero, mikrofonoa zabaldu eta eztabaida hasten denean, beti beren buruaz seguru dauden esku-hartzaileak egoten dira, asko dakitenak, eta horiek eztabaidan sartzen dira, baina gehiengoa ez. Askotan, debatea bospasei lagunen artekoa izaten da. Bestelako metodoren bat nahi genuen: lehen zatian, ponentziak azaltzeko hamabost-hogei minutuko ohiko formatu horri eutsiko diogu, baina gero, bigarren eta hirugarren zatietan, eztabaida telebistan egongo bagina bezala moderatuko dugu. Moderatzaileak funtzio garrantzitsua izango du, debatea dinamizatzeko eta ponenteei arintasuna eskatzeko orduan. Zer edo zer erakargarriagoa bilatu nahi dugu, ikusleentzat dinamikoagoa izango den zerbait. Gaiak iritzi gehiagorekin osatzeko aukera ere zabaldu nahi dugu».

Europa, munduan

Unai Brea “Argia” astekariko kazetaria izango da gaurko mahai-inguruko moderatzailea. Bigarrenean, Hamaika telebistako Nagore Uriarte. “Europa, erronka?” jardunaldiak joan den ostegunean hasi ziren, Iñaki Gil de San Vicentek gaztelaniaz emandako hitzaldiarekin: “Europako lurralde esparruaren bilakaera, kapitalaren mesedetan”.

«Europa munduko jokalekuan kokatu nahiko genuke; termino globaletan, inperialistetan», diote antolatzaileek. «Zer adierazi nahi duzue, Europa termino inperialistetan baino ezin dela ulertu?». Hona hemen Zozaiaren erantzuna: «Europari alde askotatik begiratu ahal zaio. Guk munduko eragile nagusien ikuspegi horretatik begiratzea aukeratu dugu, potentzia nagusi bezala aztertu, baina ez hori bakarrik, Europak kulturalki munduan izan duen rol hegemonikoa, kolonizatzailea… ere aztertu nahi dugu. Mundua, Txina, AEBak, Latinoamerika, Ekialdea, Ekialde Hurbila… Egungo saltsa horretan Europa zer den azaltzea da helburua. Hori litzateke lehen mahai-inguruaren ardatza».

Europar Batasunaren ibilbidea, Ekialdetik deika ari den aktualitatea eta aurrera begirako estrategia ekonomiko eta politikoa argitu nahiko lituzkete GITEko kideek. Horrekin batera, «Latinoamerikatik heltzen zaizkigun integrazio eredu berriak aurrez aurre jarri nahi ditugu». Irakurleak askotan entzungo zuen egungo Europar Batasuna Estatuen Europa dela, ez herrien Europa. Eta egoera hori ez da aldatu azken urteotan. «Estatuen Europa esan duzu. Kontuan hartu behar da Europar Batasuna sortzeko motibazioa ekonomiatik etorri zela, bere jatorria Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa?izan zela. Jardunaldiek helburu formatiboa ere badutenez, bide hori argiago ikustea nahiko genuke, bilakaera zein izan den azaldu eta nora doan aurreikusi», esan du Zozaiak.

Merkelek buruan duena

Estrategia ekonomikoa eta politikoa argitzea oso helburu anbiziosoa dela dirudi. «Oso konplexua da gaia, baina Troikak Europarako dituen planen inguruko hurbilpen bat egin daiteke. Zergatik ari dira Grezian, Italian, Portugalen, Irlandan… horrelako neurriak hartzen? Zer-nolako Europa marrazten ari dira? Non jarri nahi dute Europa? Zer dago Merkelen eta beste agintarien buruetan?».

Latinoamerika ere aipatzen dute antolatzaileek prentsa-oharrean. Zergatik? «Abiatu ginenean, elementu honek protagonismo handiagoa zuen; bertatik norbait ekarri nahi genuen. Izan ere, Europaren bateratze prozesua logika ekonomikoak gidatzen du, eta badirudi herrialdeen arteko harremanak termino horretakoak bakarrik izan daitezkeela, horiek ezagutzen ditugulako. Aldiz, Latinoamerikan, beste integrazio eredu batzuk ari dira pisua hartzen: ALBA, Mercosur… Herrialdeen arteko harreman espazio ezberdinak dira horiek, Europan ez dauden espazioak; ez dira kapitalaren logikaren araberako integrazioak, baizik eta herrialde bakoitzaren burujabetzatik egiten direnak. Bestelako Europa bat diseinatzea ere posible dela azaldu nahi genuen Latinoamerikako integrazio ereduak aztertuta. Beste harreman ekonomiko batzuk garatzea posible dela, alegia».