Joxean Agirre
Interview
MARGARITA MARTIN, XABIER USABIAGA, ELENA LOPEZ AGIRRE eta JUANJO OLAIZOLA

Entziklopedia ibiltariak, gai batean aditu izatea pasioz bizi dutenak

Gai batean adituak asko dira. Unibertsitateak eta ikerketa lekuak beteta daude. Baina gutxiago dira arlo batean asko dakitelarik, komunikatzeko pasioa dutenak. Horiek txundituta uzten bagaituzte, ez da asko dakitelako bakarrik, dakitena adierazteko duten erraztasunagatik baizik. Entziklopedia ibiltari modukoak dira eta beti daude irekita, beti daude emateko prest.

XABIER USABIAGA
XABIER USABIAGA

Oso talde gutxi geratuko ziren euskal rockaren edo poparen historian Elena Lopez Aguirreren liburuetatik kanpo eta, horretara jarrita, talde bakoitzeko kideen atarramenduaz ere hitz egiteko gai da, hala eskatzen badiozu.

Galdetu Juanjo Olaizola Azpeitiko Trenbidearen Museoko zuzendari ohiari erortzeko zorian dagoen zure herriko tren geltokiaren historiari buruz eta berehala kontatuko dizkizu xehetasun guztiz jakingarriak.

Eskatu Xabier Usabiaga ETBko “Gaur egun”eko aurkezle, “Eztabaida” programaren gidari eta txirrindularitzan adituari une honetan korritzen ari diren edozein itzulitan azkena doan txirrindulariari buruzko zertzeladaren bat eta ziurtasun harrigarriz mintzatuko zaizu.

Joan zaitez Margarita Martin Aemetek Donostian duen arduradunarengana eta galdetu iezaiozu zu jaio zinen egunean zer eguraldi egin zuen eta aterako du arrastoren bat. Igogailuan denok hitz egiten dugu eguraldiari buruz auzokoarekin, beste gairik ez dugunean, baina emakume honek bezala oso gutxik.

Baina nola iritsi ziren jakituria hori pilatzera? Nola antolatzen dute informazioa? Zer jende mota etortzen zaie kontsultak egitera? Horiek eta beste hainbat galdera egin diezkiegu.

MARGARITA MARTIN: «Umetan astronauta izan nahi nuen eta eguratsean geratu naiz»

Margarita Martin Aemet-ek Donostian duen egoitzako arduradun eta meteorologo ezagunaren bizitza ibiltaria izan da zinez. Andorran bizi zirela, ama doktore tesia irakurtzera joan zen Madrilera. Bere zuzendaria Zaragozako unibertsitatekoa zenez, harekin itzuli zen bueltan. Hiri horretan haur-minekin hasi eta bertan jaio zen alaba zaharrena, Margarita. Geroztik, batetik bestera ibili da. Zazpi ikastetxetan egin zituen ikasketak, 26 etxetan bizi izan da. Ama nafarra da, Kortesekoa, eta herrialde horretako populazioari buruz egin zuen hark bere doktore tesia.

Zergatik joan ziren zure gurasoak Andorrara?
Aitak oso gutxi irabazten zuen hemen, ez baitzegoen lanik ezkondu zirenean. Mila eta bostehun pezeta irabazten zituen hemen eta Andorran sei mila. Eta, gainera, familiakoak bisitatzera itzultzen ziren bakoitzean, etxeko tresnak ekartzen omen zituzten eta horiek salduz ere dirua ateratzen zuten. Irratiak, telebistak, kafe makinak... Aitonak hartzen zituen enkarguak eta aitak ekartzen zizkien gauza horiek auzokoei. Amak, gu izan eta gero, instituturako katedra atera zuen eta orduan hasi zen gure bizimodu ibiltaria, penintsulan barrena, behin-behineko destinoak ematen baitzizkioten. Hogeita sei etxe aldaketa egin ditut nik bizitzan. Aitak Zuzenbidea ikasi zuen, baina arrazoi politikoak medio, ez zuen inoiz katedrarik eskuratu eta  irakasle soila izan zen. 50eko hamarkadan, ezer gutxi egin zitekeen unibertsitatean, onespen politikorik ezean.

Zer ikasketa egin zenituen?
Ni umea nintzela, gizona ilargira iristen ikusi nuen eta astronauta izatea erabaki nuen, baina beheraxeago geratu naiz, eguratsa aztertzen. Umetan, Verneren lanak irakurtzen nituelako edo, esploratzaile izan nahi nuela esan nion amari, baina honek planeta hau nahikoa esploratuta zegoela esan zidan eta ez nuen espaziora joatea beste biderik ikusten. Astronauta izateko ingeniaritza edo fisika ikasi behar zela esan zidaten eta horrela egin nituen Fisika Teorikoko ikasketak. Hamahiru urterekin hartu nuen erabakia. Madrilen hasi eta Bartzelonako Autonomoan bukatu nituen.

Nolatan Bartzelonan?
Ikasketak erdizka nituela ezkondu nintzen, 76an, 18 urterekin (adingabea nintzela, 21ean baitzegoen muga), soldaduska egitera Bartzelonara joan behar zuen mutil batekin. Nik Figuereseko akanpalekuan denda bat alokatu eta han eman nuen uda osoa, bera arratsaldero bisita egitera etortzen baitzitzaidan, lehen hiru hilabeteetan. Liman Frank-en “Hoz-eko magoa” liburua hortxe itzuli nuen ingelesetik, diru pixka bat ateratzeko. Arellano argitaletxeak atera zuen. 77ko udaz ari gara, urtetan egin duen udarik txarrenaz. Gauero, denda barrutik ura atera behar izaten nuen. Gero ere goizetan lan eginez atera nituen aurrera ikasketak.

Nola eman zenuen meteorologiarako jauzia?
Andorran ikasitako katalana erabat ahazturik nuen Bartzelonara joan nintzenerako. eta Kortesetik ezagutzen nuen Valtierrako neska batekin egin nuen topo han. Hark esan zidan zein asignatura ematen zituzten gazteleraz eta horietako bat Airearen Fisika zen. Irakasleak azken urtea zuela, gazteleraz ematen zuela eta denok gaindituko genuela esan zidan. Eta asignatura hori ikasten hasi orduko, umetan astronautak ilargian ikusi nitueneko pasio bera sentitu nuen. Ikasketen azken urtean aurkitu nuen nire bidea. Urte horretan, 78an, sortu zen Meteorologi Institutua ere, aurrekoa, meteorologi zerbitzua, militarren esku baitzegoen. Ikasketak bukatzen zituzten gehienak AEBetara joaten ziren ikertzen jarraitzera, baina nik neskato bat nuen ordurako eta oposizioak egin nituen. 23 urterekin gainditu nituen azterketak, baina ez nuen 84ra arte lanean hasterik izan. 83an Bilbon gertatu ziren uholdeen ondoren, zerbitzua berritzea erabaki zuten eta lanean hasi nintzen.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?
Nire lehen destinoa Zaragoza izan zen. Hara iritsi eta ordenagailu bat zegoen han, estalkia kendu ere egin gabe, inork ez baitzekien ezer informatikaz. Ordenagailu horrekin hasi nintzen klimari buruzko datuak sartzen. Zaragozako behategiak Pirinioen zati handi bat hartzen du bere esku eta izotzei buruzko ikerketak egiten hasi nintzen, Aragoiko zenbait lekutan zeropetik 28 gradu egitera iristen baita. 1956ko jelatean, -32 °C egitera iritsi omen zen eta termometroak apurtu zirela kontatzen zuten. Ni harrituta geratu eta ikertzen hasi nintzen. Egia esan behar bada, Aragoiko tarte termikoak ikusgarriak dira, erabat muturrekoak. Gure amaren herrian, Kortesen (Nafarroa bada ere, Zaragozako behategiak zeraman kontrola) -25 °C egiten zuen neguan eta 44 °C udan. Erriberako pertsona batek 70 graduko aldaketa termikoak jasan behar ditu. Hori izugarria da. Edozer gauza jasateko prestatuta daude bertakoak.

Zenbat urte egin zenituen Zaragozan?
Boladak eman nituen, beste arrazoi batzuen artean,  aitonak han etxe bat zuelako. Aitona Ebroko azukre fabrika bateko administraria izan zen. Fabrika horien historia ere bitxia da, Alemaniako judu batzuk, sozialista utopikoak, Erriberara etorri ziren ihesi, XX. mende hasieran, bertan gizarte txiki eta aske bat sortzeko asmoarekin. Ekonomatoak, elizak, denetik zuten fabrika horien inguruan. Aitonak etxea ere bazuen, baina jubilatu zenean, utzi egin behar izan zuen eta gurekin bizitzera etorri zen Zaragozara. “Ebro Compañía de Azúcares y Alcoholes” zen enpresaren izena eta Kortesen, Gallegon eta beste zenbait lekutan zituen eraikinak.

Noiz iritsi zinen Donostiara?
2002ko abuztuaren 25ean. Egun hori garrantzitsua da meteorologian, euri kopuru izugarriak eman zituelako. Hona iritsi eta izututa geratu nintzen hemengo etxeen alokairuekin. Oso garbi ikusi nuen nire soldatarekin ezingo nintzela hemen bizi, hiru seme-alaba nituelako nirekin. Donibane-Lohizunera joan nintzen bizitzera eta han jarraitzen dut. Mugaz gaineko pertsona naiz, baina mugaren bi aldeetan egin ditut adiskideak. Beste batzuek Hendaia edo Donibane-Lohizune lo egiteko bakarrik erabiltzen dute eta Irunen egiten dute bizimodua.

Zergatik dago hain modan meteorologia komunikabideetan?
Hasieran harritu egiten nintzen telebistetan ematen dituzten hogei minutuko emanaldi horiekin. Neu ere aspertu egiten naute. Baina berehala ohartu nintzen kalekume batek izadiarekin duen harreman bakarra dela eguraldiarena. Ni neu herritik kanpo bizi naiz, baratzea eta guzti, baina jendea espazio oso artifizialetan bizi denez, behar du harreman hori izadiarekin, birtuala besterik ez bada ere. Meteorologia izadiarekin lotzen dituen zilbor-hestea da. Herri txikietan bizi den jendeak ez ditu telebistako emanaldi luze horiek ikusten

 

XABIER USABIAGA: «Ni txirrindularitzaren datu-basea egiten hasi nintzenean, ez zegoen ezer»

Bihotzeko patologia txiki batek behartu zuen 24 urte zituela txirrindularitza profesionala utzi, entrenatzaile ikasketak egin eta komunikabideetan lanean hastera. Informatika ikastaro batean ezagutu zuen aplikazio bati esker hasi zen txirrindularitzaren datu-basea lantzen, artean inon egiten ez zenean. Aitzindari izan zen arlo horretan. Xabier Usabiagaren haurtzaroan badira, dena den, txirrindularitzara bideratu zuten bizpahiru gertakari: aitarekin lan egiten zuen auzokide bat, Jesus Mari Larrarte, ziklo-krosean ibiltzen zen eta hura ikusita sartu zitzaion txirrindularitzarako grina, hamar-hamaika bat urterekin. Baina ordurako, errepideko bizikleta txiki batekin Andazarratera igota zegoen. «Etxean bagenuen osaba mutilzahar bat, osaba Paulo, gurasoek erosten ez zizkiguten gauzak erosten zizkiguna eta, sei urte nituela, karrerako bizikleta txiki bat oparitu zidan, Matxain dendan erosia, hiru pinoikoa. Asteasu herri apustularia da eta edonork galdetzen zidan ‘igoko al haiz Andazarratera hanka lurrera bota gabe?’ eta igo nuen, Emporium markako bizikleta gorri harekin. Orduan ez zegoen gaurko trafikorik. Aitak, dena den, eskuinetik joateko agintzen zigun eta oso umeak izango ginen, galdetzen baitzigun ‘zein da eskuina?’ badaezpada». Adin horretan bertan, beste osaba batek, osaba Juan Kruzek, kulotea eta Bic taldeko elastikoa oparitu zizkion. «Anquetilen taldea zen hori eta gerora jakin nuen Jose Migel Etxabarri ere talde horretan ibili zela», gogoratu du Usabiagak. Bic-eko elastikoa jantzita, ez da harritzekoa Xabier Usabiaga mutikoa amets egiten hasi eta 13 urterekin Villabonako Txirrindulari Eskolan izena eman izana.


Villabonako eskolan ikasi izanak zer esan nahi du, aro berriko txirrindularia izan zarela?

Eskolan hasi eta bizpahiru urtera, Euskadiko Federazioa sortu eta horrek ekarri zuen berrikuntza. Jaime Ugartek sortu zuen eta lana fundamentu handiz egin zuen. Euskadiko Selekzioa sortu zuen ondoren eta kontzentrazioak eta atzerrirako irtenaldiak egiten hasi ginen. Kontzentrazio horietan, Anton Gorrotxategi, Eduardo Escobar eta garai hartan Hezkuntza Fisikoa egindako beste zenbait formazio teorikoa ematen hasi ziren. Errendimenduarekin zerikusia zuten alderdiak lantzen hasi ziren, horrek sekulako ikusmina piztu zidan eta entrenamenduak ikuspegi berri batekin egiten hasi nintzen. Hamasei bat urte nituenerako, txirrindularitzaren ikuspegi berriarekin ari nintzen lanean, institutuan batxilergoa egiten ari nintzen bitartean.

Oso gainetik eman beharko diogu begirada gazteen mailan egin zenuen ibilbideari.
Ondo ibili nintzela esatea nahikoa da, beste hainbat kide ibili zen moduan. Afizionatutan lau urte eman eta gero egin nuen profesionaletara jauzia. Nik 18 urte nituela, aita hil egin zen eta hori mugarri bat izan da nire bizitzan. Bost anai-arrebetan zaharra nintzen eta ikasten jarraitzeko aukera utzi eta txirrindularitzan buru-belarri sartzea erabaki nuen, nahiz eta inolako ziurtasunik ez izan. Kaikuko arduradunek soldata txiki bat agindu zidaten, profesionaletan bukatzeko aukera handiak nituela esan zidaten eta talderen bat nigatik galdezka ibili zela ere esan zidaten. Hemezortzi urterekin, apustu hori egin nuen eta 22 urterekin pasatu nintzen profesionaletara. Ordurako, txapel batzuk banituen, itzuli batzuk irabazita ere bai eta talde on batekin fitxatu nuen, baldintza onetan. Clas Cajastur taldean, bi urte eman nituen. Rominger, Etxabe eta Gaston zebiltzan taldean, esate baterako. Bi urte horietan, ez nintzen ibili teorian ibili behar nuen mailan. Taldea desegin egin zen eta Euskaltelera pasatu nintzen. Korritzen hasi aurretik, entrenatzen nenbilela bihotzeko arazo bat aurkitu zidaten. Madrilen hilabete eman ondoren, ezin nuela jarraitu esan zidaten,  intentsitate handian lan eginez gero, takikardia txiki batzuk sortzen zitzaizkidalako. Zortzi ordu kirofanoan igaro eta ezin izan zuten antzeman nondik zetorkidan arazoa, ez baita bihotzeko giharren arazoa, nerbio batena baizik. Konpondu zuten, baina takikardia oso laburrak zirenez, ez zuten iturria aurkitzerik lortu. Geroztik bizimodu normala eraman dut, kirola ere egiten dut, baina taupada kopuruaren muga jakin bat igaro gabe.

Bizitzarako zenituen asmoak erabat aldatzea ekarriko zuen horrek.
Nire ametsa lortu eta bidea egiten hastera nindoanean gertatu zen hori. Ez nuen erabakitzeko denbora askorik izan. Otsaila Madrilen eman nuen ospitalean, martxoa nora ezean igaro nuen, baina apirilean Tito Irazustak deitu zidan Herri Irratitik, Euskal Herriko Itzulia beraiekin egingo al nuen galdezka. Orduantxe jarri ziren modan komentaristak edo iritzi-emaileak. Egia da Euskadi Irratian aurretik, afizionatua nintzela, Espainiako Itzuliko etapa batzuk komentatzera eramaten nindutela eta Herri Irratian ere kolaboratu izan nuela.

Horrek esan nahi du komunikatzeko gaitasuna lehendik bazenuela.
Ez nintzen konturatzen, ez nintzen jakitun. Gerora ohartu naiz horretaz. Herri Irratian gazteleraz eta Euskadi Irratian euskaraz egiten nuen eta bietan moldatzen nintzen. Niretzat ezustekoa izan zen Herri Irratiarekin Euskal Herriko Itzulia amaitu eta hainbat eskaintza jasotzea, Herri Irratiaren beraren eta Radio País Vasco-ko Manolo Fraileren aldetik, baita Euskadi Irratiaren aldetik ere. Hiru eskaintza izan nituen eta, euskaraz nahiago nuelako, Euskadi Irratia aukeratu nuen. Aldi berean, entrenatzaile eta zuzendari tituluak atera nituen, Madrilen. Informatikako ikastaro bat egiten ari nintzela, datu-base bat egiteko oso erabilgarria izan zitekeen aplikazio bat ezagutu nuen. Nik betidanik nuen ohitura ziklisten emaitzak jarraitzeko eta buruan datu asko nituen, baina ez komunikabide batean lan egiteak eskatzen zuen zorroztasunarekin erabiltzeko adina. Orduan, Internet ere ez zegoen edo ez zegoen zabalduta. 95eko kontuak dira hauek. Nire kabuz hasi nintzen, aplikazio hori baliatuz, ziklista bakoitzaren datuak sartzen. Programak datuak gurutzatzeko aukerak ere ematen ditu. Komentaristak emaitza asko izaten ditu buruan, baina askotan usteko kontuekin jardun behar izaten du. Programa honek kontsultak egiteko bideak errazten ditu. Aplikazio berarekin jarraitu dut ondoko urteetan, egokitzapenak egin badizkiot ere. Une batean, ETBk nire datu-base hori ikusi zuen eta Tourrari jarraipena egiteko antzeko bat eratu zuen.

Aitzindaria izan zinen, beraz, datu-basearen erabileran.

Garai hartan ez zegoen txirrindularitzari buruzko datu-baserik. Gerora, noski, azken hamar urteotan, multinazionalek ere ekarri dituzte antzeko aplikazioak eta zabaldu egin dira, baina ni hasi nintzenean ez zegoen ezer, horretan seguru nago. Nire informatikako irakaslea ere saiatu zen Interneten bila eta ez zuen ezer topatu. Orain gutxi, ETBk berak bere web orrian jarri du nire datu-basea.

Zer informazio eskaintzen du datu-baseak?
Ziklista bakoitzaren fitxategia dago eta karrera bakoitzeko emaitzak. Ordenagailuari galdetzen diozu ziklista jakin bat lehen hamarren artean zenbat aldiz geratu zen eta erantzuna emango dizu, adibide bat jartzearren.

Zer iturri erabili zenituen datu-basea egiten hasteko?
Ez zegoen ezertxo ere informatizaturik. Belgikan, txirrindularitzaren inguruko urtekari famatu bat ateratzen zuen kazetari batek. Nik urtekari horietako bat ikusi nuen eta, egun batean, autoa hartuta bertara joatea erabaki nuen. Banekien kazetari hori nongoa zen eta jendeari galdetuz bere etxera iritsi nintzen. Txirrindulari profesionala izan berria nintzenez, urtekari horietan agertzen nintzen eta horrek erraztu zizkidan gauzak. Hamabost bat liburu erosi eta horien hustuketa egin nuen. Dena den, karrera baten komentarioak egiten ari naizenean, memoriak funtzionatzen du gehienbat: karrera asko ikusten ditut, txirrindularitzaz asko irakurtzen dut eta hori da bat-batekoan gehien erabiltzen dudana. Ordenagailuak zehaztasuna ematen dit, baina ezin dut bat-batekoan pantaila bati begira hitz egin.

Biharamuneko etapa baten aurreikuspenak egiten hasi eta ziurtasun handiarekin hitz egiten duzu askotan. Hain erraza al da zer gertatuko den asmatzea?
Ez da erraza, baina begira, etapa gogorra bada, zaila da hogei ziklista baino gehiago protagonista izatea. Tropeleko ziklista bakoitzaren asmoak eta ahalmenak ezagutuz gero, eta une horretan maila eta ibilbidearen ezaugarriak kontuan izanda, ez da hain zaila gutxi gorabehera protagonista zein izango diren asmatzea. Ustekabekoak txirrindulari gazteek ematen dituzte. Gaur, ziklistei buruzko informazio asko dugu eta karrerak norbere begiz ikustea hori bezain garrantzitsua da. Guri eskatzen zaiguna ez da, gainera, beti asmatzea, iritzi propio eta sendoak izatea baizik.

Gaur, EITBn zer eginkizun dituzu?

Eguerdiko albistegia aurkeztea eta asteburuetan telebistak ematen dituen karrerak komentatzea dira nire lan nagusiak. Baina egunero jarraitzen dut txirrindularitza, onerako edo txarrerako hau pasioa delako eta ezingo nukeelako utzi. Ez nuke hau esan beharko, baina eguna honetan ematen dut, albistegia baino gertuagotik jarraitzen dut txirrindularitza. Nire pasioa txirrindularitza da, baina komunikabideetako erronkak gustatzen zaizkit eta ostegunetan eztabaida saio bat gidatzen ari naiz orain.

ELENA LOPEZ AGIRRE: «Potato taldeak urte batzuekin harrapatu ninduen, bost urteko ume bat nuen»

Amaren gaixotasuna eta heriotza tartean zirela elkarrizketatu behar izan dugu Elena Lopez Aguirre, Potato taldeko gitarra-jotzaile izana eta euskal rockaren inguruan lauzpabost liburu argitaratutakoa. Amaren familia euskal jatorrikoa du. Birraitona Madrilera joan zen lanera eta Toledo kalean burdindegi bat ireki zuen. «Arrasateko sarrailagile famatuen oinordekoa zen», dio Elenak. Aitaren aldetik Andaluzia eta Gaztelako jatorria du. «Ama egunotan hil zaigu. Umetatik, musika maitatzen erakutsi zigun. Zortzi anai-arreba gara eta Gabon gauean familian egiten genituen kantaldiak ez ditut inoiz ahaztuko», esan du.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
1980an etorri nintzen Gasteizera, Pedro Espinosa nire bikotekide eta gidariari jarraituz. Biok Informazio Zientzietan lizentziatu ginen. Titulu hori izen luzekoa bezain etorkizun laburrekoa zen orduan ere. Pedrok eta biok oso tandem sortzailea osatu dugu, baina oso beroak gara eta haserretzeraino eztabaidatu ohi dugu. Musika izan zen gure lotura nagusia, baina guretzat musika ez zen artea bakarrik, mundua narratzeko bitarteko ere bazen, kazetaritza egiteko esparru bat, jende berezia ezagutzeko aukera bat. Gauza handiak egiteko gai zen jendea ezagutu genuen: artistak, sortzaileak, ideologoak. Gasteizera iritsi eta giro horretan murgiltzeko aukera izan nuen: margolan borobilak egiten zituzten margolariak, komikigile jatorrak, Frank Zapparekin maitemindutako kazetariak, euskara irakasleak, aktore independenteak, idazle postmodernoak, kontzejal parrandazaleak, heroinarekin kezkatuta zebiltzan sendagileak, zinema zuzendari rockeroak, amildegiaren ertzean bizi ziren jonkiak, ideia oso onak zituzten langabetuak ezagutu genituen eta horien berri ematen saiatu ginen ‘Bat, bi. Hiru’ izeneko “Egin” egunkariko gehigarrian. Pablo Cabeza zen gehigarriaren burua, euskal rockak izan duen kronistarik onena eta saiatuena. Egun batean, Pedro ideia berri batekin etorri zen eta Potato taldea sortu genuen.

Zer izan zen Potato zuretzat?

Giroa behetik begiratu eta kontatu ordez, agertokira igo eta kontatzea. Pedrok taldea mezuak  helarazteko erabili nahi zuen, lokarturik zegoen jendea esnatzeko, kontzientziak pizteko.  Oso tipo ausarta da eta bere kontrapuntua aurkitu zuen, Juantxo Boriko. Juantxo zerbait handia egiteko jaio zen, baina giroak ez zion lagundu. Dena den, kanta izugarri batzuk utzi zituen: “Babilonia” edo  “Rub-a-dub reggae”, esaterako. Saharako hegoaldetik etorritako baten ahotsa zen eta agertokiko argigunetik hitz egiten zigun. Hori zen gure katarsi lekua, gure leku sakratua, hortik ateratzen genuen ekintzarako indarra eta adorea. Potatoko urteak gazi-gozoak izan ziren niretzat. Urte gehiegi nituen ordurako, bost urteko ume bat nuen. Porru gutxiago erre beharko nituen, baina zer arraio! Nire ekarpena egin nion taldeari, moldaketak egin nizkion , esate baterako, “La clase obrera”  kantari, nire kanta kutun bat aipatzearren. Nik profesionala izan nahi nuen, saiatu ginen eta lortu genuen aldi batez musikatik bizitzea, baina sekulako indarrak xahutu behar izan genituen. 1988an, Potato utzi nuenean, “Bat, bi. Hiru”n zentratu nintzen buru-belarri. Gero, “Egin”eko “Araban zehar” orrialdean aritu nintzen.

Garai horretan hasi zinen euskal rockaren historia landu eta liburuak argitaratzen.

“Hertzainak: la confesión radical” izan zen lehena. Liburu horrekin estreinatu genuen Aianai argitaletxea. Pedroren ideia izan zen hori ere eta nik atzetik jarraitu nion. Niri beti atzelari gisa jokatzea egokitu zait, baina ez dit axola, zortzi senidetatik seigarrena naiz eta ohituta nago. Inoiz ez naiz lehen lerroan jartzen, baina horrek ez du esan nahi ez naizenik buru-belarri sartzen. Gu Hertzainak taldearen jarraitzaile itsuak izan ginen eta taldeari buruzko liburu bat idaztea kazetaritzaren eta musikaren arteko uztarketa hori muturreraino eramateko modu bat izan zen. 

«Del txistu a la telecaster. Crónica del rock vasco» izan zen zure bigarren liburua.
Oso lan pertsonala izan zen eta harro nago, hutsune asko dituen historia bada ere. Ondoren, 1998an, “Potato reggae banda: la utopía de una Euskadi Tropikal” kaleratu zen. Ez zuen oihartzun handirik izan. Gozatu eta sufritu egin nuen idazten, istorio txar eta on asko gogoratu behar izan bainituen. Garai horretan, eleberri historiko bat ere idatzi nuen, Mendebaldeko Saharari buruzkoa, 8 urtetik 17ra bitartean han bizitakoa bainaiz. Eta segidan, “Edozein herriko jaixetan” idatzi nuen, euskal rockaren historiari buruzko lan mardula. Heldutasun kutsu handiagoko lana da, pixka bat hantustekoa; kontu argitze bat ere bada. Ondo pasatu nuen gaia ikertu, datuak bilatu, materiala sailkatu eta txukuntzen. Aurkezpenak egiten oso gaizki pasatu nuen eta kultur ekitaldi horietan ateratako dirua Aianai Kultur Elkartean sartu nuen. 2006an, Juan Borikó hil zen eta geroztik elkarte honek Johnny Bruskoren Memoriala egiten du. Bertako reggaea bultzatzea da gure helburua eta, bidenabar, 80ko lagun taldea biltzeko baliatzen dugu, baita ondorengo belaunaldiekin elkartzeko ere, gu aitona-amona bihurturik baikaude eta esaldia modu hertsian ulertu behar da.

Zuen seme-alabak musikazaleak atera al dira?
Gure bi alabak musikazaleak dira. Mariak etxetik alde egin zuenean, “40 principales”en soinua faltan botatzen hasi nintzen, goizean jaiki eta ateratzen zen arte irratsaio hori piztuta izaten baitzuen. Dantza gustatzen zaio, larunbatero egin du dantza, diskoteka eta tabernetan. La Oreja de Van Gogh eta Alex Ubago berarekin entzun ditut. Sarak kontserbatorioan egin ditu ikasketak eta musikarako dohain izugarriak ditu. Egunez eta gauez entzuten du musika. Berarekin, Gatibu entzun izan dut, “Zoramena zara” bolumena toperaino igota entzuten genuen autoan.

Azken 30 urteotan, rock edo berbena talderen bat geratuko al zen zure liburuetatik kanpo?
Bai, seguru eta horrek min ematen dit. Urte gutxi barru, azken liburuaren edizio digital bat egitea gustatuko litzaidake, hutsune horiek betetzen joateko. Ez nuke esango euskal rockaren historia denik, hori baino zabalagoa baita hartzen duen esparrua. Eta liburutik kanpo gauza asko geratu dira. Oraindik gogoan dut zer pena sentitu nuen Osesek esan zidanean: “Elena, alboka ez duzu aipatu ere egin”. Garai hartan, ez zitzaidan alboka gustatzen eta ahaztu egingo nuen. Tito Aldamaren omenez hilerrira joan eta alboka entzun nuenean hasi nintzen instrumentu hori baloratzen.

Posible al da horrelako lan erraldoi bat pasiorik gabe egitea?
Gaia pasioarekin bizi ez badugu, zaila izango da horrelako lan bat egitea.

Nola antolatzen duzu dokumentazioa? Arxibo horiek oraindik gordeta al dituzu?
Dokumentazioa paperean eta ordenagailuko karpetetan gordetzen da, leku seguruetan badaezpada, kanpoko disko gogorretan eta pen drive-etan. Edozein modutan ere, “Edozein herriko jaixetan” liburuan ez dago informazio esklusiborik. Ez nuen elkarrizketak egiten hasi nahi izan, hala egin izan banu, liburuaren orri kopurua hirukoiztu egin beharko bainuen. Taldeak, izenak, datak sistematizatzea da liburuaren helburua eta informazioaren zati handi bat sarean dago. Nik ordenatu egin nuen.

Ez al zara memoriaz fidatzen?
Nire memoria ez da fidatzekoa. Horregatik, idatzi egin behar izaten dut.

JUANJO OLAIZOLA: «18 urterekin, piper egiten nuen, Donostiako tranbia konpainiaren artxibora joateko»

1965ean jaio zen eta, umea zela, aita Logroñora joan zen lanera eta geltokiaren pare-parean jarri ziren bizitzen. Hamaika urte bete arte bizi izan ziren han. Euskal Herriko tren guztiak argindarrarekin bazebiltzan ere, Logroñokoak lurrunezkoak ziren eta Juanjo umeari sekulako inpresioa egiten zioten. «Berandura arte ibili ziren martxan lurrunezko trenak. Renfek tren horientarako biltegi bat zuen Nafarroan, Kastejonen, eta 1975eko apirilaren 1ean itxi zuten», dio, urtearen berri emateaz gainera egun zehatza ematea gustatzen baitzaio. «Tren horiek Kastejondik Mirandarainoko bidea egiten zuten eta Logroñotik igarotzen ziren. Umearen begietatik begiratuta, lurruna botatzen duten metalezko munstro horiek ikusgarriak dira».

Hogeita bi urte zituela, 1989an, euskal tren eta trenbideen katalogazioa egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzak. Handik urte gutxira hasi zen Azpeitiko Trenbidearen Museoaren proiektua bultzatzen eta 1994an zabaldu zuten erakustoki hori. Bertako zuzendari izan zen, 2012an kargutik kendu zuten arte. Erabakiaren aurkako protestak egin zituzten eta epaitegiek arrazoi eman diote. Lanera itzuli zen, baina kargua berreskuratzeko aukera oraindik epaileen esku dago.

Trenarekiko lilura horrek markatu zintuen.
BBB egiten ari nintzela, 18 urterekin, piper egiten nuen, Donostiako Tranbia Konpainiaren artxibora ikertzera joateko. Hain zuzen ere, nire doktorego tesia Donostiako tranbiei buruz egin nuen eta gaztetan bildutako informazio zenbait nire lanerako erabili nituen.

Museoan jendea zuri aho zabalik entzuten ikusi izan dut. Nola lortzen da jendearen jakin-mina piztea?
Gaiari buruz jakitea oso garrantzitsua da jendearen jakin-mina pizteko, baina hori bezain garrantzitsua da gaiarekiko pasioa, egiten dugun horretan bihotza jartzea. Gai bati buruz asko badakigu, proselitismoa egiteko joera izaten dugu. Hori gertatzen da futbol zaleekin ere. Nire kasuan, gainera, ez da historia kontatzea bakarrik, uste baitut trenak garraiobide bezala etorkizun handia duela, ez dela museoan gorde beharreko bitarteko hutsa. Abantaila handiak ditu eta defendatu egin behar dudala iruditzen zait.

Zuk trenaren historiaz berrogei bat lan argitaratu dituzu. Non daukazu horiek egiteko erabili duzun dokumentazioa?

Museoan bertan. Etxean liburuak izan ditzaket, baina dokumentazioa museoan gordetzen dut. Donostiako Tranbiari buruzko tesia egin nuenean, dokumentazioaren zati bat zaborretatik berreskuratu nuen. Horiek etxean gorde nituen, baina museoa martxan jarri orduko, hara eraman nituen. Interesa duten guztien esku egoteko leku egoki bakarra museoa da.


Zer-nolako kontsultak iristen zaizkizu? Zer-nolako jendeak jotzen du zuregana?

Norbanakoak eta elkarteak izaten dira informazio bila datozenak. Beren herritik igarotzen zen trenari buruzko datuak nahi dituzte edo norbaiten aitona trenbideetako langilea izan zela-eta aztarnaren bat nahi dute edo herrian geltokia zutik dute oraindik eta hura jaso zuen arkitektoaren berri izan nahi dute. Eta gero, trena maite duen jendea dago. Bilbon, Donostian, Irunen elkarteak daude, Azpeitian Museoaren inguruan badago beste bat, baita Iparraldean ere.  Ez gara asko, baina elkar ezagutzen dugu eta mugitzen gara.

Zein da Euskal Herriko trenik zaharrena?
1855ean Baionara iritsi zen trena. Hori da Euskal Herriko lehena. Ondoren, Renfeko Madril-Irun eta Bilbo-Tutera etorri ziren, baina 1882an hasi zen, Bizkaian, gaur Eusko Tren gisa ezagutzen dugun bide estuko trenbidea.

Zer iritzi duzu abiadura handiko trenari buruz?

Gai konplexua da. Trenaren etorkizuna ez dago abiadura handian bakarrik, baina ezinbestekoa da trenbide sare berri bat eraikitzea, bide luzeak egiteko eta Europara zama eramateko balioko duena. Trenaren autopista horiek egiteak ez du esan nahi bidaia laburrak egiteko tren konbentzionalak baztertu behar direnik. Horren adibide dira Bilboko Metroa, Gasteizko Tranbia edo Donostia aldeko Topoa. Baina bide luzeak ezin ditugu 60 kilometroko abiadurarekin egin, sare berri bat eraiki behar da. Trenak etorkizunik ez zuen hamarkada batean hasi nintzen lanean, 80ko hamarkadan. Hogei urtean, tranbiak hirietara itzuli dira eta tren azpiegitura berriak eraikitzen ari gara.

Jarraitzen duzu Azpeititik Lasaora lurrun makina gidatzen?
Aste Santutan hasiko naiz berriro.


Bertako trenak interesatzen zaizkizu batez ere?
Nik Euskal Herriko trenak aztertu ditut gehienbat, baina Estatu espainiarrekoen historia ere ezagutzen dut, neurri batean lotuta daudelako. Gainera, beste aldi batez Valentzian ere bizi izan ginen eta neure herri gisa sentitzen dut hura ere.

Trena askotan erabiliko zenuen bidaiatzeko orduan.
Asko gustatzen zait trenean ibiltzea. Madrilera egunean bertan joan-etorria egiteko ere trena hartu ohi dut, Iruñera trenean joan ondoren. Oporretan ere, Portugal, Italia, Frantzia, Suitza edo Alemania zeharkatzeko, trena erabili ohi dut. Transiberianoan ez naiz ibili, baina ez da gogo faltagatik, poltsikoak ez didalako ematen baizik. Behin, emaztearekin Kanariar Uharteetara joan nintzen eta abstinentzia sindromearekin egon nintzen.

Tren bat bereziki kutuna egiten zaizuna?

Asko ditut kutunak, baina bat aipatzekotan, Erroblakoa aipatuko nuke. Europako bide estuko tren luzeena da, zoragarria. Paisaia aldetik, Bizkaiko industrigune nagusia eta Palentzia eta Leongo lautada eta mendiak zeharkatzen ditu.