Kattalin Miner
koadernoa

«España is different»

Akordatzen naiz, nire lagun min batek 15 urte ingururekin lehen aldiz Andaluzia ezagutu ostean nola kontatzen zidan ez zuela tutik ulertu bidaia hartan. Musu ematen ziotela une oro, sentimenduak behin eta berriz azaleratzen zituztela «inongo beharrik gabe», eta elkarri maite zutela esaten ziotela edozein unetan.


Egun, barre egiten dugu hura oroitzen, Espainiak sorrarazten zigun arroztasun sentsazioak halako label kontenitu bat azaleratuko baligu bezala. Eta egun, hegoalderantz abiatzen garen bakoitzean, oraindik halakoak etortzen zaizkigu burura.


Baina anekdotak anekdota, euskaldunoi sarri kosta izan zaigu Espainia ulertzea. Espainiak egiten dituenak ulertzea. Txikienean jarrita, inkognita kulturala edo kosmobisio kontua izan ohi da sarri, baina, egiatan hasita, argi dugu botere kontua ere izan ohi dela.


Ez dugu Espainiako Erreinua ulertzen. Aste honetan, aurreikuspen guztien kontra, berrogei gorputz (gehi inguruko zientoka) berriro arnasten hasteko hautua hartu dute Erreinuko lege-morroi boteretsuek. Behin hain kastigatutako berrogeiak jada ez direla kastigagarriak esan digute. Eta era berean, beste gorputz bat itzaleratu dute, inkomunikazio sistema krudelenean. Eta halakoetan, Andaluziatik etorri berri zen lagun hark bezala topatzen dut nire burua, zerbait ulertu nahian.
«Okerrenerako prest gaudelako espero dugu onena» zioen hark, eta hala soilik uler ditzakegu hainbat gauza agian. Eta entenditzen ez badugu ere, inork ez digu eragotziko xanpain eta gin-tonic brindisekin ederki ulertzen dugun gure alaitasuna ospatzen.
Agure zahar horrek, bestalde, kakaztutako koroa errelebatu nahi du. Eta hori entenditzen dugun arren, ez dugu ulertzen, agian, zergatik orain eta horrela. Nola egiten dioten amen-amen sozialistoek (nahiz hori ulertzen ikasi dugun). Baina, hemen ere, «allá cuidaus!», arrazoiak arrazoi, guk geurea, ulertzen dugun horri eutsi eta aurrera! Cuadrak esan bezala, ez baitugu trukatutako karta jokoan jokatu nahi. Joko maltzur, sadiko, perbertso eta ankerra aspaldi ezagutzen dugulako.


Ez dakit akaso errepublikarik inoiz izango dugun, baina gu gara geure jokoaren erreginak. Divagoak izaten hasi behar gara, gu geurera, dantzara, alegriara, aldebakartasunak balio dezala aldebakar zoriontsuak eraiki, eta gurea koloreztatzeko.


Ez dugu entenditzen akaso, gu geu erretratatzen gaituztenean, zortzi abizen euskaldunen atzean dagoena hori dela nola uste duten. Ez dugu ulertzen, txiza eutsi ezinik zinema aretoak bete dituen Espainia (eta Euskal Herriko zati handi) hori. Ez dugu ulertzen gatazkaren grazia (hori), eta, gainera, ez digute inoiz utziko gure umorez barrez lehertzen.


Eta artean, hainbeste erreakzionario, hainbeste fatxerio, hainbeste PP eta PSOE, hainbeste polizia, hainbeste togadun sakralizatu, hainbeste lapur errege, hainbeste fanatismo futbolistiko, hainbeste arrazakeria, hainbeste kateto boteredun, hainbeste, katxondeo.


Lagun honekin gure film propioa egin nahi genuen, gure espainiarren ezulertua azaltzeko. Pelikula propio bat, ulertzen ez ditugun horiek guztiak azaltzeko. Baina ez dugu hainbeste energiarik xahutu behar horretan, jada ez da gure kontua. Zanpatzen gaituen harria bere horretan ari da higatzen, eta guk asko dugu eraikitzeko, pozteko eta dantzatzeko.


Atzo agian itotzen gintuzten, gaur agian ere bai, eta ez dugu ez barkatu ez ahazteko asmorik. Baina ez gaitezen entenditzen saiatu, eta goza dezagun ulertzen dugun une efimero hau. Bihar dena baitugu berriz irabazteko. •