Amalur Artola
Interview
Mireia Delgado
Bilgune Feministako kidea

«Zaila da zure larruan sentitzen duzun hori eraikitako zerbait dela onartzea; eta, sexualitatearekin, hori gertatzen da»

Mireia Delgado
Mireia Delgado

Bilgune Feministak aurkeztu berri duen “Sexualitatearen eztabaida” txostenaren egikaritzean buru belarri sartuta ibili denetariko bat da Mireia Delgado. Txostenak emakumeek sexualitatea nola bizi duten aztertzeko zenbait oinarri jartzen ditu mahaiaren gainean eta, horiek abiapuntu gisa hartuta, “sexualitatea” hitzaren atzean dauden adiera eta esanahi anitzak identifikatzea du helburu. Eskuratu nahi duen orok sarean du irakurgai 17 orrialdeko hausnarketa (http://issuu.com/ehbfeminista/docs/sexualitate_txostena_bfeminista), eta, Bilgune Feministatik, txostena irakurri, gaia sozializatu eta eztabaidatzeko gonbita luzatzen dute. Delgadok txostenaren zentzua eta norabidea ulertzeko zenbait gako eman dizkigu.

Has gaitezen hasieratik. Zergatik osatu duzue sexualitatearen gaineko txostena?
Txostenaren beharra gaia eztabaidatzeko beharretik dator. Askok sexualitateaz dagoeneko hitz egiten dela esango dute; noski hitz egiten dela eta medioetan dagoela, baina... zer ikuspegitik lantzen da? Feminista gisa, gai honi benetan daukan lekua eman behar zitzaiola ikusten genuen, sexualitatea bakoitzaren bizipenak, gogoa, desirak eta abar delako, baina, aldi berean, sexualitatea politikoa ere badelako: gure iruditegia, zer den guretzat erotiko edo erakargarri, oso lotua dago testuinguru soziopolitikoarekin, interes zehatz batzuekin eta abar. Orduan, sexualitateaz hitz egiteak zentzu zabalagoa hartzen du.

Hain zuzen, txostena sexualitatea ere eraikitako zerbait dela baieztatuz abiatzen duzue.
Hori da. Ez baita mundutik isolatuta dagoen zerbait; momentu eta leku zehatz batean nagusi diren balioekin oso lotua dagoen elementua da, eta, beraz, denborak aurrera egin ahala aldatzen doan zerbait da. Hala, momentu jakin batean sistemari interesatzen zaion forma har dezake, eta, gainera, sistemak oso ondo egiten du hori, oso moldagarria da. Orduan, unean interesatzen zaion eredu hori barruraino sartzen zaigu, sexualitatea gure barnean ematen den zerbait delako, eta neurri batean ez gara konturatzen zer punturaino den kanpoko indarrek baldintzatutako zerbait. Guk zerbait natural eta gurea bezala bizi dugu sexualitatea, gure-gurea sentitzen dugu nor gustuko izan, norekin ligatu, nola egin eta era horretako hautuak.

Zeintzuk izango lirateke nagusi den sexualitate eredu horren ezaugarriak?
Oso lotua dago sistema kapitalista eta patriarkalarekin. Kontuan hartu behar dugu heterosexualitatea ez dela aukera bat soilik; zentralitatea hartzen duen elementua ere bada, sistemak hala behar duelako. Ugalkor diren gorputzak behar ditu eta horretarako behar duen eredua bikote heterosexualetan oinarritzen da. Ez hori bakarrik: etxe berean bizi behar dute eta hor egin euren bizimodua.

Orduan, ugalketa litzateke sistemaren oinarri eta helburua?
Bai, hala da. Eta sexualitatea abiapuntu horretatik ulertu behar dugu: sexualtzat hartzen diren praktikak ugalketarekin lotuta daudenak dira. Harreman heterosexualetan kondoia erabiltzen dela eta horrek ugalketa eteten duela? Bai, egia da. Baina koitoa era berean, ugaltzera bagindoaz bezala, praktikatzen jarraitzen dugu. Hau da, koitoa da zentralitate nagusia duen praktika, eta baita sexualena ere. Horretaz jabetzeko gazteekin hitz egitea besterik ez dago, eurek oso erraz identifikatzen dutelako muga hori, adibidez, «baina... pasa zen zerbait edo ez?» galdetzen dutenean. Horrek argi erakusten du sexualitateak mailak dituela eta koitoa dela praktika gorena. Beste dena, mailakatze horretan, beheraka doa; koitoa kondoiarekin praktikatzea, koitorik gabeko praktikak, bikotetik kanpokoak...

Ugalketa bada helburu, mailakatze horretan non geratzen dira praktika homosexualak?
Patriarkatuak berregituratzeko gaitasun handia du. Orain, badirudi lesbianismoa onartu beharreko praktika dela, baina begiratu beharko genuke lesbianen arteko ze harreman baimentzen ditugun eta zeintzuk ez. Ontzat ematen ditugunak heteroarauaren barruan ematen diren lesbianen arteko harremanak dira, hau da, bi pertsonakoak, harremanak euren artean bakarrik dituztenak, ahal bada etorkizunean seme-alabak izateko asmoa dutenak... Arau hori betetzen duten lesbianen bizitzak errazago onartzen ditugu arau horretatik kanpo dabiltzanenak baino. Hori da egun dagoen tranpa.

Oro har, konturatzen gara tranpa horretaz?
Ez dut uste. Oso barneratuta ditugun gauzak dira eta asko kostatzen zaigu guk naturaltzat ditugun horiek horren natural ez direla ohartzea. Zaila da zure larruan sentitzen duzun hori eraikitako zerbait dela onartzea. Adibidez, nik norbait gustuko badut, “nik” dut gustuko, nire barnean gertatzen den zerbait da eta inork edo ezerk horretan eragin dezakeela edota hautu hori baldintzatua dagoela onartzea ez da erraza izaten.

Onartzea zaila izanik, nola ulertarazi eraikitako zerbait dela?
Ba hori ere ez da batere erraza izaten... [barreak]. Adibidez, askotan galdetzen dugu honakoa: «Nola konturatu zinen lesbiana zinela?». Guri auzi interesgarria iruditzen zaigu, eta, horregatik, Bilgune Feministan askotan komentatu dugu kontrako galdera ere sustatu beharra dagoela. Hau da: «Nola bihurtu zinen heterosexual?». Oso ariketa interesgarria da den-dena zu heterosexual izateko antolatua dagoela konturatzeko.

Jaiotzen garen unetik bertatik?
Nik jaio baino arinago ere ematen dela esango nuke, baina bai. Rolak modu jakin batera egokitzen dira, neskak eta mutilak sortzen ditugu eta ume horiengan espektatiba zehatz batzuk ezartzen ditugu; neska bada batzuk, eta mutila bada beste batzuk. Eta guk eredu horiek elikatzen ditugu, adibidez, «nor gustatzen zaizu?» edo «nor da zure nobioa?» galdetzen dugunean. Horrekin haurrarengan desira bat proiektatzen ari gara, eta, agian, umeak oraindik ere nobioa zer den ez dakien arren, gu mundu horretan sozializatzen gabiltza. Eta, noski, heterosexualitatean.
Nerabeak direnean, jada neska edo mutil izate hori egonkortuta dutenean, neskei mutilak eta mutilei neskak gustatzen zaizkiela sartzen diegu buruan, baina ez edonolakoak: hor edertasun ereduak agertzen dira. Garaiak markatzen duen tendentziaren arabera, zuretzat ederra zer den finkatzen dizute. Nerabezaroan, markatuta dago zeintzuk diren arrakasta duten neskak eta mutilak. Hori dena pilatzen joaten gara, informazio hori motxilan sartzen eta natural bezala bizitzen.
Nerabezaroan jasotzen da heziketa sexual edo afektibo-sexuala; eskolaz kanpoko gaia denez, baina, astebetez edo egoera oso berezietan lantzen da. Oso “progre” direnen kasuan, agian ekainaren 28an [Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna] zerbait egiten dute, eta kito.

Egunerokoan txertatu beharko litzatekeela uste duzu, beraz?
Hori da. Bestela, ibilbide hori uztea oso zaila egiten zaigun unera iristen gara. Gure buruari galdetu beharko genioke zer mezu jaso ditugun, zer irudi, gurasoentzat zer zen “ederra” eta zer ezaugarri zituzten “eder” ziren horiek, gure amak zer-nolako pelikulak ikusten zituen... Hori guztia transmititu egiten da, egunean zehar oso subliminalak diren milaka mezu jasotzen ditugu, eta horrela goaz horiez elikatzen, horiekin modelatzen.

Eta zer gertatzen da bide horretatik irteten denarekin?
Zigorra jasotzen duela. Eta zigorrak daude adin eta egoera guztietarako: aukeratu nahi duzuna eta esango dizut zigorren bat.

Nerabezaroa, adibidez.
Nerabezaroan, arauak apurtzen dituenari ez dela nahikoa neska edo mutil esango diote, adibidez, «hori ez da mutilena» markatuz. Nesken kasuan, nire ustez gogorrena “puta” deitua izateko beldurra da. Gainera, etiketa hori ezartzea ez du praktika zehatz batek ekartzen; gauza askorengatik jaso dezakezu “puta” etiketa, betiere zigor bezala ulertuta. Txikiagoak direnen kasuan, berehala birkokatzen ditugu «hori ez da horrela» esanez. Eta nagusiagoak garenean, 50 urte inguruan adibidez, bikote finkoa ez izatea edo, izanda ere, bakarrik bizitzea hautatzen duena ere zigortzen dugu: «Noiz jokatuko duzu pertsona helduek bezala?». Zure aukera ez dela zuzena errepikatzen dizute.

Berdin zigortzen ote dira emakumeak eta gizonak...
Ez, noski. Gizartean zerbait kontrolatzen bada emakumearen asexualitatea da eta, beraz, zigor hauek askoz zurrun eta gogorragoak dira emakumeentzat: emakume baten arau-haustea askoz grabeagoa da beti. Gorputz ugalkorrak ulertzeko dugun erak badu eraginik honetan.

Txostenean bertan, emakume desiratuez eta desiratzen duten gizonez ari zarete.
Bai, horretan hezi gaituzte-eta. Nerabezarora bueltatuz, emakumeok hor ikasten dugu nola sortu desioa besteengan. Eta kito. Hori da sexualitate kontuetan gure ekintza momentua. Inportantea da hau guztia eraikia dela konturatzea, hain zuzen ere, eraikia dena deseraiki daitekeelako, berreraiki, berriro sortu, asmatu... Desirarekin jolas dezakegu, desira hori proiektatu eta gureganatzeko proiektutxoak sortuz, adibidez. Erresistentzia leku ezberdinetatik etor daiteke, eta bat hori da: beste rol bat joka dezakegula konturatzea.

Beraz, korapiloak askatzera gonbidatzen duzue jendea. Ez dirudi eginkizun erraza...
Ez da erraza, ez. Gorpuztua daukagu eta zaila da betidanik era batera ulertu ditugun gauzekin apurtzea.

Horretarako eztabaida, lanketa... Zer proposatzen duzue?
Txostena irakurtzea. Sexualitateaz asko idatzi da, bibliografia mordoa dago, baina “Facebook aro” honetan titularrak irakurtzen ditugu eta sakontzeko sekulako ahalegina egin behar izaten dugu. Horretara dator txostena: gauza interesgarrienen bilketa bat da, baina gure eskemara ekarrita eta gure beharrei egokituta. Eta, gainera, euskaraz. Plana da txostena tresna moduan erabiltzea; irakurtzea eta eztabaidatzea.

Ze ibilbide izango du?
Egia esan jada badu ibilbide bat, lan eta hausnarketa kolektibo baten emaitza baita. Txostenak Euskal Herriko Bilgune Feministaren uneko hausnarketa biltzen du. Herrietara iritsi, talde ezberdinek eskuartean hartu eta mugimendu feministaren diskurtsoa osatzeko gogoa sortzea nahi dugu. Haritik tira, denbora bat utzi eta ea zer gertatzen den.

Hausnarketa osatzeko «sexualitate askea» bera birdefinitzeko beharra plazaratzen duzue.
“Askea” oso kontzeptu abstraktua da; gauza asko dira, eta ezer ez. Guk askotan idatzi dugu “sexualitate askea” eta errebindikatzen jarraituko dugu, baina zer esan nahi dugun jakinda. Eta hori denon artean erabakiko dugu. Eraldaketa etorriko da taldea gai bada, norbanakotik taldera eta taldetik norbanakora doan bi noranzkoko bide horretan, hausnartu eta bere errealitatetik abiatuta zenbait galderari erantzuteko: «Nik nola jokatzen dut hemen? Ze eskema ditut? Nola ordena dezaket hau beste era batera?». Eta hausnarketa hori bakoitzak bere eredu, aukera eta gogoetetatik egin behar du, bakoitzak dituelako bereak.

Zure eredua, nire eredua... «Sexualitateak» diozue. Pluralean.
Bai, justu horregatik: zuretzat balio duenak ez du zertan niretzat baleko izan. Ezin dugu esan sexualitatea bat bakarra denik, anitza da eta aniztasun horretatik landu behar dugu.

Zergatik irakurri behar dugu txostena?
Askotan eskatzen digute sexualitatearen gaineko tailerrak, hitzaldiak eta abar emateko eta horrek erakusten du interesa badagoela, jendeak honi buruz hitz egiteko, pentsatzeko eta eztabaidatzeko gogoa duela. Uste dugu abiapuntu bezala oso interesgarria dela txostena irakurri eta eztabaidatzea, norbere prozesua izan dadin eta... ze arraio: irakurri behar dugulako! Sexualitatea ez da txiripaz hautatu dugun gaia, emakumeen eskubideekin estuki lotua dago eta Bilgune Feministan apustu hau egin badugu zerbaitegatik da: eraldaketa nahi badugu ezinbestean jarri behar dugu hau mahaiaren gainean, bestela hankamotz geratuko gara. Eta ez dut uste inork hori gura duenik.

Eskuartean duzue heteroarauaz ari den beste proiektu bat ere: atzo bertan aurkeztutako «Arrakala. Zirrikitu bat haitzean». Dokumentala eta aldi berean tresna kutxa da, ezta?
“Arrakala” hausnarketarako tresna oso polita da, erraz ikusteko modukoa eta jendearen esperientzietatik abiatzen dena. Dokumentalean ezagun zaizkigun pertsonen ahotsak entzun eta esperientzia horietan gure bizipen propioak edota gertuko zaizkigun pertsonenak ikusiko ditugu. Eztabaida eta hausnarketa sortzeko asmoz egindako proiektua da, bertan azaltzen dena ez delako dogma bat; esperientziak, iritziak, sentipenak dira, horregatik da horren berezia. Uste dut merezi duela dokumentala ikusteak, aberasgarria izango dela norbere gela horretan sartzea. Gehiago nahi duenak www.arrakala.net helbidean du aukera.