amalur.artola@gaur8.info
AURRERA ATERA

Elkarri eskua luzatuz txakur, gazte zein adinekoek amildegiari bizkar ematea bideratzen duen proiektua

Proiektu mamitsua du eskuartean Aurrera Atera elkarteak. Txakurrak adopzioan hartu eta, gizarte bazterketa jasateko arriskua duten gazteen laguntzaz, animaliok hezi eta bakarrik bizi diren adinekoei edota dependentzia mailaren bat dutenei laguntzeko erronka hartu dute. Apal, bidea egin ahal izateko laguntza oro ongietorria izango dela diote.

AURRERA ATERA
AURRERA ATERA

Ez da erraza txakurtegietan dauden txakurrak, gizarteratze zentroetan dauden gazteak eta bakarrik bizi diren adineko pertsonak bateratzen dituen proiektuekin topo egitea, baina horrek ez du esan nahi ez daudenik. Aurrera Atera elkarteak badu bat eskuartean: txakurtegietatik maitasuna eman eta hartzeko beharrean dauden txakurrak adopzioan hartu eta, gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden gazteen laguntzaz, adineko pertsonei laguntza eskaintzeko hezteko asmoa dute. Gero, adin txikiko horiek izango dira, txakurraren laguntzaz, adineko pertsonei euren egunerokotasunean laguntza eta konpainia eskainiko dietenak. Zer lortzen den horren bidez? Animalia horiei bigarren aukera bat ematea, maitatuak eta baliagarriak senti daitezen bideratuz; gazteak ardurak hartzeko gaitasunean trebatzea, bide batez gizartearentzat onuragarriak diren ekintzak burutuz eta autoestimuan irabaziz; eta adineko pertsonen autonomia maila hobetu eta bakardadean bizi daitezen ekiditea. Baita, bigarren maila batean, adinekoen zaintza lanetan aritzen direnek, astean bi orduz bada ere, arnasa hartu eta euren zereginetatik aldentzeko aukera izatea ere.

Helburu mardul horren atzean daude Aurrera Atera elkartea sortu zuten hiru pertsonak eta eurekin batera lanean aritzen diren hainbat boluntario. Elkarteak orain urtebete ikusi zuen argia (www.facebook.com/aurreratera), bide oso ezberdinetatik zetozen hiru lagunek elkar ezagutu zutenean. Saioa Arrizabalaga tximeleta azala duen bere seme Markeli Antxoa laguntza-txakurrak egiten dion onuraz jabetuta hasi zen bidea ikertzen. Maria Rodriguez gizarte hezitzailea da eta betidanik txakurrengatik izan duen pasioak eraman zuen gai honen gainean Madrilen egiten ari zen mintegi batera. Bertan ezagutu zuen Johnny Delgado, Kataluniatik mintegi berean parte hartzera heldu zena. «Orain lau urte izan zen hori. Pertsonen erreskaterako jardunaldi horietan Johnnyk eta bere txakur Ginak egiten zutena ikusi nuen eta nik ere bide hori jorratu behar nuela erabaki nuen. Handik urte batzuetara ezagutu nuen Saioa eta bere semeak asistentzia-txakurra zuela aipatu zidan, bizitza goitik behera aldatu ziola Antxoak», azaldu du Mariak. Orduko hartan Saioa Bocalanen zebilen, asistentzia-txakurrak hezten dituen elkartean, eta hark antolatutako terapia ikastaro batean egin zuten topo hirurek. «Argi ikusi genuen zerbait egin behar genuela», azaldu du Johnnyk. Hala sortu zuten, orain urtebete, Aurrera Atera irabazi asmorik gabeko elkartea.

Zelanda Goikoa baserria

Legazpi eta Oñati arteko bidean dute egoitza, Mirandaolatik gora egiten duen bidea hartuta dagoen Zelanda Goikoa baserrian. Auzolanean egokitu dute baserria, bertan bat egiten duten animaliek behar guztiak aseta izan ditzaten. Txakurrez gainera astoak, txerri vietnamdarrak, untxiak eta beste hainbat animalia ere badituzte eta horiek ere erabiltzen dituzte terapiarako. «Eta baserri bat duen boluntario bat ere badugu, inork aukera zabaldu nahi izanez gero hara joaten gara oiloak, ahateak, antzarak... eta abar baititu», nabarmendu du Mariak berak.

Aurrera Atera irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, batez ere txakurrekin baina orokorrean animaliekin lan egiten duena. Oinarrian animalien heziketa lantzen dute baina denetariko proiektuak dituzte eskuartean; epe luzera begira, adibidez, baserria interpretazio zentro bilakatu nahiko lukete, jendeak terapia eta asistentzia mailan animalia hauek zenbaterainoko balioa izan dezaketen ikus dezaten, eta aisialdi ekintzak ere antolatu nahi dituzte, «animaliekiko harremana indartu eta hartu-eman hori naturalagoa izan dadin», nabarmendu du Mariak.

Batez ere txakurrekin aritzen badira ere, pazientzia lagun hartuta, edozein animalia hezi daitekeela uste dute Aurrera Aterako kideek. «Pertsonak bezalaxe, berdin-berdin! Ni, esaterako, txerriari txakurrei erakusten dizkiegun hainbat gauza irakasten ari naiz, eta baita, poliki bada ere, astoari ere», dio Johnnyk, irribarretsu.

«Bizi izan duguna bizita ere, pertsonak eta animaliak, denak izan gaitezke heziak. Txakurtegi edota babeslekuetatik hartutako animalien edota tratu txarrak jasan dituztenen bizitzak, pazientzia eta maitasuna emanez gero, asko hobe daitezkeela uste dugu», azaldu du Mariak, esan horrek pertsonentzat eta animalientzat berdin balio duela nabarmenduz.

Animaliek lagundutako terapia

Aurrera Ateran ez dituzte asistentzia-txakurrak hezten. Hau da, txakurrak hezi ostean ez dizkiete dependentzia mailaren bat duten pertsonei entregatzen: hezitako txakur horiek animaliek lagundutako terapiak egiteko baliatzen dituzte. Hori da euren indargune nagusia.

Elkarteko kideek terapia saioak euren egoitzan bertan garatu nahiko lituzketela diote, baina elkartearen gaztetasuna –iazko udan jarri zuten martxan– eta erabiltzaileen ezaugarriak tarteko –ezintasunen edota mugikortasun arazoren bat dutenekin eta adineko pertsonekin aritzen dira asko–, momentuz beraiek dira zentroz zentro euren zerbitzuak eskaintzen aritzen direnak. Hala ere, dagoeneko Zelanda Goikoa baserrian «pare bat bisitaldi» jaso dituztela-eta oso pozik azaldu dira Maria eta Johnny. «Down sindromea duten Atzegiko zazpi kide etorri ziren, adibidez. Txerriei jaten eman zieten, astoa eskuilatu zuten eta zaldian bueltaxka bat egin zuten. Eta pozarren abiatu ziren etxera», agertu du Mariak.

Gainerakoan, batetik bestera aritzen dira, baina, martxan daramaten urtebete eskasean, hiru zentrorekin akordioak sinatzea lotu dute: Uliazpiko Zubillaga Doktorea Zentroa (Bergara), Garaguneren Goienetxe Zentroa (Eibar) eta Santa Barbara Eguneko Zentroa (Urretxu). Horietan terapia saio ezberdinak egiten dituzte, betiere parte hartuko duten pertsonen beharrak eta zentroak eskuartean dituen helburuak aintzat hartuta. Aurrekontuak ere markatzen ditu mugak, baina ez omen da agintzen duena: «Apur bat denetik egiten dugu. Pertsonen beharrak asetzeko zentro bakoitzak duen aurrekontuarekin jokatu behar izaten dugu, baina, normalean, guk, elkarte bezala, beharrezkoaren %50 jartzen dugu , eta, behar izanez gero, txakur eta gidari bat gehiago edo dena delakoa lortzen ditugu, 200 euro falta direlako ez garelako erabiltzaile guztiengana iritsi gabe geratuko. Gure asmoa ez da aberastea; eskaintzen dizkiguten baliabideen arabera zer egin dezakegun ikusten dugu eta, behar gehiago badaude, horiek ahal bezala estaltzen ahalegintzen gara».

Aurrekontua beharrak nola edo ahala estaltzeko moldatzen duten bezala, terapia ere aurrean dituzten pertsonen beharretara egokitzen dute. «Lehen Hezkuntzako haurrekin birziklatze tailerrak egin izan ditugu, baina normalean behar bereziak dituzten pertsonekin aritzen gara, eta, tailerra berbera bada ere, egokitu egiten dugu. Pertsona bakoitzak duelako bere egoera eta prozesua. Garuneko paralisia edota ezgaitasun intelektuala duten pertsonekin lanean ari zarenean ohartzen zara pertsona bakoitzaren egoera oso ezberdina dela; batek ezin du hitz egin, besteak ezin du ibili, hurrenak gaitasun intelektualak bere horretan ditu... eta, orduan, ariketa berbera bakoitzaren beharretara egokitzen duzu», azaldu du Mariak.

Plangintza antolatzeko behaketa ezinbestekoa dela diote, eta, hala, batetik zentroetan dituzten profilak, eta, bestetik, lehen saioan egiten duten analisia erabiltzen dituzte gerora saio bakoitzak izango dituen helburuak markatzeko. Txakurrekin lehen kontaktua nolakoa den ere aztertzen dute. «Eskuilak, pilotak... era guztietako materiala jartzen dugu euren eskura, zer gertatzen den ikusteko. Batzuetan ikaragarri gustatzen zaie txakurrei jaten ematea eta hori, adibidez, errefortzu bikaina da bientzat: pertsonak txakurrarekin elkarreragiten du eta txakurrak egindako lanagatik saria jasotzen du», azaldu du Johnnyk.

Nagusiki motrizitatea eta soziabilitatea lantzeko jolasak egiten dituzte. «Jauziak, uztaiak, saskiak, pilotak... zirkuitu ezberdinak antolatzen ditugu eta pertsona bakoitzak bere erara egiten ditu; agian lehendabizi txakurrak egiten du, eta, nola egin duen ikusita, pertsonak egiten du gero, edo biek batera, edo pertsonak esaten dio txakurrari nora joan eta zer egin behar duen. Koloreekin ere jolasten dugu: txakurrek koloredun petoak dituzte, eta, guk, bakoitzari dagozkion koloreko jostailu eta saskiak jartzen ditugu. Erabiltzaileek kolore guztiak harremandu eta txakur zehatz batek kolore bereko jostailuak dagozkion saskian sartzea lortu behar du», azaldu du Mariak.

Huskeria badirudi ere, halako jolas eta dinamiken bidez asko aurrera daitekeela ziurtatzen dute bi hezitzaileek. Horregatik dela garrantzitsua zentro bakoitzeko logopeda, psikologo eta gainerako espezialistekin harremanetan jarri eta euren irizpide eta helburuei begirako saioak antolatzea. «Ez dugu zerbait independentea egiten, ez lukeelako zentzurik izango. Animaliak estimulu positibo bat dira, eta, estimulu horrek irekitzen duen atea baliatuz, helburuak lantzen ahalegintzen gara», ziurtatu du Mariak, eta ate ireki horretatik barneratuz asko aurrera daitekeela azaldu du. «Adibidez, badugu Rett sindromea duen neskato bat, eskuak beti elkar lotuta dituena. Fisioterapeutak lasaitasuna eta abar lantzen ditu, eta guk gauza bera egin dugu txakurrarekin: eskua gora eta behera ibiltzen da, azkenean lasaitu eta txakurra laztantzen hasten den arte. Orduan, pentsu alea sartzen diogu esku ahurrean eta txakurra etengabe haren bila ibiltzen da, harik eta haurrak eskua zabaldu eta pentsu alea eman diezaiola lortzen duen arte». Johnnyk jarraitu du: «Txakurrak badaki hori egin behar duela, hor jarri diogula saria. Etengabe bilatu eta bilatu ibiltzen da, eta haurrak eskua zabaltzen duenean bi eskuen artean geratzen da. Nahiz eta haurrak besoak itxi, txakurra erdian geratzen da. Hala, une batez bada ere, neskatoak eskuak askatzen ditu».

Gauza bat dute argi Aurrera Atera elkartekoek: «Maiz, errazagoa da pertsonengana hitzekin baino animalien bidez iristea». Bestelako komunikazio hori baliatzen dute euren terapietarako.

Hitzik gabe, epaitu gabe

«Eurek ez dute hitzik erabiltzen, ez dute epaitzen», azaldu du Mariak, «ez diote ezberdina denari guk diogun beldur hori izaten. Kale adibidez [Mariaren txakurra, terapia saio hauetarako hezi duena] gurpildun aulki bat ikusten duenean kasu egitera joaten da, berarentzat errefortzu positiboa delako. Berdin dio lerdea dariola dagoen, eta ez da erreakzioaren beldur izaten. Eta, agurra jaso duen pertsona, pozarren geratzen da normalean», nabarmendu du. Terapia saio batean gertatutakoa ere aipatu dute: «Zentroetan gabiltzanean zaintzaileak bertan egoten dira. Badugu askotan erdi lo egoten den mutiko bat eta atzo zaintzailea ‘bota iezaiozu pilota! bota!’ esanez ari zitzaion. Une batez uzteko eskatu genion. Mutilak pilota ikusi zuen, eta, hiru segundora, hartu eta, oihu eginez eta poz algaraka, txakurrari bota zion. Txakurrek itxaron egiten dute, bost minutuz bere aurrean eserita pilota noiz botako egon behar badute, egon egingo dira. Harik eta pertsonak erreakzionatu eta botatzen dion arte», kontatu du Johnnyk. «Pilota sinple batekin, erabiltzaileak begiratu, pentsatu, hartu eta botatzeko gaitasuna bereganatu badu, irudikatu zer gehiago lor daitekeen. Baita autoestimuan ere: ezjakintasuna tarteko, pertsona gutxi dira ezagutu gabe haur hauei musu ematera ausartzen direnak. Eta txakur hauek bi aldiz pentsatu gabe gainera igo eta musuka hasten zaizkie. Ez dakite zer den diskriminazioa, ez dute pertsonok dugun harresi hori», nabarmendu du Mariak.

Eguna hormari begira ematetik «txakurrak noiz datoz?» galdetzera igaro diren adinekoak, denari ezetz esatetik txakurrak eskuilatu nahi izatera iritsi diren haurrak, txakurrak ikusi orduko korrika ihes egitetik laztantzera pasa direnak... Martxan daramaten urte eskasean aurrerapen nabariak ikusi dituztela baieztatzen dute. «Ni integratzaile soziala naiz eta nire esku eta buruarekin soilik ez nuen hori lortuko, nire txakurraren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Nola elkarreragiten duten euren artean, ikaragarria da», dio Mariak.

Tanttaka lagunduz

Laguntza ematen jarraitu ahal izateko laguntza behar dute orain Aurrera Aterako kideek. Laguntza ekonomikoa. Horregatik jarri dute abian Tanttaka Lagunduz crowdfunding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina (goteo.org/project/tanttaka-lagunduz). «Jendeak ezagutzen du gure proiektua eta askok galdetu digute ea zertan har dezaketen parte, nola lagun dezaketen... baina guri asko kostatzen zaigu dirua eskatzea», aitortu du, umil, Johnnyk. Horregatik erabaki zuten crowdfunding kanpaina abiatzea. «Ibaiondo adin txikikoen gizarteratze zentroarekin harreman handia dugu eta aspaldi genuen buruan proiektu hau abian jartzea. Txakurtegi edota babeslekuetako txakurrak adopzioan hartu eta, zentro horretako gazteen laguntzaz hezi ostean, adineko pertsonei laguntza eskainiko zaie. Hor txakurrek izan duten bizitzarekin jolasten dugu; ziurrenik ez da bizimodu ona izan eta agian tratu txarrak jasan dituzte. Gazteen kasua agian ez da berdina, baina nolabait identifikatuak senti daitezke txakur horiekin eta autoestimua, jabetzea, ardura eta beste hainbat faktore landu daitezke biekin batera».

Proiektuan Ibaiondoko bost-zazpi gaztek hartuko dute parte eta Aurrera Aterako kideek hamar txakur hautatuko dituzte, «zenbaiten kasuan heziketa zaila izan daitekeelako edo posible delako txakur horiek adineko jendearekin aritzeko aproposenak ez direla ohartzea». Elkarteko zazpi boluntariok ere hartuko dute parte proiektuan, gazteei txakurrak hezten irakatsi eta laguntzeko; lehendabizi oinarrizko aginduak (eseri, etzan, egon geldi, eman eskua...) eta gero beharren araberako ariketak.

Txakurrak hezteko unean askotariko egoerak ematen direla kontatu du Mariak: «Oihuka ari diren haurrak, petardoak, tronpetak, erori eta txakurrari oina zapaltzen dion haur bat… Agian krudel xamarra da, baina Kale txikia zenean belarriak ukitu eta behatza barruraino sartzen nion, errefortzu positiboa ematearekin batera. Eta, azkenean, txakurra ez da kexatzen hori eginez gero. Haurrei txakurren isatsean, oinetako kuxinetan eta tripaz gora jarri eta sabelaldean aritzea gustatzen zaie, esploratzea, normalean ikusten ez dituzten zatiak ikustea. Eta txakurrei horri aurre egiten erakutsi egin behar zaie», ziurtatu du.

Behin heziketa jaso eta txakurrak laguntzara bideratzeko prest daudela ebatzita, proiektuan parte hartu nahi duten eta dependentzia mailaren bat duten adineko pertsonekin jarriko dira harremanetan. «Gurutze Gorrian egiten dituzten laguntza tipikoak dira, baina txakurrarekin. Medikura joan behar badu, boluntarioa eta txakurra bere bila joango dira etxera eta pertsona hori beste era batera irtengo da etxetik. Kalera atera daitezen ere lortzen da, askori kosta egiten zaielako eta txakurrarekin motibazio estra hori dute», azaldu du Johnnyk. Adinekoez gainera, proiektuaren bigarren parte honetan gazteek gizartearen aldeko lanak egitea ere lortzen da: «Batzuek ordu sozialak dituzte betetzeko, eta hau eurentzat aukera bat izan daiteke. Aukera ona gainera, adineko bati laguntzen eta txakur bat hezten ari direlako aldi berean. Hori ikaragarri onuragarria da».

Familiekin ere akordatu dira. «Saioa ezagutzen dugu, badakigu zaintzaile askok ezin duela beretzat ordubete behar duela esan eta dena utzita alde egin. Gu dependentzia duen pertsonaren kargu egingo gara eta une atsegin bat pasaraziko diogu, zaintzailea atseden hartzen ari den bitartean, dutxa luze bat hartu edo zinemara joan dadin. Eta gero, itzultzen denean, etxeko giroa ere zeharo ezberdina izango da. Onura ezberdin asko dakartzan proiektua dela uste dugu eta horregatik merezi duela ahaleginak», ziurtatu du Johnnyk.

Proiektua abiatzeko 5.150 euro behar dituzte, eta bere osotasunean garatzeko 7.550 euro. Gutxienekoa eskuratu dute jada, eta gainerakoa lortzeko hilabeteko tartea dute. Aurrekontu horren barnean batez ere txakurren mantenurako gaiak (elikadura, garbiketa zein albaitariak) eta terapietarako materiala biltzen dira, eta jasotzen duten laguntza guztiek izango dute trukea, eta esker ona, «laguntzen gaituenak era batera edo bestera laguntzatxo bat behar duten gizarteko talde asko ukitzen dituelako. Benetan pena merezi duen proiektua dela uste dugu, den-denok dugulako inguruan laguntza behar duen pertsonaren bat, gure etxean ez bada bizilagunarenean. Eta, ez bagara gure artean laguntzen, nork lagunduko gaitu?».