joxean.agirre@gaur8.info
Interview
DANELE SARRIUGARTE
IDAZLEA

«Sexuari buruzko ikuspegi gordinaren atzean badago aldarri bat»

Idazlea baino gehiago irakurlea sentitzen den arren, «Erraiak» erditu du. Bikote haustura mingarri bat abiapuntu harreman afektiboei eta sexuari koska egiten dio.

DANELE SARRIUGARTE
DANELE SARRIUGARTE

Euskal letren mikroklima baketsuan gutxitan jotzen du haizeak. Dinosauroren bat lozorrotik esnatzen denean bakarrik suma daitezke oin hotsak. Bestela, ia dena da ohikoa, iragarria, ezustekorik gabea. Horregatik da eskertzekoa Danele Sarriugarteren “Erraiak” bezalako eleberri baten etorrera. Ez du ez lurrikararik eragingo, baina itxaropena piztu dezake. Ez da nobela borobila eta orekatua, gorabeherak ditu eta handiak gainera, baina irakurtzen hasi eta harriturik ematen ditu irakurleak lehen orriak eta baita barruko beste hainbat ere. Adinean aurrera goazenoi beharbada are gehiago hunkitzen gaitu eleberriak, egilearen lehen lana delako eta, beraz, idazle berri baten jaiotzaren lekuko sentitzen garelako. Danele Sarriugartek 24 urte ditu.

Bere zaletasun handienetakoa hitz egitea da. Bere nobela irakurri eta gero, ez da batere zaila Danele Sarriugarte goiz aldeko ordu txikietan garagardo bat eskuetan duela edozeri buruz eztabaidan irudikatzen. Baina ikasturte amaiera den arren, Bartzelonan jarraitzen du eta desorduan geratu behar izan dugu berarekin, goizeko hamarretan bere jaioterriko plazan, Elgoibarren.

 

Zurea pertsonaia bakarreko eleberria dela esan daiteke, narratzailea baita lehen pertsonan 170 orrialdetan zehar bere bizitza kontatzen ari zaiguna. Egingo al dugu bion artean liburuko datuak oinarri hartuta narratzaile horren profil moduko bat?

Hogeita hamar urtera gerturatzen ari den emakumea da eta «ez da gai izan oraindik gizon bat kate motzean lotzeko». Nahiz uste dugun askoz ere progreagoak garela, badago adin batetik aurrera kate motzeko harremanak nahi izateko joera bat. 25-26 urteak badira horretan muga. Koadrilak bakantzen hasten dira eta bakarrik geratzen direnek kezkak dituzte.

Azken mutilak ohar bat utzi eta alde egin dio. Nahikoa koldarra iruditzen zait alde egiteko modu hori, baina hala gertatu da nobelan. Narratzailea nahikoa sutsua dela uste dut eta beharbada mutil horrek ez du ihes egitea beste biderik ikusi. Berarekin hitz egiten hasten bada, ez zela aurre egiteko gai izango pentsatuko zuen. Edo izan daiteke mendeku modu bat ere. Esan beharreko guztia post-it batean utzi dio.

Zure narratzaile honek badu lotura bat alkoholarekin. Bere apartamentuan sukaldeko arraska azpian botila hutsak aurki daitezke, ginebra botilak gehienak. Ginebra jarri dut, gin-tonika oso modan jarri delako berriro. Garbi nuen nire pertsonaiak gin-tonikak edan behar zituela.

Ikaslea da, bidaiatu egiten du. Han eta hemen bizi da eta aldean beti daramatza bere gauza batzuk, Nirvanaren disko bat esate baterako. Badago talde honi buruzko ohar bat oso ona iruditu zaidana. Zalantzak izan nituen ohar hori sartu ala ez sartu, baina gehiagok ere esan didate gustatu zaiela. [Humanitateak ikasi ditu]. Arlo horretako zerbait ari da ikasten eta Erasmus programari esker Berlinen eta Denverren bizi izan da, baina Gasteiz da nobelako kokaleku nagusia.

Gauzak arrazionalki aztertzeko joera du. Bai, nahiz eta gero gauza oso irrazionalak ere egiten dituen. Animaliak gara, baina diskurtso bat dugu eta kondenatuak gaude beti bi maila horien artean mugitzera. Bi alderdiak dira gure osagai.

Neska oso argia da, institutuko mutilen aldean behintzat. Bai, institutuan nota oso onak ateratzen zituzten horietakoa. Iaz institutuko matrikulen zerrendari begira egon nintzen eta ia denak neskak zirela ikusi nuen. Mutilen artean gaizki ikusia dago adin horretan nota onak ateratzea. Nire narratzaileak erraz gainditzen ditu mutilak eztabaida dialektikoetan.

Zure narratzailea artista al da? Hor dabil. Koadrilako arrarena dela esango nuke.

Sare sozialetan alter ego cool bat zaintzen du. Hala da.

Eta bere helburuak «ahalik sarrien jotzea, bidaiatzea eta mozkortzea» dira. Esaldi horiek bere testuinguruan ulertu behar dira.

 

Asko gustatu zait narratzaileak harreman afektiboei eta sexuari buruz erakusten duen ikuspegia. Iruditzen zait anti-erromantikoa eta oso gaurkoa dela. Maitasun-pasio istorio handi eta tragikoen antipodetan dago. Sexua prosaikoa da, grisa, azukrerik gabea nolabait esateko.

Gure bizitzan ere uste dut horrelatsu bizi ditugula harremanak eta sexua, eta, liburuan hala islatzen bada, nik nire inguruan hala ikusi ditudalako izango da eta gaurko literaturak ere hala erakutsi izan dituelako. Beharbada nobelan oso modu bortitzean agertzen da ikuspegi hori eta beste idazle askorengan modu lasaiagoan agertuko da. Egia da maitasun istorio tragikoen guztiz kontrako norabidean kokatzen dela ikuspegi hau. Uste dugu maitasun handi horiek bazutela zerikusia garai bateko bizimoduaren erritmoarekin. Gaur bizitokiz aldatuz goaz, harreman sarea zabalagoa da eta hausturak ematen direnean ere beste modu batean hartzen dira gauzak. Oso zailak dira gaur bizitza guztirako harremanak, baita lagunen artean ere. Badakit jende askok beste ikuspegi bat duela eta ez zait gaizki iruditzen, baina nobelan darabildan ikuspegia egungo gizartean ez ezik literaturan ere ohikoa da erabat eta jarrera orokor gisa erabiltzen dut. Bestalde, nobelako gertakari nagusia haustura bat da eta gainbehera doazen harremanek eta hausturek joko gehiago ematen dute literatura egiteko orduan.

Badago zure nobelan tarteka sexuaren alderdi erabat fisiologiko baten erabilera ere. Zurekin egindako elkarrizketa batean Anaïs Nin idazle estatubatuarraren erreferentzia ikusi nuen, baina askoz ere presenteagoa egin zait irakurtzen ari nintzela Charlotte Roche alemaniarraren «Zonas húmedas» eleberria, zenbaitek pornofeminismo baten aldarri gisa ere ulertu zutena. Ba al dago sexuari buruzko ikuspegi fisiologiko horretan zerbaiten aldarririk?

Ez dut Charlotte Rocheren lana ezagutzen. Anaïs Nin uste dut “Sautrela” telebista saioko elkarrizketan aipatu zidatela. Garazi Arrulak itzuli zuen Nin. Bion artean egiten dugu Elearazi bloga eta oso gertutik bizi izan nuen itzulpen horren euskaratze prozesua; noski irakurri nuela, baina, gertutasunak bilatzen hasita, gertuago ikusten dut nire ikuspegitik Itziar Ziga artista. Bere performance baten berri ematen dut, gainera, nobelan. Eta bera irakurtzeak zerikusirik baduela uste dut nire ikusmoldean.

 

Gizonezkoek literatura egiterakoan apenas arretarik jartzen zaion sexuaren alderdi isurkari horri. Horregatik pentsatzen dut badagoela emakumeen literatura mota honetan aldarri moduko bat.

Egon daiteke. Nire aldetik garbi dut badagoela. Badaude, adibide bat jartzearren, masturbazioaren inguruko gogoeta batzuk ere, oso gutxitan agertzen direlako jarri ditudanak. Kaka, hilekoa, masturbazioa eta gisako gaiek inon lekurik izatekotan izenburutzat “Erraiak” daraman nobela batean izan behar zutela pentsatu nuen.

 

Batzuetan pasatu egin zara beharbada. Eleberriko lehen nota kakari buruzkoa da eta pixka bat pedantea iruditu zitzaidan. Ez da erakustaldi alferrikakoa?

Neuri gustatzen zait ohar hori. Lehen atalaren bukaeran jarri nuen eta irakurleari ohartarazi nahi nion ondoren zetorrela kaka izango zela modu batera edo bestera. Batzuek esan didate oso gogorrak egin zaizkiela pasarte batzuk eta beste batzuek kontrakoa esan didate, gehien gustatu zaizkien zatiak horiek izan direla.

 

Badago eleberrian belaunaldi baten aurkezpen erdi soziologiko bat ere. Mutilen tipologiak aztertzen dituzunean, soziologo baten begia nabari daiteke.

Ez da nik berariaz egindako zerbait. Ez nuen belaunaldi baten argazkirik egin nahi izan. Irakurleek esan didate hori eta ez naiz harritu, ni bizi naizen giroko jendea baita hor agertzen dena. Egia da nire begi kritikoa lantzeko orduan ingurukoari begiratu izan diodala. Hori lehendik nekarren gauza da, institutu garaiko gauzak ere kontatzen baititut atalen batean. Neure belaunaldiaren parte bat agertzen da, unibertsitatean ikasketak egiten ari direnena eta gainera horien gaueko bizimoduaz ari naiz gehienetan. Beraz, ikuspegia partziala da. Eta zuk tipologia deitzen diozun horretan, bikote harremanik ez, baina adiskide harremanak dituzten pertsonaia batzuk sartu nituen. Arrazoia? Narratzaileak beti uste du harreman guztietan bera izan dela ondoen portatu dena, eta, kasu bakoitzean, bikotekide edo adiskide bakoitzarekin zer harreman mota izan dituen aztertzen saiatu naiz.

 

Esan daiteke eleberri diskurtsibo edo digresibo bat dela?

Bai, bai. Ez da abentura eleberri bat.

 

Trama ere oso urria du. Ez duzu pentsatu digresioek kontakizuna estal zezaketenik?

Batzuek esan didate digresio batek edo bestek gehiegi mozten duela kontakizunaren haria. Oin oharrak jartzen horregatik hasi nintzen, kontakizuna moztea galarazteko. Baina banekien aldi berean digresioak eginez ere tentsioa manten nezakeela. Horrelako gauzak irakurtzen ez naiz aspertzen eta nik neuk gustura irakurriko nukeen nobela bat idazten saiatu naiz, eta nik esateko neukana agertzen. Badakit nobelan ez direla gauza asko gertatzen, baina bizitzan ere gauza handiak gutxitan gertatzen dira. Badaude sekulako abenturak bizi dituzten pertsonak, baina besteok beste gauza batzuk egiten ditugu. Neuri nire bizitza interesgarria iruditzen zait. Bakoitzari berea. Badakit badaudela irakurle batzuk nire digresioekin aspertuko direnak, baina beste batzuei gustatu egingo zaizkie.

 

Digresio horietako batzuk oso onak dira. Amari buruzkoa, esate baterako, edo ama totalari buruzkoa, zure kontzeptua erabiltzeko. Edo izara zuriei buruzkoa eta beste hainbat. Hala ere, generoen arteko gudu, tirabira edo dena delakoa agertzen da behin eta berriz. Beste bat aipatzeko, nobelako lehena aipatuko nuke, egunaren mugari buruzkoa.

Bai. Narratzaileak dio egunak goizeko zortzietan bukatu beharko luketela eta ez gaueko hamabietan eta horren inguruan ari da. Aipatu duzun generoen arteko harremanaz Beasaingo irakurle taldean neska feminista batek esan zidan harritu egin zela gizonezkoen eta emakumeen rolak hain markatuak jarri nituelako, mugimendu feminista klixe horietatik askatzeko lanean ari denean. Errealitatean hala ikusten nituelako markatu nituela horrenbeste erantzun nion eta oso eztabaida interesgarria izan genuen. Erakusten ditudan patroi hauetatik ihes egiten duten emakume eta gizonak badaude, baina eredu garbi samarrak erakusteak lagundu egiten duela uste dut arazoak non dauden ikusten. Egia da nire pertsonaietan genero rolak asko markatu ditudala, baina nahita izan da. Modu berean tratatzen ditut amaren papera, familiarena edo koadrilarena.

 

Badaude txiste edo «boutade» batzuk ere. Narratzailearen mutiletako bati ez zaio zakila altxatzen alkohol gehiegi edaten duelako eta narratzaileak txiste bat eginez dio alkohol kontrolak egon beharko luketela goizeko ordu txikietan tabernen artean, eta, muga jakin bat gaindituz gero, bibragailu bat eman beharko lioketela neskari.

Niri gustatzen zaizkit txiste mota horiek. Gehienetan lagunartean asmatzen dituzun txisteak dira, edo burutazioak. Nobela gai serioei buruzkoa izanik ere, umore tanta batzuek ez daude lekuz kanpo. Gainera, feministok ez dugula umorerik esaten dute. Ez da egia, noski, nahiz eta kasu honetan umore beltz samarra den gehienetan.

 

Aipa dezagun zure estiloa. Esajeratu samarra da, karikaturara jotzeko joera duzu. Pasarte batean larrua jotzen ari dela zera dio narratzaileak: «Nik goian ipintzea dut gogoko. Bilboko Iberdrola eta mundu zabaleko aluminiozko eta beirazko dorre futuristak, erruki zaituztet nire haragizko garaipenaren talaiatik…». Eta horrelako askotxo daude.

Hori ere txisteen zerrendan sar daiteke, baina badut joera bat estilo hiperbolikoa egiteko.

 

Esan al daiteke pertsonaia maskulinoak narratzailearen itzalean geratzen direla?

Komeni zaizkidan neurrira eraikitakoak dira, nolabait esateko. Nik uste dut idazle gehienek egiten dutela hori, bakoitzak kontatu behar duenaren arabera erabiltzen dituela pertsonaiak. Nire helburua idazle moduan egia bat kontatzea edo eraikitzea da, eta horren arabera garatzen dituzu pertsonaiak. Pertsonaia bakoitza muturreraino garatzen hasten bagara, nobela ez litzateke amaituko.

 

Egia bat eraiki, esan duzu. Zer da zuretzako literatura?

Ez dakit. Idazle baino gehiago irakurlea izan naiz eta sentitzen naiz oraindik ere, eta irakurtzeak bizitza hobeto ulertzen laguntzen dit. Pentsatzen dut literatura idazteak ere bizitza hobeto ulertzen laguntzen didala. Nire bizitzaren parte handi bat da literatura, eta literatura zentzu zabalenean hartu nahi nuke, bizitzan etengabe baikaude antzerkia egiten, esate baterako. Mozorroaren kontu hori behin eta berriz agertzen da nobelan ere. Segun eta norekin gauden mozorroa aldatzen dugu.

 

Zure euskararen kontua ere badago. Asmatu dituzun aditz-lagunekin bakarrik zerrenda luzea osa daiteke. Eta orrialde erdia betetzen duten esaldiak ez dira gutxi. Ez dute bion literaturek lotura handirik, baina Xabier Amurizaren «Dinosauroak horizontean» saileko eleberriak etortzen zitzaizkidan gogora.

Ez ditut Amurizaren liburu horiek irakurri, baina euskara batuari buruzko bere lana irakurri nuen eta erabat ados nago esaten dituen gauza askorekin. Ikasi dudanagatik eta egin ditudan lanengatik hiztegi artean bizi naiz eta hiztegi oso zabala erabiltzeko joera daukat. Badago beste kontu bat ere: guk ingelesarekin lotura estua dugu eta hizkuntza horrek joera nabarmena du izen batekin izenlagunak egiteko. Produktu bat mikrouhinean egin badaiteke microwaveble jartzen dute eta jende guztiak ulertzen du labe horretan egingarria dela jakia. Badakit gure tradizioa ere aberatsa dela, eta, nire joskera ez dela oso euskalduna aurpegiratuko didate, baina ondo pasatzeko ere egiten ditut joko horiek edo asmatzen ditut hitzak, eta, nahiz eta testuen corpusean ez agertu, jendeak ulertzen badu, baliagarria izan daitekeela uste dut.

 

Zer motatako nobelak dituzu gustuko?

Denetik irakurtzen dut. Nobela potolo eta sendoak irakurri izan ditut asko, nolabait esateko, mundu oso bat sortzeko gai direnak. Nobelan aipatzen dut horietako bat, “La broma infinita”, David Foster Wallacerena. “El arco iris de la gravedad” ere asko gustatzen zait, Thomas Pynchon estatubatuarrarena.

 

Aipatu duzun kasuan, David Foster Wallace berari laudorio handi samarrak botatzen dizkiozu. Pasarte batean bere «narratibarako gaitasun estralurtarra» aipatzen duzu eta beste batean liburu horrek duen eite adiktiboa. Konta iezaguzu mendekotasun hori nola sortu zitzaizun.

Joan den irailean bete ziren bost urte suizidatu zela, eta, gure blogean autore baten aipamena eta bere testuren baten itzulpena egiten dugunez, bere aurkezpen bat egin nuen. Irakurri nuen bere lehen liburua “La niña de pelo raro” izan zen eta pentsatu nuen ez nuela sekula horrelakorik irakurri. Urte horretan bertan Eguberrietan kulturako bonoekin “La broma infinita” erosi nuen, eta, liburu potoloa izanik ere, jarraian irakurri nuen eta flipatuta geratu nintzen. Eta geroztik bere lan guztiak irakurri ditut. Ameriketako Estatu Batuetan bizitzen egon nintzen eta nik ikusi nituen hipokresia eta gizarte hartako akatsak bete-betean harrapatzen ditu, eta egiten dituen jokoak, filosofiarekin nola jolasten duen… dena gustatzen zait. Eta dena irakurrita nuela uste nuenean “Entrevistas breves con hombres repulsivos” saio liburuarekin topo egin nuen eta kolpe bat hartu izan banu bezala utzi ninduen. Beste idazle batzuekin ere gertatu izan zait hori, Elfriede Jelinek berarekin esate baterako. Dena jartzen dizute kolokan. Gauza bera sentitu nuen aurretik Dostoievskiren “Karamazov anaiak” nobela irakurri nuenean; ondoren bere beste hainbat lan irakurri nituen.

 

Badirudi idazle estatubatuarrak dituzula kutunenak.

Bai, bai, europarrak baino gehiago jarraitzen ditut amerikarrak, baina gauza bera gertatzen zait zinemarekin. Eta euskal autoreak irakurtzen ere saiatzen naiz.

24 urte besterik ez dituen idazle saltsera samarra

24 urte ditu. Itzulpengintza ikasi zuen Gasteizen. Literatura konparatuari buruzko master bat egin nahi zuen Bartzelonan aurreko ikasturtean, baina Igartza beka irabazi eta urtebetez atzeratu zuen asmoa, nobela idatzi ahal izateko. Orain master amaierako lana egiten ari da eta ez du eskuartean proiektu jakinik literaturaren arloan. «Ez naiz asko planifikatzen duen pertsona». Ez du talderik idazten duena kontrastatzeko. Literatura gustatzen zaien lagunak ditu eta komentatu egiten dituzte gauzak, irakurketak batez ere. Pentsamendu mailan, feminismoaren arloan batez ere, talde lana gehiago baliatzen du. «Nire lagunekin geratzen naizenean gehiago hitz egiten dut arazo sozial edo ideologikoei buruz literaturaz baino». Saltsera samarra da. Berak «animatua» dela dio eta ezetz esaten ez omen daki. Baina badaki eserita bere gelan orduak eta orduak igarotzen. «Niri hitz egitea asko gustatzen zait, baina hitz egiteko beste norbait behar duzu eta bakarrik nagoenean irakurri edo idatzi egiten dut», dio. Gau osoak igarotzen ditu eztabaidan, baina ez du bere nobelako narratzaileak bezala gin-tonikak edaten, garagardoa baizik. «Niretzat bakarrik ez, jende askorentzako da denbora-pasa faboritoa mundua konpontzen egotea. Eta beharrezkoa ere bada hori. Nobelan ere ikusten dela uste dut gauez hizketan orduak emateko dudan ohitura hori, nahiz eta horri etekin literarioa ateratzeko asko irakurri behar den». Euskarara itzultzen diren lanak irakurtzen ditu, ia denak, eta kanpoko nobedadeak jarraitzen ditu, baina gehienbat idazleek elkarrizketetan aipatutako autoreak bilatzen ditu. Elgoibarren bizi badira ere, gurasoak bizkaitarrak dira eta ahizpa zaharrago bat du.