Iosu Iturrioz Dorronsoro

Maila igoerak sortutako zoriontasunaren ondotik, dirua lortzeko beste partida bat jokatu beharra duen taldea

Maiatzaren 24tik Estanda Ordizia emakumezkoen areto futboleko Lehen Mailako taldea da. Horrenbestez, Estatu espainoleko talde onenen aurka jokatuko du datorren denboraldian. Kantxan hobetzen jarraitzeko lanarekin batera, baina, lehiatu ahal izateko dirua lortzea da taldeak une honetan duen erronka nagusienetako bat.

Hamar mila biztanle inguru besterik ez dituen Ordiziak badu zertaz harro sentitu. Izan ere, maiatzaren 24an Estanda Ordizia taldeko hamaika jokalariek (Ainara Balerdi, Irati Esteban, Itsaso Galarraga, Ane Garmendia, Maite Gonzalez, Olatz Ibarguren, Ane Izagirre Arruabarrena, Ane Izagirre Insausti, Maddi Izagirre, Itziar Lopez eta Sarah Ugarte) klubaren 28 urteko ibilbidean beste inork lortu ez duena lortu zuten: Rubi talde kataluniarraren aurkako kanporaketa irabazi eta Goierriko taldeak datorren denboraldian emakumeen areto futboleko liga gorenean jokatzeko txartela lortzea.

Emilio Ortiz taldeko presidenteak adierazi duenez, «izugarria da hau guztia! Zapatilak erosi berri dituen haur bat bezala sentitzen naiz. Amets zoragarrienetan ere inoiz ez nuen horrelakorik amestu». Bere esanetan, «saritu beharrekoa da neska talde honek aurtengo denboraldian lortutakoa; kanporaketetan sartzea gutxi balitz, mailaz igo diren moduan igotzea paregabea da».

Lau minuturen faltan Estanda Ordiziak hiru gol sartu behar zituen Rubiren etxean mailaz igotzeko. Balentria egin eta Estanda Ordiziak hiru golak sartzea lortu zuen, eta, horrenbestez, Lehen Mailako taldea bihurtu zen.

Partidua amaitu bezain laster, festa giroa nagusitu zen. Jokalari eta Ordiziatik joandako zaletuak txundituta zeuden: gertatutakoa asimilatzeko astia behar zuten. Maite Gonzalez taldeko kapitainaren hitzetan, «taldean hamazazpi urte pasa ostean, urte hauetako guztietako lanaren saria jaso dudan sentsazioa daukat».

Behin Rubi taldearen kiroldegitik aterata, Ordiziara abiatu ziren.Bertan, partidua ikustera joan ez ziren zaletu, lagun eta familiarrak zain zituzten. Merezitako asteburua zuten aurretik. Beste hainbat ospakizunen artean, jokalari guztiak omentzeko asmoz Ordiziako Udalak ekitaldi bat antolatu zuen. Lorpen historikoa asteburu guztian zehar ospatu zuten jokalari eta herritarrek.

Barearen ostean dator ekaitza

Datorren denboraldian emakumeen areto futboleko Lehen Mailan jokatzea izugarria dela ezin ukatu, baina horrek makina bat buruhauste sortzen dituela ere azpimarratu behar da. Emilio Ortiz taldeko lehendakariak honakoa dio diru kontuen inguruan: «Denboraldi berriari begira 100.000 euro beharko ditugula kalkulatu dugu. Aurten, gutxi gorabehera, kopuru horren herena behar izan dugu; hortaz, lan ugari dugu aurretik». Lehen Mailan jokatzeak, beraz, klubeko kide guztien lana areagotzea ekarri du eta dagoeneko diru iturri berrien bila hasiak dira.

Helburua lortzea, baina, ez da batere lan xamurra. Taldeko lehendakariak berak aitortu duenez, aurrekontua betetzeko urtero lan mardula egin behar izaten dute. Hurrengo denboraldiari begira, berriz, zer esanik ez! Gutxi gorabehera, maila berriko eskakizunak direla bitarteko, aurreko denboraldian baino 60.000 euro gehiago bildu behar dituzte goierritarrek.

Egoeraren aurrean, jokalariak ere lanean hasiak dira. Maite Gonzalez taldeko kapitainak nabarmendu duenez, «aurten ate asko jo behar direla ikusi dugunez, gure laguntza beharrezkoa dela ohartu gara; hortaz, jokalariak ere hurrengo denboraldiari begira lanean hasiak gara jada».

Taldekideen jarrera zoriontzekoa da. Goi mailako kategorietan jokalari gehienak jokatzeaz bakarrik arduratu ohi dira, klubaren kudeaketei jaramonik egin gabe. Gainera, kontuan izan beharrekoa da taldeko 11 jokalariek hilabete amaieran ez dutela inolako diru saririk jasotzen. Egoera horretan diren Lehen Mailako jokalari bakarrak dira ohartarazi dutenez, gainontzeko taldeetako jokalariek hilabete amaieran soldata jakin bat eskuratzen baitute.

Hori gutxi balitz, taldeko kapitainak berak aitortzen duen moduan, zenbait kasutan dirua ere jarri dute: «Orain arte ez dugu dirurik irabazi futbolean jokatzeagatik, baina, ohituta gaudenez, ez zaigu arraroa egiten. Hainbatetan, gainera, diru faltagatik bidaiak geure poltsikotik ordaindu behar izan ditugu. Beraz, eskertuko genuke gutxienez kluba bidaiei aurre egiteko moduan izatea».

Aurtengoan, gainera, maila igoera dela eta, kanpoko partidu gehienak Euskal Herritik kanpo jokatuko dituzte: Alacanten, Bartzelonan, Logroñon eta Murtzian partidu bana, Madrilen lau partidu, eta, azkenik, Galizian, bost partidu. Horrek, noski, bidaietan gastu handiagoa izatea ekarriko du; beraz, jokalarien nahiak betetzeko lanean da taldeko lehendakaria.

Jokalariek ilusio ikaragarria dute. Horrela ez balitz, izan ere, ezinezkoa izango litzateke sosik kobratu gabe futbol profesionalean aritzea.

Datorren denboraldia

Arlo ekonomikoan ez ezik, kirol arloan ere badu zer egina Estanda Ordiziak. Iñaki Heras entrenatzailea eta Emilio Ortiz lehendakaria hasi dira hurrengo sasoiko taldea zehazten.

Maite Gonzalezek eta Emilio Ortizek aurreratu digutenez, maila berrian aurtengo denboraldiko jokalari guzti-guztiek jarraituko dute, eta, horrez gain, klubeko buruak bi jokalari berriren kontratuak sinatzear daudela ere azaldu dute. Bestetik, dagoeneko taldeko fisioterapeuta eta atezainen prestatzailea ere kontratatuak daudela jakinarazi dute.

Herritarren laguntza

Taldeko mandatariek Ordiziako herritarrak taldeko partaide egin nahi dituzte eta bazkide txartelak kaleratzeko ideia dute. Interesatuek oraindik zehazteke dagoen diru kantitate baten truke taldeari bultzada bat eman diezaiokete, eta, bide batez, Gabonetan kide guztien artean egingo den zozketan sarituak izan.

Makina bat dira taldeari laguntzeko bideak eta arrazoiak. Taldeko lehendakariak gisa guztietako erakundeei honako deialdia luzatzen die: «Laguntzeko bide ugari daude; beste hainbaten artean, taldearen ekipamendu berrian laguntza ematen duen erakundearen izena jartzea, publizitate panelak egitea, eta abar». Entrenatzeko leku bila ere badabiltza, Ordizian bi egunetan soilik entrena baitezakete.

Bestelako arrazoiak ere ezin albo batera utzi. Batetik, Emilio Ortizek ziurtatzen duen moduan, «emakumeen areto futbola Gipuzkoan oso une txarrak igarotzen ari da», eta, orain, egoera iraultzeko moduan daude Estanda Ordiziak Lehen Mailan lehiatzeko duen aukerari esker. Horregatik, erakundeen, federazioaren eta foru aldundiaren inplikazioa nahi du emakumeen areto futbolari bultzada emateko.

Taldeak instituzioetatik, federaziotik eta foru aldunditik laguntzak jasotzen dituela egia da, baina, era berean, emakumeok gizarteari ere asko ematen diotela azpimarratu dute. Ortizek aditzera eman duen moduan, «Gipuzkoako talde nagusia garenez, zaleak erakartzen ditugu eta bide batez beraien beharrak asetzen ditugu. Gainera, jokalariak pertsona gisa hezten ditugu, zeina nik uste egungo egoeran ezinbestekoa den». Azken finean, jokalari hauek haurrentzat eredu dira, beraien esfortzu, sakrifizio eta jatortasuna bitarteko kirolari gazteentzat eredugarriak baitira.

Emakume hauen esfortzua ere saritu beharrekoa da. Lan ugari egiten ari dira taldeak datorren denboraldian Lehen Mailan lehiatzeko aukera izan dezan. Taldeko kapitainak adierazten duen moduan, «dirurik gabe proiektu hau bertan behera geratuko litzateke. Igoera lortzeko borrokatu dugun guztia eta gero, golpe handia izango litzateke diru faltagatik Lehen Mailari uko egitea».

Estanda Ordiziak erronka zoragarria dauka aurretik: Lehenen Mailari eustea, eta nork daki, amets gozoenean, liga bera ere irabaztea. Ametsak amets, 11 emakume hauek lortu dute jada beren biziko ametsa: klubaren historian aurreneko aldiz Lehenen Mailan jokatuko duten jokalariak izatea.