joseangel.oria@gaur8.info

Mundu osoko herriek salatu dute Gazako herritarrei ezarri dieten sufrimendua

Israelgo Armadak 2.000 palestinar inguru hil ditu azken asteotan; horietako 500 inguru, umeak. Agintariek ez dute gauza handirik egin sarraskiari eta txikizioari amaiera emateko, baina herriak bazter guztietan kalera irten dira protesta egitera, Irakeko inbasioa hasi aurretik egin ziren bakearen aldeko mobilizazio erraldoiak gogora ekarriz.

Herrien mobilizazioak egunero egin dira, baina orain astebeteko Haserre Eguna nabarmentzeko modukoa da, egun hori aukeratu baitzuten Palestinako giza mugimenduek nazioarteko protestaldia deitzeko.

Palestinarrak alde batera utzita, Latinoamerika nabarmendu da hasiera-hasieratik sarraskigileei hortzak erakusteko garaian. Herrialde horietan agintariek ere bat egin dute sarraskien salaketarekin, azken urteotako bilakaera politikoari esker AEBen morroi izateari utzi eta beste kontinenteetako buruak baino ausartagoak baitira. Horixe nabarmendu zuen joan den asteazkenean Raid Al Malki palestinar kantzilerrak Russia Today telebistari eskainitako elkarrizketa batean.

Boliviatik sortu zen “Palestinaren alde” dokumentua, Latinoamerikako 350.000 intelektual, idazle, irakasle, abokatu, politikari, sindikalista, mediku, ikasle, nekazari eta ekintzaile baino gehiagok sinatu dutena (Evo Morales presidentearekin hasi ziren sinadurak eta Fidel Castro kubatarrak ere bat egin du idatziarekin), Israeli NBEak hartutako erabakiak bete ditzala eta Gazatik, Zisjordaniatik eta Jerusalem hiriko ekialdetik alde egin dezala exijitzeko.

Australiako irudiak izan ziren erredakzioetara iritsi ziren lehenak, egun berria beste inora baino lehenago iristen baita bertara. Melbournen 2.000 lagun inguru elkartu ziren: Palestinako bandera ugari, bakearen aldeko mezuak, Israelen aurkakoak eta ezkerrak erabiltzen dituen ikur asko.

«Ez daude bakarrik»

Japonian, berriz, Israelek Tokion duen enbaxadaren aurrera eraman zuten Haserre Eguneko protesta manifestariek. Beste egun batean, kandelak zeramatzatela, erlijio ezberdinetako jarraitzaileak elkartu ziren heriotzari ezetz esateko. «Palestinako herritarrek jakin behar dute ez daudela bakarrik, ez daudela mundutik apartatuta», adierazi zuen Sonoko Kawakamik.

Asiako herrialde musulmanetan oso manifestazio jendetsuak egin dira sarraskiak salatzeko, baina Haserre Egunean ez ziren nabarmendu. Iranen, Pakistanen eta Indonesian milioika lagunek salatu izan dute urteotan Israelen jokaera.

Indiatik oso irudi esanguratsuak iritsi zitzaizkigun hilaren 9an: talde islamista baten mobilizazioan, Israel Hitlerrekin parekatzen zuten; elkarte komunista baten protestaldian, berriz, Netanyahu eta Obama AEBetako presidentearen erretratuak erre zituzten. Alde ideologikoa ikaragarria izanda ere, bat egin zuten palestinarrei elkartasuna adierazteko garaian.

Asia zein Afrikako herrialde arabiarretan manifestazio ugari egin dira. Xiitak nagusi diren Bahreinen eta Libanon bezala, herritar gehienak sunitak diren Jordanian eta Marokon. Baina gerrak erabat txikituta dauzkan Iraken, Libian eta Sirian ia ez da kalean protestaldirik egin, eta Egipton ere ez, ez behintzat aurreko urteetan ikusi izan ditugun bezain jendetsuak, bertako agintari berriek, kolpistek, manifestazio eskubidea erabat ezabatuta baitaukate.

Hegoafrikako mobilizazioak ere nabarmentzekoak dira, jendetsuak izan direlako, alde batetik, eta apartheid-aren aurkako borroka zer den beste inon baino hobeto dakitelako, bestetik. Desmond Tutu apezpiku anglikanoa eta apartheid-aren aurkako ekintzailea bertan izan zen, beste 50.000 bat herritarrekin batera, BBC telebista kateak emandako datuen arabera. Hegoafrikako herritar beltzei berrogei urtez ezarritako apartheid politika bera da Israelek palestinarrei ezarritakoa, manifestariek esan zutenez. Desmond Tutu berak, Nobel saria jaso duten beste 65 lagunek eta Europako Parlamentuko 200 diputatu baino gehiagok Gazari ezarritako blokeoari amaiera emateko eskatu dute eskutitz batean.

Europari dagokionez, Londresko mobilizazio erraldoia (GAUR8 honen azaleko irudia) nabarmendu behar da. Manifestariek Cameronen Gobernuari Tel Avivekin dituen harremanak apurtzeko exijitzen diote, batez ere arma gehiago ez saltzeko, sarraskigilearen konplize ez izateko. Stop the War koalizioak diru bilketa egin zuen Gazako herritarrei laguntzeko eta ordu batzuetan sei milioi euro inguru bildu zituzten.

Parisen eta frantses Estatuko makina bat hiritan, Berlinen, Hanburgon eta Madrilen ere egin ziren palestinarren aldeko mobilizazioak. Baita Euskal Herrian bertan ere.

Bolivian bezala, Argentinan, Venezuelan eta Txilen ere sarraskiaren aurkako protestak egin dituzte azken asteotan.

Eta AEBetan, Etxe Zurira bertara iritsi ziren mobilizazioak. Bertan ziren «Israelek bere burua defenditzeko eskubidea» duela errepikatzen duten manifestariak ere, Estatu sionistaren banderak hartuta, baina ez zen istilurik izan. Gauza bera gertatu zen Los Angelesen ere.

Parisen, aldiz, palestinarren aldekoen eta aurkakoen arteko borrokak ere izan dira azken asteotan. Hollanderen Gobernuak Gazaren eta Palestinaren aldeko manifestazioak debekatzea ere erabaki zuen, baina herritar askok kalera irtetea erabaki zuten debekuari muzin eginez.