Gorka Elejabarrieta

Badator

Eskoziako erreferenduma berehala ospatuko da eta Eskozian zein nazioartean eztabaidatu, idatzi eta irakurtzen direnak emaitzen ingurukoak dira. Baietzak edo ezetzak irabaziko duen, zer den hoberena Eskozia eta eskoziarren etorkizunerako, haien ekonomia, osasun zerbitzu eta abarretarako. Debatea, eztabaida, iritzi trukaketa, argudio ezberdinak, proiekzio ugari, finean, kanpaina demokratiko eta normalizatu bat, non baietzaren aldeko militanteek independentziaren proiektua gizarte hobekuntza sakon eta orokor batekin lotzen duten. Ilusioa. Pertsona eta gizarte bezala hobetzeko aukerak sortzen duen ilusioz blai daude independentzia defendatzen dutenak. Ezetzaren aldekoek ez dute halako girorik sortzea lortu, akaso defendatzen duten proiektua eta zabaldu duten mezua beldurrari, dependentziari oso lotuta agertu delako.

Nola iritsi da Eskozia 2014ko irailean independentziaren inguruko erreferenduma gauzatzera? Duela hamar, bederatzi, zortzi urte, inork gutxi pentsa zezakeen holakorik gerta zitekeenik, eta, aldiz, pixkanaka, inurri lana eginez eta isil-isilik, batere zaratarik atera gabe, eskoziar abertzaleak independentzia lortzeko baldintzak sortzen aritu dira. Duela hamarkada bat independentzia zaleak oso gutxi ziren Eskozian, oso gutxi, Scottish National Partyk (SNP) eskuratzen zuen boz kopuruak ere ez zuen pentsarazten horrelako ofentsiba politikorik gauzatzeko baldintzarik zegoenik, eta, aldiz, lortu dute.

Egindako lanaren pausu garrantzitsuena bozketa egunean emango dute. Estaturik gabeko herrien ikuspegitik Eskoziak dagoeneko irabazi du, bere etorkizuna modu askean erabakitzeko aukera izan duelako; emaitza bat edo bestea izateak ez du horrenbesteko garrantzirik. Bi nazio ezberdinen arteko harremanak modu demokratikoan eta bakoitzaren nahi eta interesen errespetuan gauzatzea da gakoa. Hala ere, Eskozian independentziaren aldeko bidea aspaldi ibiltzen hasi zirenentzat emaitzak berebiziko garrantzia hartzen du. Baten batek zioen horrelako apustuak irabazteko egin behar direla, inork ez duela horrelako ahaleginik galtzeko egiten. Eta egia da, Eskoziaren etorkizuna jokoan dago, eta, erabakia bat edo bestea izateak eragin handia izango du Eskoziaren eta eskoziarren etorkizun eta bizimoduan. Ez da berdina, ezetzaren aldeko batzuek saltzen duten moduan, Erresuma Batuaren kide izaten jarraitzea edo estatu independente bilakatzea. Ongizatea, hezkuntza, osasungintza, kultura, ekonomia, gizarte eredua finean, ezberdina izango da kasu batean edo bestean.

Aniztasuna eta akumulazioa, horiek izan dira nire ustez eskoziar prozesuaren gako nagusiak. Independentzia edukiz definitu dute, sektoreka, alderdika, norberak bere proiektu propioa edukita elkarrekin lan egin eta helburua lortzeko akordio taktikoa eskuratuz. Eskoziako Gobernuak aurkezturiko liburu zurian azaltzen da instituzioetatik eskoziar estatua eraikitzeko oinarri nagusiak zeintzuk diren, balizko estatu berri horren ezaugarri nagusiak zeintzuk izango diren. Baina hori proiektu bat baino ez da, gauzatu eta irabazi gabekoa. Badira ezkerretik eta eskuinetik bestelako proposamen eta asmoak ere, eta, independentziaren aldekoek erreferenduma irabaztekotan, estatuaren eraikuntza bera ere prozesu bat izango da, non helburu eta sektore ezberdinen arteko talka egongo den. Ziurrenik gaurtik erreferendumaren egunera arte elkarrekin joango diren asko arerio politiko bilakatuko dira etorkizun hurbilean.

Abertzaleak eta ez abertzaleak, bertakoak eta kanpokoak, ezkertiarrak eta eskuindarrak, langileak eta enpresariak, anitza da eskoziar independentziaren aldeko mugimendua; aniztasun horrek gehiengo bihurtzeko gaitasuna duen erakutsi behar du orain. Gakoa ez da besteek norberak bezala pentsatzea lortzea, baizik eta norberaren proiektua guztientzako aproposa izatea, proiektu horrek guztientzako tokia uztea. Irabazteko gehiengoaren babesa beharrezkoa da, gutxi edo asko izatea ez da nahikoa.•