Amagoia Mujika Telleria

LIBE GARCIA DE CORTAZAR

Beretzat munduan barna ibiltzeko modu perfektua oinutsik ibiltzea da. Aske ibili ahal izateko ezin oinak zapata batzuetara lotu. Egunerokoan errenditu egiten da, eta zapatak janzten ditu. Baina oholtza gainekora beti oinutsik agertzen da abeslari eta teklista gasteiztarra. Bere lehen lan propioa argitara eman du oraintsu.

Raul Bogajo | ARGAZKI PRESS
Raul Bogajo | ARGAZKI PRESS

Bilbon jaioa bada ere (1981), txikitandik Gasteizen bizi izan da eta gasteiztartzat hartzen du bere burua. Musikarekin lotura betidanikoa dauka, noiztik ez gogoratzeko moduan. «Gure etxean betidanik egon da piano bat eta haren bueltan hazi gara». Euskaldun berria da, duela sei bat urte hasi zuen euskalduntzearen bidea, eta ez du zalantzarik egin bere lehen bakarkako lana euskara hutsean argitara ematerakoan. «Nire familia bilbotarra da eta betidanik entzun dut euskara inguruan. Baina nik gazteleraz egin nituen ikasketak. Neubat taldearekin hasi nintzenean euskal giroan murgildu nintzen erabat, eta euskara ikasi behar nuela erabaki nuen. Gainera, betidanik entzun dut euskal musika eta euskararen musikalitatea izugarri gustatzen zait. Nik musika bi hizkuntzetan sortzen dut; euskaraz eta ingelesez».

Duela hamar bat urte igo zen lehenengoz oholtza baten gainera jendaurrean aritzeko. «Neubat taldearekin izan zen, Gasteizko jaietan txosnetan eman genuen kontzertuan. Sentsazio ederra izan zen. Musika egiten dudanean ni neu sentitzen naiz, benetako Libe, eta orduan hasi nintzen sentimendu hori deskubritzen». Neubat taldearekin disko bat grabatu eta Sorkunenganaino iritsi zen, «Sorkunen taldekideak Neubateko kideak ziren eta elkar ezagutzen genuen. Sorkunek bere proiektu berrian parte hartzeko proposatu zidan eta baiezkoa eman nion segituan». Ekon taldean ere aritu da eta Izaki Gardenak taldearekin bi disko kaleratu ditu. Baina betidanik izan du Libek bere barruko ahotsa ateratzeko gogoa, bere abesti propioak kantatu eta kontatzeko beharra. Eta behar horretatik dator orain bere lehen lan propioa, “Ihesaldi handia” izenekoa.

«Taldeetan beti moldatu izan naiz zegoenera. Teklatuak eta koroak egiten nituen dagoeneko eginda zegoen abesti batean. Baina banuen gogoa niri barrutik sortzen zaidan guztia abestien bidez ateratzekoa. Eta behar horretatik sortu dut disko hau». “Ihesaldi handia” diskoak 11 abesti biltzen ditu eta barrura begirako bidaia bat proposatzen du. «Rock malenkoniatsua eta iluna» bezala definitu dute. Liberen ahots berezi horretan, indarra eta hauskortasuna suma daitezke, biak batera, kontraste zorrotzean.

Abeslariaren beraren hitzetan, «barrura begirako abestiak dira. Diskoa, oro har, iluna da. Abestiak egin nituenean garai txarra pasatzen ari nintzen, aldaketa garaia. Berez oso sentibera naiz eta abestiek biltzen dituzten ideiak ilunak eta motelak dira. Baina, aldi berean, oso disko indartsua da, garai ilunetatik ikasten den hori guztia bistaratu nahi du. Zulo batean bazaude aukera bakarra duzulako: hortik atera, ‘hemen nago’ esan eta aurrera egitea. Hori da diskoaren mezua», kontatu du Libek.

Mezu horretan kokatu behar dira diskoaren azala eta kontrazala. Azalean Libe bera ageri da ur azpian, eskuak lotuta eta itolarriz. Kontrazalean, soka bakarrik agertzen da, Libe dagoeneko askatu eta ur azalera atera delako. Horixe da diskoak proposatzen duen bidea.

Musika familiaren babesa

Aipatu bezala, Libe ez da berria musikaren munduan, ezaguna da dagoeneko familia horretan eta bere lehen lanean laguntza garrantzitsua izan du. Eskarmentu handiko Gasteizko musikariekin osatu du proiektu berrirako taldea: Atxus baxuan (Neubat, Sorkun eta Vicepresidentes), Txus Villalabeitia gitarran (Same Old, Eh!) eta Eneko De Arza (Naüt eta Trumbo).

«Atxus eta biok oso ondo ezagutzen dugu elkar. Txus Villalabeitia ez nuen ezagutzen eta sekulako deskubrimendua izan da niretzat, bai musikari bezala eta baita lagun bezala ere. Diskoa Eneko de Arza bateriak grabatu zuen, baina orain zuzenekoetan Dani Arrizabalagarekin arituko gara. Diskoko argazkiak eta diseinua ere Danik berak egin ditu».

Liberen lehen lana mimo bereziz egindakoa da. Musika familiaren babesa eta laguntza izan du, eta diseinua ere kontu bereziz zaindu du. «Finean musika da, baina niretzat oso garrantzitsua da musika hori nola aurkezten duzun. Diskoa erosten duenak lanarekin konektatzeko modua ere bada diseinua, diskoa eskuetan hartu eta begiratua ematen dionean zeozer sentiaraztea».

Abesti bakoitzak bere irudi propioa dauka, Dani Arrizabalagaren argazkiekin eta Marcial Justelen ilustrazioekin batera kontatzen baitute istorioa Liberen abestiek.

Joseba Ponce musikariaren laguntza ere garrantzitsua izan da. «Nire lanak bidaltzen nizkion, ea zer iruditzen zitzaizkion. Eta berak bere proposamenak helarazten zizkidan. Sei abesti konpondu ditu Josebak, eta, gainera, abesti bat ere oparitu dit; ‘Gurinezko bihotza’ izenekoa. Abesti horretan instrumentu guztiak Joseba Poncek berak jotzen ditu».

Tolosako Bonberenea eta CUE Gasteizko estudioen artean grabatu dute lana eta datozen asteetan hitzordu desberdinak dituzte zuzenekoan aritzeko. Baina “Ihesaldi handia” diskoko abestiek aurretik ezagutzen dute zuzenekoaren sua, ezohiko bidea egin baitute Liberen lanek. Lehendabizi zuzenekoetan probatu ditu Libek, eta, gero, estudiora eraman ditu. «Aurretik ikusi nahi nuen abestiek funtzionatzen ote zuten, eta duela bi urte inguru hasi ginen zuzenekoetan. Oso ondo atera ziren kontzertu horiek eta ondoren erabaki genuen estudiora sartu eta diskoa prestatzea». Eta, orain, diskoa kalean dela, berriz kontzertuetara. «Zuzenekoak diskoa baino indartsuagoak direla uste dut», esan du Libek.

Bera oso-oso urduri jartzen omen da kontzertuak hasi baino lehen, «eta orain gehiago, nire lan propioak baitira». Baditu mania dezente zuzenekoen aurretik. Bi aitortu dizkigu, «abestu baino lehen beti hortzak garbitu behar ditut, baita entseguetan ere. Eta oholtzara oinutsik ateratzen naiz, horrela sentitzen bainaiz erosoen eta askeen. Kalanbreren bat jaso dut dagoeneko. Baina, egia esan, nigatik beti joango nintzateke oinutsik, baita kaletik ere!». Oholtzan agertzen den Libe omen da benetakoena, musikaren magalean sentitzen baita benetan bera den bezalakoa. Eta beretzat musika beti da plazera, gozamena, eta azkar ahazten omen ditu oholtzara igo aurretik hain estu lotzen duten nerbioak. •