Isidro Esnaola

Narodniki berriak

P podemos alderdiaren agerpenak aldaketa batzuk ekarri ditu lengoaian. Orain hitz batzuk modan jarri dira eta dena kutsatzen dute. Horietako bat populista hitza da. Hitz hori, batez ere, Podemos kritikatzen duten pertsonek erabiltzen dute. Populista hitza mugimendu politiko batekin lotuta testuinguru ezberdinetan erabili da, esate baterako, Hego Amerikan, Estatu Batuetan eta Errusian. Azken estatu horretan populismoa mugimendua ezkertiar zabala izan zen eta eragin handia izan zuen mundu osoan zehar. Errusieraz, narodnik, zabalpen handia lortu zuen izena da. Beti iruditu zait Ezker Abertzaleak bazuen Errusiako populismoaren kutsu bat. Beharbada, Podemos-ek ere narodniki zuten ezaugarri batzuk dituela, baina hori, gauza gehienak bezala, eztabaidagarria da. Edozein kasuan, ondo dator narodniki zuten ezaugarri horiek gogoratzea.

Mugimendu horretako militanteentzat politikak abiapuntu etiko bat zuen. Orokorrean, erdi eta goi mailako klaseen seme-alabak ziren, goi mailako ikasketak zuten, intelektualak ziren. Posizio horretatik konturatu ziren beraien egoera pribilegiatua gehiengo baten bizkarren gainean eraikita zegoela. Beraien iritziz, egoera hori ez zela inondik inora zuzena eta aldatu beharra zegoela. Bide horretatik ondorio batera iritsi ziren: herritar xumeekin zor bat zuten eta gauzak aldatzeko zor hori bueltatu behar zioten herriari. Errusiarrak ez dira ñabarduretan gehiegi zangotrabatzen: bueltatu behar bada, zuzenean bueltatzen da eta kitto. Eta horrela hartu zituzten bere gauzak eta herrixketara abiatu ziren, nekazariengana, beraiek ikasitakoa zuzenean transmititzera. Martxan jarri zuten “herrira joanera” deitu izan zen ekimena. Saio hori orokorrean deskalabru bat izan zen baina ondorio sakonak utzi zituen Errusiako ezkerreko mugimenduan. Beraz, narodniki militantzia politikoan konpromiso etiko eta jarduera pertsonalaren arteko koherentzia bilatzen zuten.

Horretaz aparte eztabaida gogotsuak burutu zuten sozialismoa eraikitzeko bideari buruz. Beraien iritziz Errusian bazegoen oinarri bat sozialismoa eraikitzeko, “obshina” edo nekazal komunitatea alegia. Komunitate horretan sozialismoaren ezaugarriak ikusten zituzten, besteak beste, jarduera ekonomiko kolektiboan, lanaren emaitzen banaketan. Hori horrela izanik, ez zuten beharrezkoa ikusten kapitalismotik pasatu beharra, eta horrek zekarren kalamitate guztiak jasan, sozialismoa eraiki ahal izateko. Nekazal komunitatetik abiatuta bide propioa egiteko aukera ikusten zuten Errusian. Zentzu horretan Errusiako narodniki sozialismo eraikitzeko herri bakoitzak bere bidea egin behar zuela aldarrikatu zuten lehenak izan ziren. Ideia horrek mundu garaikidean hedapen handia du.

Ikuspegi ez ortodoxo hori beste kontu batzuetara zabaldu zen. Esate baterako, narodniki autoritarismoaren aurkakoak izan ziren. Aldaketa soziala ez zuten ikusten herriaren inplikaziorik gabe. Beraien iritziz, eliteek ezin zuten gauza handirik aldatu herriaren babesarik gabe. Beharbada uste sendo hori aurretik egindako saiakera elitisten porrotaren hasunarketatik zetorren. Edozein kasuan, demokrazia eta herriaren parte hartzean indar berezia egin zuten Errusiako narodniki.

Orokorrean, mugimendu populistek badute beste ezaugarri amankomun bat, baina testuinguruarekin lotuta dago: normalean mugimendu horiek larderiazko erregimenetan sortzen dira, non ez dago, ez prentsa askea, ez alderdiak, ez sindikatuak, ezta eztabaida soziala ere. Leku horietan elite pribilegiatuak kontrol politiko eta ekonomiko zorrotza mantentzen dute oposizio argirik gabe. Azkenean, sistema pitzatu egiten da eta mugimendu herritarrak sortzen dira. Salatzailea akusatua bihurtu da. Termino modernoetan esan dezakegu gizarte batean informazioaren ohiko jarioa indarrez oztopatzen denean, lehenago edo geroago informazio horrek bere bidea topatuko duela aldaketa sustatuz. •