Maider Eizmendi

Beijing errepasatzen. Aurreratu da, baina berdintasun arloan hartutako konpromisoak ez dira bete

Datorren irailean beteko dira hogei urte Beijingo Emakumeen Mundu Konferentzia egin zela. Mugarri izan zen, emakumeen berdintasuna lortzeko bidean aurrerapauso ausartak adostu baitziren Txinako hiriburuan. Bertan egon ziren emakumeek hitzorduaren garrantzia nabarmendu dute, baina betetzeko dauden konpromisoak ere gogoan dituzte.

Beijingo Emakumearen Mundu Konferentzia ospatu zela hogei urte beteko dira 2015ean. Mota honetako laugarren bilkura izan zen, Mexikon 1975ean abiapuntua jarri ondotik. Txinan ospatu zen bilerak, baina, emakumeen eskubideen aldeko borrokan esanahi handiko mugarria jarri zuen. Jendetsua izan zen. Datuek diote 17.000 lagunek parte hartu zutela bilkuran bertan eta 30.000 aktibistek aberastu zutela hitzordua. Guztien artean, emakumeei etorkizun oparoagoa ziurtatuko zien adostasuna onartzeko presio egin zieten 189 gobernuri.

Parte hartzeagatik ez ezik, emakumeen diskriminazioari aurre egiteko planteatu zen ikuspuntu aldaketagatik gogoratzen da Beijingo hitzordua. “Boteretze” edota “mainstreiming” bezalako kontzeptuetan sakondu zen, mugimendu feministari emakumeen aldeko borrokan zegokion garrantzia ezagutu zitzaion eta lehentasunezko gai gisa ezarri zen emakumeek eremu orotan pairatzen duten indarkeria ezabatzeko ahaleginean sakontzea. Indarkeria eragozteko bidean, ordea, berdintasuna lortzea ezinbestekoa zela aitortu zen eta horregatik hainbat eremutan jarduteko beharra nabarmendu zen. Hala, Beijingen adostu zen dokumentuak hamabi lan ildo zehatz ezarri zizkien onartu zuten gobernuei. Besteak beste, emakumeen pobreziari eta osasun arazoei aurre egitea edota komunikabideetan edo erabaki eremuetan emakumeen isla handitzea.

Hausnarketa prozesua

Ordutik hainbat bilera egin dira hartutako konpromisoak gogorarazteko eta oraindik egiteko dagoen bidea nabarmentzeko. Bi hamarkada betetzen direla aitzakia hartuta, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Emakumeen atalak kanpaina berezia abiarazi zuen ekainean, “Beijing + 20”. Datorren urteko irailean amaituko da hausnarketa prozesua New Yorken egingo duten mundu mailako biltzarrean. Bien bitartean genero berdintasunera iristeko eta emakumeak gizartean duen papera indartzeko egiteko falta den bideaz egingo dute gogoeta munduan barrena, orain arteko datuek, izan ere, gabezia asko azalerazten dituzte.

Ekonomia arloan, esaterako, aurreratu da, «gaur egun emakumeak nekazariak, lantegiko langileak, enpresetako zuzendariak, zientzialariak edota medikuak dira», baina, halaber, «pobreziak gogor kolpatzen ditu, lurrarekiko eta oinordetzarekiko eskubide murritzagoak dituzte, eta lan merkatuan diskriminazio eta esplotazio handiagoa pairatzen dute».

Parte hartzeari dagokionean ere aldaketaren erritmoa ez da behar lukeen bezain bizkorra. Beijingo konferentzia egin zenean emakume parlamentarien proportzioa %11koa zen munduan; egun %21era baino ez da iritsi. Mundu konferentzia hartan gobernuek bi konpromiso hartu zituzten: batetik, emakumeek erabaki organoetan eta botere egituretan parte hartze osoa izatea bermatzea, eta, bestetik, lidergorako beharrezkoa den prestakuntza eskaintzea emakumeei. Orduko konpromisoak betetzeko oraindik bide handia dagoela uste du NBEk.

«Gogoratu nahi dugu Beijingen zehaztutako agendak ez diola soilik emakumeari mesede egiten, gizateria guztiari baizik. Adostutakoa abian jartzea izango da gure lanaren lehentasunetako bat, baina guztiena izatea nahi dugu, garapen jasangarrirako helburuetarako oinarrizko den heinean. Genero desberdintasunarekin amaitzea guztioi dagokigu», nabarmendu du NBEko Emakumeen Saileko zuzendariak, Phumzile Mlanbo-Ngcuka hegoafrikarrak, abian jarritako hausnarketa prozesua arrazoitzeko.

Mlanbo-Ngcukak bizitza osoa darama giza eskubideen eta berdintasunaren alde lanean. 39 urte zituen Beijingo bilera entzutetsua ospatu zenean, eta ia hogei urte igarota, orduko promesa asko oraindik ere betetzeko daudela gogoratzen du emakume hegoafrikarrak. Bereziki aipatu ditu indarkeria arloan oraindik orain dauden datu kezkagarriak. «Ia hogei urte pasa dira, baina Indarkeria Sexistaren Aurkako Egunak urtero gogoratzen digun bezala, emakume eta neskatila ugarik indarkeria jasaten dute egunero euren bizitzetan», nabarmendu du. «Etxean bertan jasaten duten indarkeria emakumeek, kalean ere beldurrarazten dituzte, jazarpena pairatzen dute Interneten.... Mundu mailan, hiru emakumetik batek sufritzen du indarkeria sexual edo psikologikoa bere bizitzako uneren batean, eta, hori dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak berak emakumeen aurkako indarkeria neurri pandemikoak dituen osasun arazoa dela iritzi dio», gogoratu du, arazoari aurre egiteko bitartekoak jartzearen premia nabarmenduz.

Egoeraren larritasuna deskribatzen duten beste datu batzuk ere gogora ekarri nahi izan ditu NBEko Emakumeen Saileko zuzendariak: «Kasu gehienetan, emakumeek pairatzen duten indarkeria beren bikoteen aldetik dator. 2012an indarkeria sexistaren ondorioz hil ziren emakumeen ia erdien kasuan, erasotzailea bikotea edo senitartekoren bat izan zen. Ez da gehiegikeria esatea emakumeen bizitzaren gaineko mehatxu nagusia gizonezkoa dela, eta, kasu askotan, gainera, maite duen gizonezko bat», azaldu du. Areago doa, eta ohartarazi du gerra askotan arriskutsuagoa dela emakume edo neskatila izatea soldadu gisa borrokan aritzea baino.

Atzera begira

NBEk abiatu duen hausnarketa prozesuak Beijingo bilkuran parte hartu zuten emakume asko atzera begira jartzea ekarri du, orduan sentitu zutena eta urteak pasata sentitzen dutena aztertzeko lanean.

Ranjana Kumari indiarrak 42 urte zituen Beijingo bileran egon zenean. Une haiek gogoratzeak ospakizun sentsazioa sortzen dio urdailean. «Gogoan daukat guztiok eskutik helduta osatu genuen emakume katea, eta nola inguratu genuen konferentzia ospatzen ari zen eraikuntza», aipatu du. Bidean aurreratutakoa ahaztu gabe, oraindik ere emakumeen aurka baliatzen diren indarkeria bortitzak eragotzi behar direla uste du. Fetizidio femeninoa aipatu du, bere herrialdeko arazoei erreferentzia eginda. Adituek diote azken bi hamarkadotan 10 milioi neska galdu direla jaio haurretik Asiako estatuan, gizarte mailan gaitzetsi egiten baita alabak izatea. Bere hitzetan, emakumeak boterera iristeak bidea erraztuko luke. Aurrera egin beharra dagoela dio, «belaunaldi bat igaro den arren, gure alabei egin genizkion promesak bete behar ditugu-eta!».

«Ez da ametsa, beharra da»

«Nahi genuen mundua imajinatu genuen». Ilusio hitzak aipatzen ditu, halaber, Senegalgo ordezkari gisa Beijingen izan zen Fatouk. Helburua bakean biziko zen mundua eraikitzea zen; izan ere, mundu horretan emakumeek eta neskatilek beren potentzialtasunak garatzeko aukera eta beren eskubideez gozatzeko ahalmena izango zuten. Atzera begiratuta marraztu ziren neurrietako batzuk egikaritu direla ikusteak indartu egiten du, baina «ezinegona» eragiten dio aurrerapenetako batzuen ahultasuna ikusteak.

Wanda Nowicka aktibistak Beijinen emakumeen artean sortu zen elkartasun sentimendua gogoratzen du. «Harritu egin ninduen gure artean desberdintasun handiak egonagatik elkarbanatzen genituen arazoak asko zirela ikusteak: indarkeria, aborturako eta ugalketa arloko beste eskubide batzuetarako sarbidea izateko zailtasunak, lan arloko diskriminazioa, parte hartze politikoa zailtzen duten arazoak...», gogora ekarri du poloniarrak.

Beijingo bileraren inguruan munduko hainbat lekutatik etorrita batu ziren aktibistek egindako indarra ere gogoratzen du Nowickak: «Gobernuak konpromiso ausart bat hartzera behartu nahi genituen emakumeek mundu mailan zuten egoera hobetzeko». Emakume sarea indartzen asko lagundu zuela uste du, baina oraindik genero arloko neurrien aurrean dagoen erreakzio politikoa handia dela irizten dio. «Emakumeok mobilizatu egin behar dugu berriro eta gobernuei gogorarazi egin behar diegu oraindik ere ez direla bete orain hogei urte hartutako konpromisoak», hausnartu du.

Beijingen egon zirenek ez ezik, bertan onartu ziren lan ildo eta ekintzak lan tresna izan dituzten lagunek ere hausnartu dute bilkuraz eta ordutik egindako bideaz. Beijingo dokumentua baliogabe utziko duen errealitateaz mintzo da Nive Sharat Chandran. Zeelanda Berriko 23 urteko emakume hau arrazakeriaren kontra eta emakumeen eskubideen alde lan egiten duen YWCA elkarteko kidea da. Lau urte zituen Beijingo bilkura ospatu zenean eta orduan onartu ziren konpromisoak betetzearen beharraz mintzo da: «Ez dut etxeko indarkeria gure nazioko lotsa izatea nahi; ez dut nire lagun bat talde batek bortxatua izatea nahi; ez dut lan berdina egin eta gizonezko bati baino %13 gutxiago ordaintzerik nahi; nire parlamentua Zeelanda Berriko herritarren isla izatea nahi dut; eta ez dut ni bezalako gazte bat inorekin ezkontzera behartua izaterik nahi», aldarrikatu du.

Emakumeek indarkeria matxistaz salbu den mundu batean bizitzeko aukera duten egunean, gizonek adina aukera ekonomiko dituztenean, erabaki organo nazionaletan maila berean espresatzeko aukera dutenean, beren eskubide sexualak eta ugalketa arlokoak errespetatzen direla ikusten dutenean... egun horretan galduko du garrantzia Beijingo Adierazpenak.