Maider Eizmendi

Perun esterilizazioak sistematikoki egin zirela salatu dute

Alberto Fujimoriren agintaldian 300.000 emakume eta 22.000 gizonezko esterilizatu zituztela salatu dute Peruko eskubideen aldeko elkarteek, kasu askotan behartuta. Justizia eskatzeko bide luzea egin dute, emaitzarik gabe. Urte haietan gertatutakoa dokumental batean jaso dute orain, Magali Zevallosen «Cicatrices del engaño» lanean.

Dokumental batek jaso ditu euren istorioak orain, baina hamarkadak daramatzate justizia eskatzen. “Cicatrices del engaño” lanean 1996 eta 2000 artean Perun esterilizatu zituzten milaka lagunen egoera islatu nahi izan du Magali Zevallos zuzendariak.

Eskubideen defentsan jarduten duen Demus fundazioak aspaldian jarri zuen mahaiaren gainean salaketa: Alberto Fujimori presidente ohiaren bigarren agintaldian 300.000 emakume eta 22.000 gizonezko esterilizatu zituzten, eta, ebakuntzotan izandako arazoen ondorioz, 18 emakumek gutxienez galdu zuten bizitza.

Planifikazioa zehatza

Ondo lotu eta planifikatutako politika baten ondorio izan ziren ebakuntzok. 1991ko uztailean Fujimorik Austeritatearen eta Familia Plangintzaren Urtearen hasiera iragarri zuen, eta, urte hartan bertan, Biztanleriaren Programa Nazionala abiatu zuen bost urterako. Hura amaituta, 1996an, Ugalketa Osasunaren eta Familia Plangintzaren programa abiatu zuen. Eskubideen defentsarako elkarteek salatu dutenez, aipatu programotan esterilizazio kirurgiak aurreikusten ziren, bete beharreko gutxieneko zenbatekoak ezarrita –salatu dutenez, asteko eta hilabeteko kopuruak ezartzen ziren–. Jarraian, jarritako helburuak betetzera behartzen zituzten osasun langileak. Hala, helburuak betetzen zituzten langileak saritu egiten zituen Peruko Gobernuak, eta, betetzen ez zituztenak, berriz, zigortu egiten zituen.

Aipatutako programok batez ere Peruko inguru txiroenetan jarri ziren martxan, batez ere nekazaritzarekin lotutako guneetan bizi ziren emakume indigenei eragin zietelarik, bereziki Ayacucho, Cusco, Huancavelica eta Piura bezalako eskualdeetan bizi zirenei. Emakumeetako askok salatu dutenez –epaitegietara gutxienez 2.000 kasu iritsi dira–, kasu askotan iruzurrak eta mehatxuak baliatu zituzten esterilizazioak egiteko. Besteak beste, seme-alaba asko izaten bazituzten atxilotuak izateko aukera ere bazutela esaten zieten.

Bizi izandakoaren testigantzak egoeraren gogortasuna islatzen dute. «Tutu malgu batekin eta ur hotzarekin busti ninduten. Negarrez hasi nintzen eta erizainari ez nuela ebakuntza egin nahi esan nion. Ez zidan jaramonik egin: gela batera eraman ninduten, injekzio bat jarri zidaten eta lo geratu nintzen. Esnatu nintzenean, puntuak ematen ari zitzaizkidan, min handia nuen eta oihuka hasi nintzen», gogoratu du esterilizazio ebakuntza bat jasan zuen emakumeetako batek.

Oihartzun handia hartu zuen kasuetako bat Mamerita Mestanzarena da. 33 urteko emakumea bere senarrarekin eta zazpi seme-alabekin bizi zen La Encañadan. Bertako osasun zentroko langileek behin eta berriz presionatu zuten esterilizazio ebakuntza bat egin zezan. Antza hamar bisita baino gehiago jaso zituen, horietan guztietan ebakuntzak izan zitzakeen arriskuez inolako informaziorik eman ez bazioten ere. 1998ko martxoaren 27an egin zioten ebakuntza eta zortzi egun geroago hil zen, operazio ostean garatu zuen infekzio baten eraginez. Bost aldiz eskatu zuen mediku atentzioa, alfer-alferrik. Mestanzaren senarrak kasua salatu zuen epaitegietan eta atzera eta aurrera ibili ostean, 2003ko abuztuan akordio baketsu batera iritsi zen Estatuarekin. Akordioan Mamerita Mestanzaren eskubideak urratu zituela onartu zuen Estatuak. Era berean, esterilizazioen biktima izan zirenen aldeko erreparazio lanaren ardura bere gain hartu zuen Estatuak.

Presioak eta mehatxuak

Mestanzaren istorioarekin antzekotasun handiak ditu Celia Ramosenak ere. Zevallosen dokumentalaren abiapuntua da Independencia herriko emakume honen kasua. Presioak jasan zituen tronpen lotura egin zezan, besteak beste, dagoeneko haur asko zituela eta horregatik isun bat jaso zezakeela esanez. Bere amari ordu pare batean itzuliko zela esanda irten zen etxetik, baina ez zen gehiago itzuli. Ebakuntzaren ostean sortutako arazoen ondorioz hil zen aste batzuen buruan.

Hain justu ere, Independencia herriko kasua bereziki nabarmendu du dokumentaleko zuzendariak; izan ere, «herri honetan jasotako testigantza gehienen egileak torturatu egin zituzten Peruko barne gatazka armatuarekin lotuta». Zevallosek salatu bezala, «indar armatuek torturatu egin zituzten lehendabizi, eta, gero, Estatuak berak esterilizatu egin zituen programa nazional baten baitan». Zevallosen hitzetan, gainera, «orain arte ez dute inolako errekonozimendurik jaso, ezta inolako erreparaziorik ere».

Kasu berean daude kaltetutako pertsona gehienak; justizia egarria handia da. Dokumentalean agertzen da Victoria Vigo. 18 urte pasa dira ebakuntza egin ziotenetik. Zazpi hilabeteko haurdun zegoen Piurako ospitalera joan zenean. Salatu zuenez, zesarea egin zioten eta inolako baimenik gabe tronpak lotu zizkioten jarraian. Haurrak ez zuen ebakuntza jasan. «Nire tronpen lotura ez zen nire historia medikuan agertzen; haur gehiago izan nahi nituen eta horretarako egindako azterketa batean jakin nuen zer egin zidaten. Jada ez zegoen atzera bueltarik», azaldu zuen. Auzitegien aurrera eraman zuen bere kasua eta medikua soilik zigortu zuten; 2.500 dolarreko isuna jarri zioten.

Rudencina hirugarren haurra izandakoan hasi zen lehen presioak jasaten. Tronpen lotura egiteko aukera aipatu zioten eta senarrak eta biak ezezkoa eman zuten. Hilabete batzuk geroago 24 urteko emakumeak seme txikiena mediku azterketa batera eraman zuen. «Nire senarra ekarri zuten poliziek eta esterilizazio ebakuntza egiteko baimena ematera behartu nahi izan zuten; ezezkoa eman zuenean atxilotu egingo zutela egin zioten mehatxu. Asko beldurtu nintzen eta ihes egiten saiatu nintzen. Medikuak jarraitu, harrapatu eta ohean jarri ninduen. Lotu eta ebakuntza egin zidaten», salatu du emakume honek.

Dokumentalean gizonezkoen kasuak ere kontatzen dira, Gregorio Perezena adibidez. Basektomia egin zuen bere emaztea esterilizatzera behartu ez zezaten. Ebakuntza ez zen behar bezala irten eta egundo ondorioak jasaten dituela kontatzen du dokumentalean.

2012an biktimen artean itxaropena sortu zen. Mestanzaren kasuaren ondotik izenpetu zen akordioan biktimak erreparatzeko konpromisoa hartu zuen Estatuak eta huraxe gogora ekarri zion Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak berak. Segituan zapuztu zen justizia egingo zen sentsazioa, Limatik kanpora gertatutako kasuen testigantzak jasotzeko adina baliabiderik ez zela jarri salatu baitzuten segituan emakumeen eskubideen defentsan ari ziren taldeek.

Epaitegietan aurkeztutako salaketa asko artxibatu egin ziren urtearen hasieran, antza «ezin delako ziurtatu politika sistematikoa izan zela». Demus fundazioak salatu du Fiskaltzak ez duela kontuan hartu «garai hartan presidente zen Alberto Fujimorik ezagutzen zituela gertaerak, bai eta Peruko Osasun arduradunek eta zuzenean presioak egiten zituzten funtzionarioek ere».

Dokumentalaren helburuetako bat, hain zuzen ere, horixe da: gertaera haien izaera azaltzea, pertsona haiek bizi izan zituzten bizipenak ahanzturan ez erortzea eta Peruko Estatuak berak agindutako justizia eta erreparazioa aldarrikatzea.