Soledad GALIANA

Britaniarrak noraezean, UKIP alderdi xenofoboak hauteskundeak irabazten jarraitzen ditu-eta

Europar hauteskundeetan lehen indarra izan zen Britainia Handian UKIP. Ordutik hona Westminsterren bete behar izan diren bi eserlekuak eskuratu ditu UKIP alderdi xenofobo eta eskuin muturrekoak. 2015eko hauteskunde orokorren atarian alderdi horren gorakadaren atzean zer dagoen oso hitz gutxitan laburbil daiteke: britainiarrak nora ezean daude.

Nigel Farage buru duen alderdi xenofobo eta eskuin muturrekoak, Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiak alegia (UKIP), ez du atzera egiteko inolako asmorik. Aurtengo Europar Batasuneko hauteskundeetan lortu zituen emaitza historikoak ez zirela egun bateko kontua izan erakutsi du. Orduko hartan Britainia Handiko alderdi bozkatuena izan zen, botoen %28rekin. 2009ko emaitzak bikoizteaz gain, Estrasburgoko Parlamentuan 24 eserleku eskuratu zituen.

Londresko Parlamenturako eserlekuak lortzeko aukera ematen zuten azken bi hauteskundeak ere UKIP berak irabazi ditu, bi legebiltzarkide lortuz Westminsterren. Datorren urteko hauteskunde orokorrei begira, beraz, lurrikara politiko bat izatearen beldur dira asko.

Garaipenak garaipen, izua baino amorrua sortzen du alderdiak jende askorengan. Azken inkesten arabera, biztanleen %25ek ez luke inoiz UKIP alderdiari botoa eman dion norbaitekin harreman normalizaturik izango. Nolatan azaldu, bada, alderdia britainiar hautesleen artean lortzen ari den gorakada?

Gero eta eskuinerantz

Alde batetik, eskuinerantz jo du azken hamarkadatan Britainia Handiko politikak. David Cameronek gidatzen duen alderdi kontserbadorearen Gobernua Margaret Thatcherren garai gogorrak berreskuratzen saiatzen ari da, neoliberalismoaren izenean pribatizazioak bultzatuz, murrizketen izenean gizarte laguntzak kenduz, segurtasun santuaren izenean giza eskubideak urratuz, eta, azkenik, Europaren aurkako jarrera ardatz nagusi bilakatuz.

Erantzukizuna ez da soil-soilik tory-ena. Liberal-demokratek Cameronen Gobernuan parte hartzea erabaki zuten, bere ohiko kideak laboristak diren arren. Erabaki horrek umezurtz utzi ditu liberalei botoa eman izan dioten herritar asko. Azken europar hauteskundeetan bozen %7 baina ez zituen eskuratu Nick Clegg lehen ministrordearen alderdiak eta Estrasburgon zituen 11 eserlekuetatik bat baino ez du mantendu.

Baina, dudarik gabe, Britainia Handiko hautesleen artean sumatzen den ezinegonaren ardurarik nagusiena laboristek dute, batik bat Ed Miliband alderdiburuak. Sindikatuek bultzatu zuten boterera Miliband eta berak Tony Blairren «laborismo berriarekin» apurtzeko konpromisoa hartu zuen. Aldiz, hautatua izan bezain laster agindutakoa ahaztu eta laborismoaren gailurrera iristen lagundu ziotenen aurka ekin zion, sindikatuen indarra ahultzea helburu eta Blairren «hirugarren bidearen» bertsio propioa saldu asmoz.

Egun historikoki laboristak babestu dituzten herritar ugarik UKIP alderdiari ematen diote botoa eta horrek kezka sortu beharko luke laborismoaren baitan. Izan ere, langile ugarik stockbroker bat buru duen alderdi eskuindar bati botoa emateak asko esaten du laborismoak bizi duen nora ezaren inguruan. Adituen ustez, hurrengo hauteskundeetan UKIPek bereganatuko dituen hamar barrutietatik zortzi laboristak izan dira orain artean. Ez da harritzekoa, beraz, Milibanden lidergoa kolokan egotea.

Alternatiba gose

Politikak eskuinerantz jo badu ere, jendea alternatiba gose da. 2010eko hauteskundeen emaitzak kontserbadoreek espero zutenak baino txarragoak izan ziren. Gehiengo osoa lortzea espero zuten, baina liberalak izan ziren orduan aldaketa gose horren onuradunak. Horrela, bada, hautesleek betiko bipartidismoarekin amaitzeko gogoa erakutsi zuten. 1972an britainiarren %28k soilik uste zuen politikarien eta herrialdearen interesak bat zetozela. Egun %10ek baino ez du horretan sinesten.

Politikarien onarpen maila gero eta baxuagoa da, baita Nigel Farage berarena ere. Hala ere, liberalek ez dute alternatibarako zantzurik erakutsi, eta, hala, hautesleek UKIPeri botoa emanez adierazten dute alderdi tradizionalekiko haserrea. 2013ko urtarriletik hona hirukoiztu egin da boto transferentzia laborismotik UKIPera. Hala ere, are gehiago dira tory bozkatzetik eskuin muturrerako bidea egin dutenak (%36).

Badago beste biderik

Dena den, badago eskuinerantz jotzeko asmoa ez duenik ere Britainia Handian. Inkesten arabera, 2015eko hauteskundeetan berdeei botoa emango dieten %80 beste alderdietatik iritsiko dira, gehienak Alderdi Liberaletik.

Eskozian, aldiz, gauzak oso bestelakoak dira. Herritarren %65ek ondo hartu dute Nicola Sturgeon lehen ministroaren kargu hartzea eta Alex Salmondekiko miresmena igo egin da, independentziarako erreferenduma galdu izanak etsipena eragin duen arren.

SNP alderdiak lehen indarra izaten jarraitzen du eta inkesten arabera emaitza izugarriak lortuko ditu. Egun sei eserleku ditu Westminsterren eta adituen ustez 50 inguru lortuko ditu, laboristen bizkar gainean lortu ere, azken horiek Eskoziaren independentziaren aurka Gobernuarekin bat egin izana larrutik ordainduko baitute.

Alderdi tradizionalek izugarrizko beldurra diote hautesleen konfiantza berreskuratu ahal izateko egin behar duten aldaketari, eta, hala, barne erreforma sakon bati ekin ordez hautesleak beldurraraztea erabaki dute. Horrela bada, Farageren taktika, beldurra hedatzearena, bere egin dute. Laboristen hitzetan, eskuinak irabaziz gero osasun publikoa amaitu egingo da. Tory-ek krisi ekonomikoaren mamua ateratzen dute laboristen garaipen baten aurrean. UKIPek berak errumaniarrak tropelean Britainia Handia inbaditzeko prest daudela ohartarazten du behin eta berriz.

Izan ere, laborista eta kontserbadoreak bere diskurtsora erakartzera lortu du UKIPek. Faragek, nola ez, bere zelaian jokatzea du gustuko eta bere mezua, Europaren aurkakoa eta etorkinak kriminalizatzen dituena, kontserbadoreek ere bereganatzea lortu du. Are gehiago, Britainia Handia Europar Batasunean jarraitzearen alde egonik ere, bere alderdiak etorkinen auzian duen politika «aztertu beharra» onartu du Milliband laboristen buruak. UKIPek lapurtutako botoak berreskuratzeko prest al daude laborista eta kontserbadoreak xenofobiaren mamua astintzeko?

Denak antzerakoak

Dena den, argi dago UKIP alderdia ez dela behin eta berriz kritikatzen dituen alderdi tradizionalisten alternatiba. Gogoratu behar da Londresko Parlamenturako hautatu berri dituzten alderdiaren diputatuak, Douglas Carswell eta Mark Reckless, tory-ak zirela atzora arte. Azken finean, Farageren alderdiaren jatorria kontserbadoreen arteko liskarretan dago. Tory-en barnean Europar Batasunarekiko harremanek, sexu berekoen arteko ezkontzek eta klima aldaketak eztabaidak sortu izan ditu, eta sortzen ditu oraindik, eta zirrikitu horietatik jaio zen UKIP. Horrela, bada, UKIPen politika ez da batere berritzailea. Aitzitik, British National Party (BNP) alderdi faxistaren islatzat jo daiteke.

Adibide gisa, astearte honetan egindako elkarrizketa batean, Reckles diputatuak argi eta garbi azaldu zuen Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzeak Europako etorkinak euren herrialdetara bidaltzea ahalbidetuko lukeela. Adierazpenok sekulako lurrikara eragin dute eta biharamunean Farage berak ukatu behar izan du asmo horiek alderdiaren planen barnean daudenik. Recklesek, ordea, bere harridura agertu du Faragek esandakoaren aurrean eta UKIP-en baitan etorkinei buruzko politika egun batetik bestera aldatu egiten dela «ohartarazi» du, berak esandakoa Steven Wolfe alderdiko Immigrazio arduradunak berari azaldutakoa dela ziurtatu ondoren. Eta ondotxo daki diputatu berriak zeri buruz ari den. Izan ere, bere aldeko kanpainari babesa eman ziotenen artean Lehenengo Britainia Handia eskuin muturreko taldea dago, BNP alderdi faxistako kide batzuek 2011. urtean sortu zutena eta musulmanekiko gorrotoagatik tamalez oso ezaguna dena.

Arazoa, ordea, ez da hori. Kontua da kontserbadoreek zein laboristek ez dituztela behar beste edo beharrezkoa litzatekeen irmotasunarekin salatzen horrelako adierazpenak. UKIPek ultraeskuinarekin dituen ageriko harreman estuen inguruan ere ez dute txintik esaten.

Zergatik apaltasun hori? Kontserbadoreen kasuan agian UKIPera “desertore” gehiago joango ote diren beldur direlako. Alderdi horren eta tory-en artean ez baitago desberdintasun handirik. Hori bai, tory-ek ez diote UKIP alderdiari sekulan irabaziko Europaren aurka hitz egiterakoan edota xenofoboagoa zein den erabakitzeko lasterketa dialektiko batean.

Gainontzean, bi alderdiok bat datoz auzi ugaritan, esaterako, NHS Britainia Handiko Osasun Publikoa pribatizatzeko asmoan. Biek ala biek kontuan izan beharko lukete, hala ere, hautesleek gogor zigortuko luketela instituzio historiko hori ukitzen ausartuko litzatekeen edozein alderdi. Gauza gutxi dituzte egun britainiarrek harro izateko, eta NHS da gutxi horietariko bat, kontserbadoreek beraien larrutan ezagutu duten moduan.

Ipar Irlanda

Zer eragin izango luke Ipar Irlandako bake prozesuan UKIP alderdiak Londresko Gobernua eskuratuko balu, edota gutxienez gobernuko kide bilakatuko balitz? UKIP alderdi unionista da, eta harrotasunez aldarrikatzen du gainera. Aurreikus daiteke, beraz, zein izango litzatekeen bere jarrera Irlandako auzian. Zehazki, Britainia Handia Europar Batasunetik atera ondoren, Ipar eta Hego Irlandaren arteko mugak berrezarri beharko liratekeela defendatzen du, eta horrek, noski, Irlanda osorako politika komunen ahultzea edo desagertzea suposatuko luke.

Egitasmo horrekin, Faragek bere alderdia hedatu nahi du Ipar Irlandan, eta badu kideak non bilatu: alderdi unionistengan hain zuzen ere. UKIPek Belfasten duen arduraduna David McNarry UUPko diputatu ohia da. Bere iritziz Irlandaren autodeterminazioaren alde daudenak gaizkileak dira. Udaleko bilerak kubatak edaten igarotzeagatik ezaguna zen DUPeko zinegotzi ohi bat ere UKIPera joan da egunotan...