Amagoia Mujika Telleria

Eider Eibar

Marrazteari inoiz utzi ez dion heldua dela dio berak. Haurra zela azkar deskubritu zuen marrazkiak balio ziola pentsatzen zuena, imajinatzen zuena eta amesten zuena kontatzeko eta horretan segitzen du. Larraitz Zuazorekin batera Dirudi enpresan dabil, ikus-entzunezkoak eta irudia lotzen. Eider Eibarrek egin du MunduKOloreak mapa.

E ider Eibar (Zornotza, 1980) marrazkilaria da bokazioz, lanbidez, pentsaeraz, hizkeraz, ikuskeraz. Pentsatzen duena, ikusten duena, imajinatzen duena, amesten duena marrazki forman sortzen zaio. «Txikitandik gustatu izan zait marraztea. Eskolaz kanpo marrazketa klaseetara joaten hasi nintzen, eta hor teknikak ikasi nituen. Niretzat bide oso naturala izan da. Maiz esaten dut inoiz marrazteari utzi ez dion heldu bat naizela. Marrazkia beti egon da oso presente nire bizitzan». Marraztea pasioa izatea gauza bat da, eta beste bat marrazkia lanbide bihurtzea. «Pauso hori zailagoa da, finean lanbide bat delako eta inork ez duelako lanik egin nahi, betiko haur izan nahi dugu, ezta? Baina zer hoberik gustatzen zaizuna izatea juxtu zure lanbidea? Oso pozik nago bizitza irabazteko nire moduarekin».

Eibarrek esan bezala, bere bizitza txikitandik oso bideratuta egon da lapitzak markatzen duen lerro horretara, zuzena batzuetan eta kiribildua besteetan. «Arte Ederrak ikasi nituen eta geroztik egin ditudan lan guztiak marrazkiarekin oso lotuta egon dira. Formatu desberdinetan, teknika desberdinak erabiliz, baina irudia beti egon da presente nire bidean. Kontsumitzailea naiz eta baita sortzailea ere».

Gaur egun, Dirudi enpresan dabil Larraitz Zuazorekin batera (www.dirudi.eus). «Larraitz ikus-entzunezkoetan aritzen da, eta, ni, marrazkigintzan. Dirudin bion jakintzak batzen ditugu eta emaitza askoz politagoa da». Bideogintzan eta irudigintzan lan esanguratsuak egin dituzte Dirudi enpresan: Berri Txarrak taldeak “HARIA Tour 2012-2013” bira bukatu ostean zaleei eskainitako bideoaren grabaketa, edizioa eta postprodukzioa; Gari abeslariaren “No Space No Time” abestiaren bideokliparen edizioa eta postprodukzioa; Kilometroak 2011 jairako bideokliparen edizioa eta postprodukzioa, edota “Beldur Barik 2012” kanpainaren spotaren grabaketa, edizioa eta postprodukzioa, besteren artean. Irudigintzan ere MunduKOloreak mapa baino lehenagokoa da Eibarrek GARA egunkariarekin daukan harremana. Izan ere, Katixa katu botadunaren ipuinetan marrazkiak bereak dira (Peru Magdalena idazleak eta Eider Eibarrek Juul saria eskuratu zuten lan horregatik), eta baita haur kanten bildumako ilustrazioak ere.

Lanerako erreminta desberdinak

Haurren liburuetarako ilustrazioak egiten ditu batez ere Eider Eibarrek. Eta horretarako, material desberdinekin saio eta esperimentuak egitea izugarri gustatzen zaio. «Teknika oso desberdinak daude, baita material anitzak ere. Aukera asko daude eta gustatzen zait saltsan ibiltzea, batez ere eskuzko marrazkietan aritzen naizenean. Beste batzuetan zuzenean ordenagailuan hasten naiz, eta hor ere aukerak ugariak dira. Lanaren ezaugarrien arabera bide bat edo bestea hautatzen dut. Niretzako ordenagailua lanerako beste erreminta bat da, akuarelak, lapitzak edo akrilikoak bezalaxe. Lanaren eta lortu nahi dudan emaitzaren arabera hautatzen dut erreminta».

Esan bezala, haurren munduan aritzen da batez ere. «Gustatzen zait eta eroso sentitzen naiz, baina azkenean mundu horretatik iristen zaizkit enkargu gehienak, eta horregatik aritzen naiz haur munduko argitaletxeetan. Helduentzako lanak egin izan ditut, askoz gutxiago, baina oso gustura egin ditut. Ona iruditzen zait haurren mundutik atera eta beste lan batzuk egiteko aukera, eta horretan saiatzen ari naiz orain».

Izan ere, ilustrazioa estu lotzen da haurrekin. «Badirudi haurrentzako materialek derrigorrez marrazkiak behar dituztela, eta, alderantziz, helduenek ez dutela marrazkirik onartzen. Helduak bihurtzen garenean, marrazkia desagertu egiten da gure bizitzatik, eta ez dut ulertzen zergatik. Egia da gero eta heldu gehiago dagoela marrazkiaren zale eta kontsumitzaile dena. Komikizale asko dago, marrazki bizidunen filmak ikustera joaten diren helduak badaude.... Badirudi marrazkiak umeen gauzak direla, eta ez dutela balio gauza serioez hitz egiteko. Baina ez da horrela. Marrazkia, finean, irudia egiteko beste teknika bat besterik ez da. Mezuan dago edukia, eta mezu hori nahi duzun bezala konta dezakezu, baita marrazki bidez ere».

Sorkuntzak baditu bere uneak eta erritmoak. Sorkuntza izan daiteke plazera, baina baita sufrikarioa ere. Batzuetan aise dator, besteetan bultzaka. «Praktika hartzen duzula uste dut. Noizbait pentsatu izan dut: eta ideiak amaitzen zaizkidan egunean, zer? Ba patata tortillak egingo ditut saltzeko! Ideiak edukitzen ere ikasi egiten da, ikasten duzu zure burua lantzen eta sortzeko jarreran jartzen. Askotan ideiak bat-batean datoz, autobusean zoazela, eta beste batzuetan zure burua ariketa horretara jarri behar duzu. Lan honetan hau, hau eta hau kontatu behar dut. Eta horiek lantzen hasten zara, ideiei bueltak eta bueltak ematen, eta azkenean hurbiltzen zara nahi duzunera. Nik kontzeptuak lotuz sortzen ditut ideiak. Beste gauza bat da, noski, ideia onak edo txarrak izatea. Baina ideiak izatea bera ez zait hain zaila iruditzen». •