Gotzon Aranburu
mendebaldeko sahara

Manifestazio bat egingo da Bilbon, okupatutako herriaren eskubideen alde lan egiteagatik zigortutako gaztearen alde

Arratsaldeko 5etan abiatuko da, Bilboko Arriaga antzokitik, Hassanna Aalia Mendebaldeko Saharako ekintzaileari asilo politikoa eman diezaioten exijitzeko manifestazioa, berrogeiren bat elkarte, sindikatu eta alderdi politikok deituta. Aaliari bizi osorako kartzela-zigorra ezarri zion Marokoko auzitegi militar batek.

Oso gaztea da Hassanna Aalia, baina ez bere nerabe aurpegiak aditzera ematen duen bezain gaztea. Hala ere, gurean ezagun egin da azken egunotan, okupatutako herriaren ikur moduan. Bera bizi den Hernaniko kaleetan, esaterako, makina bat txartel ikus daitezke egunotan, taberna eta dendetan.

Berarekin kalean joanez gero, herritar ugari ikusiko ditugu gaztea agurtzen eta animoak ematen. Gainera, joan den asteartean 500 lagun inguruk elkartasuna adierazi zioten, helburu berarekin egindako udalbatzaren ondoren.

Prentsaurrekoak eman behar izan ditu eta telebista eta irratiak ere bisitatu izan ditu, betiere berak eta bere herriak jasan duten jazarpena ezagutzera emateko asmoarekin.

Hassanna Aalia Aaiun hiriburu okupatuan jaio zen, 1988an. Euskal Herrian saharar herria aipatzen den bakoitzean, Tindufeko iheslari eremuak etortzen zaizkigu burura, urte asko pasatu baitira oinarrizko produktuak eta janariak biltzen hasi zirenetik Aljeriako basamortuko puntu hartara bidaltzeko. Gainera, urtero, udan, kanpalekuetan bizi diren umeak Euskal Herrira etorri izan dira.

Tindufeko kanpalekua Fronte Polisarioak administratzen du. Bertako bizi-baldintzak negargarriak badira ere, esan daiteke sahararren eremu libre bat dela.

Baina saharar herriaren beste zati handi bat Marokok okupatuta daukan lurraldean bizi da. Aaiun da okupatutako eremuaren hiriburua.

Rabateko gobernuak dio lurralde hori berea dela, jakina. Mendebaldeko Sahararen izaera aldatu nahian, milaka marokoar eraman ditu bertara 1976az geroztik. Kolonizazio prozesu berri bat, aurrekoa itxi gabe utzi eta gero.

Gdeim Izikeko kanpalekua

Baina Mohamed VI.aren erreinuak ez du lortu sahararrek beren nortasun nazionala ahaztea. Ezta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeari utzi diezaioten ere. Burujabetza nahi dute, inolako iruzurrik gabe.

Begirale batzuek Arabiar Udaberriaren abiapuntutzat hartzen duten Gdeim Izikeko erresistentzia kanpalekua nabarmentzeko modukoa da, burujabetzaren aldeko mobilizazio prozesu horretan. 20.000 lagun inguruk esku hartu zuten 2010eko urriko protestaldi baketsuan (Tunisiako matxinada abenduan hasiko zen, eta 2011ko urtarrilean Ben Ali diktadoreak herrialdetik ihes egin beharra izan zuen).

Baina festa eta aldarrikapen giroko protestaldia tragedia bihurtuko zen, 2010eko azaroaren 8an. Marokoko segurtasun indarrek eraso egin zioten kanpalekuari. Agintariek emandako bertsio ofizialaren arabera, eremua husteko borroketan hamaika polizia hil zituzten manifestariek.

Hassanna Aalia bertan zegoen. Ez du inoiz ahaztuko hilabete berezi hura: «Libre sentitu nintzen lehen aldia izan zen. Eskolan konturatzen gara gure herrialdea okupatuta dagoela, irakasleak ere, marokoarrak, jazarpen sistemaren zati baitira. Gdeim Iziken, aldiz, erabat libre sentitzen ginen», adierazi digu ekintzaile gazteak.

Askatasunarekin batera, beldurra ere sentitu zuen orduan, Poliziak atxilotzeko arriskuak eragindako beldurra. Bazekien segurtasun indarrak bere bila zebiltzala. Bi hilabete egin zituen ezkutatuta, baina azkenean harrapatu egin zuten. Epaitegi zibil batek lau hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion. Denbora gutxi izanik, espetxera joan beharrik ez zuen izan. Hala ere, garbi zegoen Marokoko erregearen atzaparretatik ihes egitea komeni zitzaiola

«Aaiun utzi eta kanpoan ikasten hastea erabaki nuen. Nire asmoa kanpoan hilabete batzuk egitea zen. Madrilera joan nintzen aurrena, eta Bilbora gero, 2011ko martxoan. Etxera itzuli nintzen pixka batean, eta gero berriz Euskal Herrira etorri nintzen, urte bereko urrian», esplikatu digu bere ibilbidea.

Giza eskubideen inguruan gaitzeko beka bat eskuratu zuen, hitzaldiak eman zituen Europan eta beste kontinenteetan, betiere Mendebaldeko Sahararen independentzia aldarrikatuz. «Normaltzat» har dezakegun bizimodu hori hankaz gora joan zitzaion, Rabateko gobernuak bera atxilotzeko agindua eman zuela jakitean. 2013ko otsailean berriz epaitu nahi zuten, baina oraingoan auzitegi militar batek. Auzi-ihesean epaitu zuten, eta bizi osorako kartzela-zigorra ezarri zioten.

Rajoyren ezezkoa

Epaiaren berri izatean, berehala eskatu zion asilo politikoa Rajoyren gobernuari. Hilaren 19an, eskaria egin zuenetik ia bi urte pasatuta zeudenean, iritsi zitzaion erantzuna: ezezkoa.

«Asiloa ukatzen didaten idatzian bertan, Barne Ministerio espainolak onartzen du giza eskubideen aldeko ekintzaile bat naizela, Marokoren errepresioaren biktimei laguntzeko elkarteetako kide izateaz gain; eta tratu txarra eman zidala Poliziak, atxilotuta eduki ninduenean. Ministerioak badaki Marokok okupatutako Saharara itzuliz gero torturatua izateko arriskua dudala, edo komisarian bortxatua izatearena, bost laguni gertatu berri zaien moduan. Baina argudio horiek ez dute ezertarako balio Ministerioko arduradunentzat, beraientzat askoz ere garrantzitsuagoa baita auzitegi militarrak ni zigortu izana, nahiz eta ni ez nintzen bertan egon eta, beraz, ez nuen nire burua defenditzeko aukerarik izan», jakinarazi digu saharar gazteak.

Orain, egun gutxi batzuk dauzka Estatu espainoletik alde egiteko. Bere herriaren eskubideak defenditzen 17 urte zituela hasi zen Hassanna Aalia. Askotan atxilotu izan dute Marokoko segurtasun indarrek: «Erabat isolatuta eduki naute, makurrarazi naute, jipoitu... gure herriaren autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzen diren milaka lagun bezala».

Segundo bat bera ere galdu gabe, Euskal Herriko makina bat erakunde eta eragile politikok bat egin dute Hassanna Aaliarekin. Baita gobernuz kanpoko erakunde, elkarte eta herritarrek ere. Asilo politikoa exijitzeko sinadura bilketa bat jarri dute abian.

CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea arduratu da kasuaren alderdi juridikoaz. Javier Canivell CEAR-Euskadiko abokatuak oso garbi dauka Aaliak baldintza guztiak betetzen dituela asilo politikoa eman diezaioten. Beraz, gobernu espainolak ez du betetzen sinatu dituen giza eskubideen defentsarako nazioarteko itunek diotena.

Instituzioei dagokienez, Gasteizko Parlamentuak Barne Ministerioari erabakia berraztertu dezan eskatu dio, EH Bilduk aurkeztutako proposamenak jaso moduan. Era horretan, bat egin du Amnesty International eta Human Rights Watch taldeekin, besteak beste.

RUSLAN AVDOYANEN KANPORAKETA

Euskal Herrian, asilo politikoa eskatzen dutenen aurkako jazarpena mugaren bi aldeetan gertatzen da. Hegoaldean, Hassanna Aalia saharar ekintzailea edozein momentutan kanporatua izateko arriskuan dago; iparraldeko Ruslan Avdoyan kurdu armeniarra dagoeneko kanporatu dute, indarra erabiliz eta Euskal Herrian emaztea eta hiru seme-alaba utzita.

Ruslan Avdoyan Hassanna Aalia baino pixka bat gazteagoa da, 25 urte besterik ez baititu, baina bere ibilbidea sahararrarena bezain konplexu eta gogorra izan da. Yezide gutxiengoko kide izanik, herrialde batzuetara ez azaltzea hobe, erlijio horretako jarraitzaileek sekulako jazarpena jasaten baitute.

Yezidiak zertxobait ezagunagoak egin dira azken hilabeteotan, Estatu Islamikoak beraien aurka Irakeko iparraldean egindako erasoen eraginez. Ehunka pertsona hil dituzte jihadistek.

Gainera, kurdua izateagatik beste jazarpen mota bat ere jasan behar izan du. Emaztearekin eta bi seme-alabekin batera egin zuen ihes. Hirugarrena Estatu frantsesean jaio zen. Bertan eskatu zuen asilo politikoa, baina OFPRA Aberrigabeak eta Iheslariak Babesteko Frantziako Bulegoak ez ematea erabaki zuen.

Estatu frantseseko Poliziak garrantzirik gabeko delitu txikiak leporatu izan dizkio. 2013ko azaroaz geroztik Baionako kartzelan zeukaten. Agintari frantsesak hiru aldiz saiatu ziren kurdu armeniarra kanporatzen, baina berak agertutako erresistentziak egitasmo horiek hankaz gora botatzea lortu zuen.

CIMADE elkarte protestanteko Euskal Herriko taldeak Avdoyan ez kanporatzea exijitzeko elkarretaratzea antolatu zuen urtarrilean, Baionako suprefeturaren aurrean. Hala ere, agintariek ez zieten manifestariei jaramonik egin eta eskuak lotuta zituela, jendarmeek hegazkin batera igo zuten, hilaren 14an, Paris hiriburuan, bere anaiak esplikatu duenez.

CEAR batzordeak asilo politikoaren inguruan egin duen azken txostenak dio 2013an 435.000 lagunek eskatu zutela asiloa Europar Batasunean. Alemanian egin ziren eskari gehien: 109.580.