Amagoia Mujika Telleria
ARGAZKILARIAK

«Bidaia osoa detaileak errepasatzen ematen genuen, baina inoiz ez genekien gero zer pasatuko zen»

Urte batzuk joan dira 1998ko abenduaren 30 hartatik. Ordutik, beren kamerekin jasotako gertaerak ere ehunka dira. Elkarren ondoan jarrita gogoratu dituzte Ander Gillenea eta Jon Urbe argazkilariek 1998-1999 urteen bueltan Estatu espainolean barna solidarioen atzetik egindako kilometro mordoa. Urte asko pasatu dira, tentsio handiko uneak izan ziren eta memoriak modu bitxian jaso ohi ditu horrelakoak. «Lehena Algecirasko espetxekoa izan zen. Olentzero espetxeko leiho batera igo eta rotaflex batekin barrak mozten saiatu zen. Su-etenaren garaia zen eta asko sumatu zen giroan. Herritarrek animatu egiten zituzten solidarioak, txalotu. Gogoan dut urtebete geroago, Olentzeroren bigarren ekintzan, dagoeneko su-etena bertan behera geratu ondoren, giroa oso bestelakoa zela eta handik korrika atera behar izan genuela. Beldurra pasatu genuen», hasi da gogoratzen Urbe. Orduan eskura zituzten baliabide teknologikoek ez dute antzik egungoekin. Orduan ez zen hain erraza argazki bat atera eta segidan erredakzioetara bidaltzea. «Karretearekin lan egiten genuen. Gogoan dut Marbellako argazki-denda batera joan ginela, ordubetean argazkiak errebelatzen zituen horietako batera. Gure kezka nagusia zen argazki-dendakoak argazkiak ikustean zer egingo ote zuen, Poliziari abisua emango ote zion. Bueltatu ginen argazkien bila eta ez, ez zuen halakorik egin. Bigarren urratsa, argazkiak bidaltzea zen. Horretarako, bidean jatetxe batean geratu ginen eta zerbitzariari argindarra eta telefonorako konexioa eskatu genizkion. Oso tipo jatorra zen. Eman zizkigun eta han genbiltzan, plater artean, argazkiak Euskal Herriko erredakziotara bidali nahian. Halako batean, zer bidaltzen ari ginen konturatu zenean, zerbitzariak abisua eman zigun: ‘Bukatu azkar horrekin. Niri ez zait axola, baina nagusia zertan ari zareten enteratzen bada, ederra daukazue’», segitu du Urbek. «Nik argazkiak errebelatzeko kutxa propioa nuen. Kutxatxo bat nuen horretarako prestatuta. Eta horrekin ere aritzen ginen batzuetan», zehaztu du Gilleneak.

Bi foto-kazetariak maiz elkarrekin aritu ziren solidarioen ekintzak jasotzen. «Guk hasieratik esan genien garrantzitsua zela guk distantzia mantentzea. Ekintzaren berri emango genuen, horretarako gutxieneko informazioa izan behar genuen, baina gu ez ginen taldeko kide. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun distantzia hori eta objektibotasun hori mantentzea», nabarmendu dute. Hartara, bidaia ere bere aldetik egiten zuten, autoan gehienetan eta gauez. «Bidaia guztia detaileak errepasatzen ematen genuen, aukerak aztertzen, arazoak aurreikusten... baina gero inoiz ez genekien seguru zer pasatuko zen».

Esteban Nietoren argazkia

1999. urteko apirilaren 5ean Puerto Realgo erietxean ziren, solidario talde batekin batera. Esteban Nieto euskal presoa oso gaixorik zegoen erietxean, eta harengana iristea zuten helburu solidarioek. «Batzuek eraikinaren kanpoaldetik sartzen ahalegindu behar zuten eta beste batzuek, barrutik. Gu biok joan ginen eta lana banatu genuen, bat kanpoan geratu zen eta bestea barrukoa egiten saiatuko zen. Ni kanpoan geratu nintzen eta Jon sartu zen barrura», hasi da kontatzen Gillenea. «Informazio gutxi genuen. Gelako zenbakia eta gutxi gehiago. Kamera txiki bat hartu nuen, ezkutatuta eraman ahal izateko. Solidarioak gelara sartu eta minutu batzuetara agertu nintzen ni. Ez nekien zer topatuko nuen. Kamerarekin gelan sartu eta trabatu egin zitzaidan, botoia sakatu eta sakatu eta ez zuen argazkirik ateratzen. Azkenean, argazki bat ateratzea lortu nuen. Gogoan dut poliziak eta Esteban Nieto bera harrituta geratu zirela ni han agertu nintzenean, ‘eta hau, zein da?’, pentsatuko zuten. Argazki bakarra atera eta pasillotik korrika atera nintzen. Kamera ezkutatu eta normaltasuna irudikatu nahian iritsi nintzen kaleraino. Eta Ander han zegoen, zain. Kotxean sartu eta ziztu bizian abiatu ginen», segitu du Urbek.

Bidean geratu eta ostatu bateko gelan, Gilleneak eraman ohi zuen kutxan errebelatu zituzten argazkiak. Kanpokoak bai eta barrukoak ere bai. Helburua beteta, beraz. «Euskal Herrira bueltan, erredakziotik deitzen ziguten, polizia argazkilarien bila zebilela kontatzeko. Horrelakoetan, gu burbuila batean bezala egoten ginen, ez genekien oso ondo zer pasatzen zen hortik kanpo. Gure lana argazkia lortzea zen eta horretara jartzen ginen», zehaztu dute.

Batzuetan, baina, gauzak ez ziren espero bezala ateratzen. «Beste batean, Madrila joan ginen, PPren kongresu batean egitekoak ziren ekintza baten harira. Aparteko pabilioi batean zen kongresua, asteburua zen eta poliziak nonahi zeuden. Iritsi orduko konturatu ginen oso toki txarra zela ateratzeko. Solidarioak ere iritzi berekoak ziren, eta bertan behera utzi zuten prestatutakoa», esan du Gilleneak. «Bai. Barajas inguruan geratu ginen atseden hartzera eta han oso ezaguna egiten zitzaidan gizon bat ikusi nuen, ondo-ondoan. ‘Ezagutzen dut, zein da hau?’, esanez jardun nintzaion Anderri. Ez ginen konturatzen. Eta ja joanda zegoenean konturatu nintzen, ‘aiba, Pedro Duque zen!’. Espainolen artean heroi bat zen, espaziora joandako lehen astronauta espainola izan zelako. Moda-modan zegoen. Gurekin argazki bat ateratzeko esan izan bagenio, seguru baietz esango zigula. Gutxienez hori ekarriko genuen bidaia hartatik», gogoratu du umorez Urbek.

Sevillako Giraldillak

1999. urteko abuztuaren 20an Sevillan zegoen Ander Gillenea. «Hegazkinez joan nintzen. Ni iritsi nintzen, baina errebelatzeko kutxa, ez. Iritsi orduko argazki denda batera joan eta errebelatzeko materiala erosi behar izan nuen. Baina oso era prekarioan aritu nintzen. Pentsa, hoteleko ile lehorgailuarekin lehortu nuen argazkia», hasi da kontatzen. Detaile handiz gogoratzen ditu Sevillan emandako egunak, intentsitate handikoak izan zirelako eta euskal presoen aldeko Giraldillek munduari buelta eman ziotelako. Kanpotar despistatuaren plantak eginez lortu zuen Atletismoko Munduko Txapelketaren hasierako ekitaldia egin zuten estadiora sartzea. «Ezin ziren kamerak sartu. Nik kamera bat eta objektibo handi bat neramatzan aldean. Sarreran zeudenen artean sinpatikoa zirudien neska bat aukeratu nuen. ‘Ez didazu utziko horrela sartzen, baina...’ eta, berak ‘quillo’ esanez baietz, sartzeko. Giraldillak sartzen ere ikusi nituen, erraz. Pentsa, handiak zirenez ate handi bat ireki zieten, apropos ondo sartzeko. Eta zuzenean oholtzaraino gidatu zituzten», gogoratu du. «Barruan nintzen. Oholtzaren azpiko partean sartzeko sarrera neukan, argazkilari mordo batekin batera. Despistatuarena egiten jardun nuen denbora guztian, Espainiako ejertzitoaren maniobrekin txundituta banengo bezala. Ordurako giraldillak sartzen ikusi nituen, arazo handirik gabe. Gogoan dut Sevillako gazte bat ere bazegoela, solidarioen lagun bat, bideo kamera batekin».

Gilleneak kontatzen duenez, inguruko argazkilariak mundu mailako argazki agentzientzat ari ziren lanean, karreteekin artean. «Antolakuntzako komunikazio arduraduna maiz pasatzen zen argazkilarien artetik, haien karreteak hartu eta errebelatzera eramateko. Bera arduratzen zen argazkiak lehenbailehen agentzietara bideratzeaz. ‘Karretea? Zein agentzia?’, galdetu eta eramaten zituen. Bitan etorri zen nigana, nire karretea hartzerik nahi ote nuen galdezka, eta nik bitan ezetz, oraindik ez nuela behar. Tipoa harrituta geratzen zen, ‘honek ez ote dauka presarik?’, pentsatuko zuen». Azkenean, Giraldillak oholtzara iritsi ziren, tela bat erantzi eta “Repatriation Bask prisoners” leloa bistaratu zuten. Hogei minutu eman zituzten oholtza gainean. «Niri izugarri luzea egin zitzaidan. Argazkiak atera eta handik lehenbailehen alde egiteko unea zela ikusi nuen. Poliziaz eta erret familiaren eskoltez inguratuta nengoen. Poliziaren buruarengana gerturatu nintzen zuzenean, gehien agintzen zuenarengana. Ordurako nahasmendu handia zegoen. Begira-begira geratu eta ‘¿el baño?’, galdetu nion. Ez zuen espero, eta berehala esan zidan non zeuden komunak. Hara bidean, poliziak etorri eta etorri ikusten nituen, eta denak begira geratzen zitzaizkidan. Eta nik, denei; ‘¿el baño?’. Iritsi nintzen komunera. Barrura sartu eta minutu bat itxoin nuen. Oso urduri nengoen. Atera eta bidean zeuden polizia guztiei galdetu nien, ‘¿la salida?’. Eta horrela lortu nuen ateratzea, juxtu giraldillak eta solidarioak atera zituzten ate beretik. Ja kanpoan, sekulako argazkia ikusi nuen: bi giraldillak eta solidario taldea paretaren kontra jarrita, eskuak gora, eta polizia mordoa inguruan. Baina ezin nintzen arriskatu. Bizkor-bizkor atera nintzen handik, argazki hura atera ez izanaren penaz. Kostata, taxi bat topatzea lortu nuen, eta hotelera eramateko eskatu nion. Eta, taxistak: ‘Que dicen que han aparecido etarras en el estadio. Estos etarras son tremendos...’. Esan nion zerbait entzun nuela, baina ez nekiela ezer askorik».

Iritsi zen azkenean hotelera, bidali zuen argazkia eta han geratu zen, Sevillako hotel batean bakarrik, Polizia bere bila etorriko zen jakin gabe. «Ordurako banekien argazkilari baten bila zebiltzala eta pentsatu nuen ezin nuela hotel horretan bakarrik gelditu. Trago batzuk hartzera atera nintzen eta goizeko laurak arte flamenkoa entzuten egon nintzen. Hotelera bueltan, ez nekien zer topatuko nuen. Azkenean, lortu nuen bueltako hegazkina hartzea. Eta, gainera, nire errebelatzeko kutxa aireportuan azaldu zen», segitu du Gilleneak. Euskal Herrirako buelta beti luzea izaten zen, tentsio horrekin ez baitziren aise iristen etxera. Emaitzak merezi zuen; orduan, ekintza horien berri eman zutelako, eta gerora, argazki horiek oinarrizkoak direlako ekintza koloretsu eta irudimentsu horien berri emateko.