Jose Angel Oria
IKUSMIRA

Malak, Estatu «demokratiko» baten lotsa

Urtean 700en bat ume epaitzen ditu Israelek bere auzitegi militarretan. Hamabi urte beteta izatea nahikoa da herrialde «demokratiko» hartako legediaren arabera auzitegi horietako baten aurrera joan behar izateko... palestinarra izanez gero, jakina! Bi irudietako erretratuetan ageri den 14 urteko neska Malak da, une honetan okupatzaileek kartzelan duten neska palestinarrik gazteena. «Nola da posible nahi dituen arma guztiak dituen Israel nire alabaren aurrean mehatxatuta sentitzea?», galdetu zuen Ali al-Jatib aitak (beheko irudian). Berarekin bat egin dute herritar gehienek eta, bai hedabideetan bai sare sozialetan, Malaken aurpegia bazter guztietan ageri da. Abenduaren 31n harri bat hartu omen zuen Malakek kolonoek Zisjordanian erabiltzen duten errepide batean. Horregatik epaitu zuten urtarrilaren 21ean eta bi hilabeteko kartzela-zigorra eta isuna ezarri zizkioten. Umeak berak egindako adierazpenak nahikoa izan dira epaileentzat. Beste inon ez da horrelakorik gertatzen, UNICEFek gogorarazi duenez. j