Iker Barandiaran

Eragileen motibazioa landu

Topaldian kulturgintzaz jardun zen eta asko hitz egin zen berrasmatzeaz, gaur egungo garaietara egokitzeaz eta motibazioa lantzeaz. Ez dut esango atsekabea nagusi izan zenik, baina hainbeste indar eta gogo jartzen den horretan hartzaileengandik feedback handiagoa lortu eta horren aurrean asmatzeko nahia agertu zen.

Musikaren esparruan gauza asko aldatu dira, hainbeste garai batean ezagutu genuena ia irauli dela. Gezurra da musikak bere balioa edo balioak galdu dituela, batzuek “arengatzen” duten arren. Oraindik ere eginkizun garrantzitsuak betetzen ditu gizartean, adin, gizarte maila, joera, pentsaera eta sentsibilitateen tamainakoak ia. Pertsona eta giza talde guztiok ez dugu musika modu berean ezta helburu berarekin entzuten; eta momentu guztiak ez dira berdinak.

Entzulearentzat musikak alaitzeko, suspertzeko, deskonektatzeko, sentitzeko, amesteko, ikasteko, amorratzeko, bat egiteko zein konektatzeko balio dezake. Eta musika idatzi, interpretatu edo zabaldu nahi duenarentzat bide izan daiteke sentsazioak, emozioak, mezuak edo entretenimendu hutsa atera eta zabaltzeko.

Batzuek esan ohi dute musikak, oro har, galdu duela bere funtzio sozial eta politikoa –politika ez da bakarrik alderdi politikoen ingurukoa–, gaur egungo hartzaileentzat dibertimendu hutsa dela, ez besterik. Ez da horrela, eta are gutxiago Euskal Herrian. Baina egia da gaur egun musika sortu eta kontsumitzeko moduetan kontzientziak iratzarri edo pizteko zein eraldatzeko nahia nabarmen moteldu dela.

Azken 30 urteotan kontzertuek bilakaera eta gorabeherak izan dituzte, eta horretarako azpiegitura, interesa eta ilusioa eraldatzen joan dira. Euskal Herrian, iraganekoa ahaztu gabe, 80ko hamarkadan hasi zen tamainazko kopuruko kontzertuen antolatzea, eta batez ere nagusitu zen rockaren kasuan. Batetik, baliabide oso-oso gutxirekin baina tonaka ilusio bizkarrean hartuta, txanpinoiak moduan hasi ziren taberna, plaza, kale zein etxabeetako zuzenekoak. Eta, bestetik, lehen promotoreen eskutik, Espainiako eta urrunagoko taldeen bisitak biderkatu ziren. Punkaren eztandak musika taldeak eta zaleak ia ezerezetik abiatuta gutxieneko azpiegitura sortzera bultzatu zituen: gaztetxeak, fanzineak, irrati libreak, lehen diskoetxeak, grabazio estudioak…

90eko hamarkadan azpiegitura hori garatu eta egonkortu egin zen; eta bide eman zion musika estilo gehiago esperimentatu eta zabaltzeari. Iraganeko diskoteka eta dantzalekuek lekua egin zieten espresuki sortutako kontzertu areto eta kafe antzokiei. Baina, horien aurretik, diskoetxe, grabazio estudio eta batez ere gaztetxeak biderkatu ziren. Ia herri guztietan okupatzen ziren gazteentzat lokalak, kontzertu programazio handia zuten eta ateak ireki zitzaizkien gurean garatzen ari ziren musika estilo ugariei; ez bakarrik okupazioarekin eta mugimendu autonomoekin lotura zuzenena zuten punk eta hardcoreari.

Musikak profesionalizazioa bizi izan zuen hainbat alorretan: musikari batzuen kasuan eta gehiago horren inguruan dauden beste lanbide batzuetan (diskoetxe, grabazio estudio, teknikari…). Aldi berean, hainbat udalek kultura teknikariak jarri zituzten eta erakunde publikoetatik ere eskaintza iraunkorragoak lantzen hasi ziren. Gaztetxeek eta bestelako ekinen burujabeek topera jarraitu zuten kontzertuak antolatzen.

Baina denboran jauzia eginez, bizi dugun krisi ekonomikoak eta BEZaren biderkatzeak udalen ekimena izugarri murriztu du, eta musikari asko biziraun eta aurrera egiteko ipar gabe gelditu dira. Gaztetxeak, ordea, lehen baino gutxiago daude eta kontzertu gutxiago antolatzen dituzte. Zergatik? Publikoak ematen duen babes txikiagoari batu behar zaio, Euskal Herriko eta kanpoko taldeen eskaintza eta jotzeko nahia hain handiak izanda, gaztetxeetako programatzaileak –boluntarioak, jakina- talde uholde ase ezinarekin erabat gain eginda daudela eta egin nahi dutena aukeratzeko tarterik hartzen ez dutela. Eta hori gabe, desmotibatu eta desilusionatu egiten direla. Azken finean, lan boluntarioan egiten duzuna egiteagatik, egin izanagatik disfrutatu behar da. Baina behin baino gehiagotan antolatzen duzun hori zugan pentsatzen egin behar duzu, eta ez beste inorengan. •