Jon Garmendia
infraganti

FAUSTO GROSSI

Badira lanpostuarekin identifikatu ezin diren pertsonak, beren ogibidetik at hamaika gauza desberdin egiteko gai direnak, horietako bakoitzarekin izaera arruntari distira ezarriz, nolabait, anonimotasuna atzean utzita besteren ahotan ibiltzeko. Horietako bat da gure gaurko pertsonaia, jakintza-alor anitzeko artista, poeta, litografoa, bitxigilea, diseinatzaile grafikoa, performerra, eta baita sukaldaria ere, azken garaiotan su arteko lanei esker telebistan ere ezagun egin baita Fausto Grossi.

Irribarre handi batekin eman zaigu ezagutzera Donibane Lohizunen; irribarrea, nor eta nolakoa den errateko baliatzen duen lehen arma, bestea hitza baita, entzule bat atzeman orduko, tertulian gustura aritzen den pertsona delako italiarra. Grossi 1954an sortu zen Arcen, Frosinoneko probintzian, Erromatik hegoalderantz dagoen sei mila biztanleko nekazarien herrixka batean. «Italian sortua naiz, bai, baina nik ez nekien italiarrez hitz egiten, hau da, arcesiarra zen nire ahotik ateratzen zen hizkuntza», eta segidan galdegin diogu lengoaia horren berri; «arcesiarra ez da italiarra ez den beste hizkuntza bat, baina, era berean, beste hizkuntza bat da; ulertu duzu, ezta? halere, idatz ezazu ‘tx’ erabilita, hobe ulertuko baitu irakurleak» (‘ce’ hori ‘txe’ ahoskatzen dela azpimarratzen digu behin eta berriro, eta ongi ahoskatu dugun arte eduki gaitu hitza errepikatzen; tematia den seinale). «Erromara joatean italiar hizkuntza ikasi behar izan nuen, unibertsitatera joan nintzen hara, bai, maite nuena ikastera, baina ikasi beharreko beste zerbait banuela ohartu nintzen segidan, ongi idazten adibidez; entzutera eman gabe hitz asko jan egiten nituen, desberdin ahoskatu bestela, nolabait euskararekin konparatuko nuke, urteotan hala ikasi dut, hau da, adibidez, ez da berdin Ondarroako hizkera eta euskara batua. Bai da baina ez da. Eta gauza bera gertatzen da italiar hizkuntzarekin eta arcesiarrarekin».

Urte anitz daramatza Euskal Herrian Faustok, Bilbon bizi baita bere emaztearekin 90eko hamarkadaz geroztik, eta han du bere lantokia gainera. «1992a izango zen emaztea eta biok Euskal Herrira etorri ginen urtea, Bilbora. Badakizu bilbotar bat edozein lekutan jaio daitekeela, ezta? Gero, noizbait, bere jatorrira itzuli behar du, erroetara, sorterrira, etxera; halako zerbait izan zen nire kasua», irri karkaila egiten du esaldi hau aipatzearekin batera, eta bere portaeraren azalpenarekin lotzen da. «Umorea ezinbestekoa da niretzat, umorea iraultzailea da, umore kritikoak beste ezerk baino gehiago hurbiltzen gaitu gertaera orotara, errealitatea taxuz neurtzeko baliagarri da, zuzena da, zehatza, arazoak agertzeko balio du, eta hein batean arazo horiek konpontzeko ere bai». Lisboan aurpegi zuri eta sudur gorriko pailazoz jantzi, eta “Ni pailazo bat naiz” pegatina oparitzen ibili zela kontatu digu jarraian; «paparrean janzten zuen pertsonak denbora tartetxo bat behar zuen kritikaz ohartzeko, pentsarazi egiten zien seinale», gogoratu du, eta, Grossik, «kritikara bezainbat terapiara» bideratu nahi izan zuen ideia.

Euskal lurretara etortzearen arrazoia motibo serioekin lotu da jarraian: «Euskal arte garaikideak deituta etorri nintzen, garaian ezagutzen nuen euskal artisten lana, Oteiza, Chillida... Horiek famatuak ziren, baina niri artea orokorrean gustatzen zitzaidan, eta interesatzen zitzaidan hemen egiten zen lana, arte garaikidea, puskatzailea; jendea ezagutu nahi nuen bestalde, eta ikasten jarraitu; azkenik, herritik ateratzeko aitzakia ere bazen, norabait joateko motiboa, eta hemen nago geroztik, jadanik euskaldun egin naiz maila batean». Eskultore ezagunak aparte utzita euskal artisten artean gustukorik baduen galdegin diogu orduan, «niri Txerra gustatzen zait asko, nabarmentzekotan bera hautatuko nuke, Jose Ramon Morquillas» aitortu digu, eta artista plastiko, margolari eta poeta hau zergatik maite duen azaltzera lotu da: «Arauak hausten ditu, beti urrunago begiratzen du, eta proposamen ausartak dira bereak. Oroitzen dut polemika sortu zuen bere erakusketa bat: langabe bat kontratatu zuen, hilabeterako, eta aulki batean eserita egotea zen bere eginbeharra, besterik ez. Horrela, Morquillasek, langabearekin gizarteari agertu zion gizarteak berak sortutakoa. Oraintsu, Bilboko Arte Ederren Museoan agertzeko erakusketa bat prestatzen ari zen eta bertan behera utzi diote, pentsa noraino den transgresorea».

Faustok arte ederrak ikasi zituen Erromako Unibertsitatean, eskultura arloan espezializatu zen, eta hiru hilabeterako Erasmus beka bat eman zioten kanpoan ikasten jarraitzeko. Aukera on bat zen bere desirentzat, eta ez zuen alferrik galdu nahi izan: «Laguntza ekonomiko txiki bat zen, ez askoz gehiago. Ni baino txikiagoa zen gela batean egiten nuen lo Leioan, baina Italiatik ateratzeko aukera eman zidan laguntzak, ikasketak amaitu berri nituen, toki ezezagun batera etorri nintzen, eta, hara!, Leioan egon nintzen hiru hilabete horiek nire bizitzako produktiboenak izan ziren, artearekin lotutako gauzarik gehienak orduan egin nituen-eta. Oroitzen dut, adibidez, Gasteizko ur biltegi zaharrean antolatutako erakusketa kolektiboa, Beatriz Silvak ‘oferta única’ leloarekin antolatu zuena, eta han zeuden nirekin batera Asier Perez artista plastikoa, Ramon Churruca, David Santiago, Merche Periz pintorea... Abangoardistak, arte garaikideko sortzaileak ziren guztiak, eta toki hura ez zegoen orain bezain eder, hau da, oker ez banago, han egindako lehen erakusketa izan zen hura, baita nirea ere, eta oroitzen dut Alberto Safi lagunarekin gau bat ere pasa nuela han, lotan». Alberto Urkizaz ari da Grossi, alor anitzeko artista eta ekintzaileaz: «Kartoiekin egindako erakusketa bat aurkeztu zuen Albertok: arku bat estali zuen haiekin, eta kartoiak azpian nahiz gainean jarrita lo egin genezakeela proposatu zuen, horrek isolatuko gintuelako hezetasunetik eta hotzetik. Baina... goizaldeko hiruretan hotzez dardarka ari ginen biok!».

Bilbon «Pasta y pizza Grossi»

Europako toki askotan egin ditu erakusketak Grossik, baita performanceak ere, eta ez dio ezezkorik ematen proposamen ausartei, bide berriak urratzeko balio dutenei; «tamalez, ez dut denbora askorik ordea, nire bizitza denda da, nire emaztearekin batera aurrera eramaten dudan denda, eta eguneroko lan horri eskaintzen diot denborarik gehiena egun». Bilboko Manuel Allende kalean dagoen “Pasta y pizza Grossi” da Faustok aipatzen duen denda, emaztearekin orain dela 22 urte ireki zuena, non Mediterraneo itsasoaren lurretako produktu asko dastatu eta erosi ahal diren. «Etxean egindako pasta da gurea, ez du irin industrialaren zaporerik, gariarena eta baserriko oiloen arrautzena baino ez du. Enkarguz lasagna ere prestatzen dugu, eta salgai jartzen duguna freskoa da; egunero egiten dugu pasta berria, ze, konparazio batera, haragia eta berdurak freskoak erosten baldin badituzu, zergatik ez duzu erosten pasta egin berria?», saltzaile sena ere baduela erakusten du Grossik. Halere, denda ez da denda klasiko bat: «Irekitzeko asmoa genuenean ere bagenekien jada erosleku hutsa baino gehiago izango zela, besteetatik desberdinduko zen zeozer. Ni arte munduarekin lotuta egonik eta erakustoki falta dagoela jakinik, argi neukan sortzaileek beren obrak agertu eta saltzeko parada eskainiko genuela gurean; hori nahi genuen behintzat, eta hartan saiatzen gara, ‘Spazio Grossi’ da gure denda».

Han ezagutu zuen Jokin Etcheverria, “Secret Chef” saioarekin telebistara eraman duen sortzaile lapurtarra: «Aspaldi ezagutu nuen Jokin, Donibane Lohizunekoa izanda Bilbon lan egiten zuen, dendatik pasatzen zen, eta ‘Burp’ izeneko telebista programa bat zeukan. Tarteka, zerbait egiten nuen berarekin, zela agerraldi bat, edota performance berezi bat; elkar ezagutzeak konfiantza eman zidan bere proposamena onartzeko».

Grossik aipatzen duen proposamen hori “Secret Chef” saioa zen, hau da, bere habitat naturaletik ateratako norbait beste kokagune batera eraman eta han guztiz ezezaguna zaion jende, ohitura eta gastronomiarekin elkarbizitzen jartzeko ideia originala. 2013an Innova Basque Audiovisual saria irabazi zuen Etcheverriak proposamen horrekin; “Homeland” telesail ezaguna ekoitzi zuen Amos Neumann eta The Wit aholkularitza suitzar prestigiotsuko Geise Fiscina epaimahaikideen artean izanik, sariak bezainbesteko garrantzia du hura nork eman zuen jakiteak.

Historiako lehen «secret chef»-a

«Nire ustez, ‘Secret Chef’ ez da gastronomiari buruzko emankizun bat, orain telebista guztietan modan dauden saio horietako bat gehiago. Eredu berri bat da; harremanak, kultura eta geografia elkarlotzen dituen ideia bat. Ez zaio sukaldaritzari garrantzia ematen, eta, ematen zaionean, herri ttipi bateko bizimoldeari adinakoa ematen zaio; bertako herritarrei eskaintzen zaie arreta, hori dena kanpoko begiek nola ikusten duten erakutsiz». Grossik, egindako lanaren defentsa egiten du laburpen modura, «‘Secret Chef’ bizitza bera da, errealitatea eta fikzioa elkartzen diren puntua». Ez du oihartzun handiegirik izan emankizunak, halere, edo ez zaio eman nahi izan, saria irabazteagatik hitz emandako lau saioak baino ez baitira emititu. Eremu berriak jorratuko ditu halere programak orain, beste herrialdeetara saltzen ari baitira eta dagoeneko banatzaileen interesa piztu baitu. Hori bai, «ni naiz historiako lehen secret chef-a seguru bainago beste batzuk izango direla, Euskal Herritik urrun gainera, baina denek oroituko dute ni izan nintzela lehena».

Irri festak jarraitzen du Grossiren ahoan. «Lehen programa Karrantzan grabatu genuen, eta festa izan zen: asto karrera antolatu zuten herrian, herriko koroak guretzat kantatu zuen, alkateordeak jaso gintuen... Pozgarria da protagonista sentitzea, baina pozgarriagoa herri txiki bati eta bertako jendeari protagonismoa eskaintzea. Antzekoa gertatu zen Zornotzan, Zugarramurdi eta Orion ere; bertan, gainera, Benito Lertxundi kantaria azaldu zen etxean ikasitako arrain zopa egiten, zopakoaren sekretuak azaltzen... Mojek lehen programan ere eman zizkidaten beste sekretu batzuk. Hala, guztiz ezezagunak zitzaizkidan euskal jakiak egiten jardun naiz, pizzaiolo bat euskal platerak prestatzen, hori zen nire patua!».

Jakintsua, jantzia eta gertukoa da Grossi, «begietara begira eta maitasuna jarrita» hitz egitea bezala gauzak sortzea maite duena, hizketaldi bakarrean gai anitz jorra ditzakeena, izan artea, izan sukaldaritza edo izan politika. «Krisi garaiok ilunak dira, beltzak, distirarik gabeak; balioen galera ere bada krisia. Indibidualismoarekin nahasten dugu gizabanakoaren garrantzia, morala etikarekin, tolerantzia axolagabekeriarekin, informazioa komunikazioarekin... Informazioaren gaindosiak aspertu egiten gaitu, baina, batez ere, baztertu egiten gaitu, bidetik kendu; hau da, indargabetu egiten gaitu gaindosi horrek eta informazioa sortzeko tresnak kentzen dizkigu, ez dago berritasunik inon, edo, okerrena dena, berritasunen beharrik ez dugu ikusten. Eta zer esanik ez erritmoak, egunerokoak, bizimoduak, betiereko oraina bizitzera derrigortzen gaituen horrek; historiari erreparatzeko denborarik gabe bizi gara, jende akritikoa nahi du gizarteak, globalizatua, kolore bera daukana». Mezu itxaropentsu batekin bukatzen du hitzaldia halere: «Parean daukagu artea, sorkuntza; ez da museoko gauza bat, galerietan agertzekoa, leku estatikoetan, ez. Arteak ez du behar baimenik, ezta agintaririk ere; sortzaileak ikuslearengan eragiten duen modu berean eragiten du ikusleak sortzailearengan, interakzio bat dago; artea eskuzabaltasuna da, askatasuna, eta askatasuna hauskorra da, beraz, ongi babestu behar den zerbait da». •

&zeroWidthSpace;

&zeroWidthSpace;