Maider Iantzi Goienetxe
KIVA PROGRAMA

Eskola jazarpenari osoki eta modu sistematikoan aurre egiteko saltoa

KiVa Finlandiako Turku Unibertsitateak garatutako programa bat da, berriki ikastolei aurkeztu dietena. Hauek garbi ikusi dute ematen duen saltoa: eskola jazarpenari izena jartzen dio eta esplizituki lantzen du modu sistematiko eta progresiboan, txikitatik hasita, ikastetxe osoa inplikatuz. Emaitzak zoragarriak dira.

Finlandiarrek garatutako jazarpenaren kontrako programaren informazio eta testigantza zuzena iritsi da gurera. Joan den urtarrilaren 29an, Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian, pertsonen ongizatea bilatzen duen ekimenaren sortzaile eta erabiltzaileekin bildu ziren ikastoletako 300 kidetik gora: zuzendari, arduradun pedagogiko, orientatzaile eta irakasleak, Euskal Herri osokoak. Tartean zen Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Josu Reparaz. Hain zuzen ere, berak eman dizkio GAUR8ri xehetasun guztiak.

Johanna Alanen eta Ulrika Willför-Nyman finlandiarrek azaldu zieten euskaldunei 2009tik martxan den programa. Lehena KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea da. Turku Unibertsitateko ikertzailea eta programaren egileetako bat. Bigarrena, berriz, ekimen hori duela urte batzuetatik hona indarrean duen eskola bateko zuzendaria. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak bazuen KiVaren berri eta egoki ikusi zuen haren sorrera, zergatia, garapena eta baliabideak zuzenean finlandiarrengandik ezagutzea. Hala, lan jardunaldia antolatu zuten programa hurbiletik ezagutu eta gero erabakia hartzeko ea ikastoletan nola eraman zitekeen aurrera. Alanenek eta Willför-Nymanek beren esperientzia kontatu zieten.

Ikasleen %10ek jasaten dute

Alanenek eskola jazarpenaren inguruko kezka agertu zuen. Europa mailan ikerketa garrantzitsuak eginak dituzte eta ondorioztatua dute ikasleen %10ek beren eskola urteetan jazarpena bizitzen dutela zuzenean. Kopuru handi hori ikusita lanari ekin zioten. Willför-Nyman eskola zuzendariak, aldiz, KiVak bere ikastetxean praktikan izan duen garapena azaldu zuen: nola eragin dion eguneroko dinamikari, zer baliabide sortu diren, zer harrera egiten zaien irakasleei, nola esplikatzen zaien proiektua…

Jardunaldiaren bigarren zatian tailer txiki batzuen bidez baliabide zehatzak ezagutu zituzten ikastoletako ordezkariek: ze unitate didaktiko erabiltzen dituzten umeek 7 urte dituztenetik derrigorrezko irakaskuntza bukatzen duten arte. «Unitateak oso zehatzak eta praktikoak dira. Bi ezagutu genituen: bat 7 urteko haurrekin lantzen dutena eta beste bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailakoekin, hau da, 14-15 urteko ikasleekin erabiltzen dutena».

Antolaketaren berri ere izan zuten. Jakin zuten ikastetxe guztiek dutela KiVa taldea, edozein arazo dagoela sumatzen den momentutik martxan jartzen dena. Bertan beti egoten dira zuzendaria, arduradun nagusi bezala, irakasleren bat eta batzuetan orientatzaileak.

Peto horidun zaintzaileak

Jolas garaietan KiVa zaintzaileak dituzte, peto horiekin identifikatuta. Hala, denek dakite gai hori presente dela eta edozein unetan edozein ikaslek halako egoera bat bizitzen badu baduela hor erreferentziazko heldu bat arazoaren berri emateko.

Ume txikiekin ez dute eskola jazarpenaren gaia zuzenean lantzen, baina bai zeharka. KiVak umetatik eramaten ditu bertzeen larruan sartzera. Halako egoerak planteatzen dira: zer sentitzen duzu lotsatia baldin bazara, bakarrik, gelako arbelera ateratzen bazaituzte, guztien aurrera? Zure burutik zer pasatzen da? Barre egingo dizutela?

Taldeko dinamikak egiten dituzte, bikoteka antolatuta. Zer gertatzen da gelan 23 bagaude eta irakasleak binaka antolatzeko erraten badigu eta bat bikoterik gabe gelditzen bada? Hori joko bat izan daiteke, eta errealitatea ere bai.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako unitatean bai jorratzen da jazarpena zuzenean. Ez dute lantzen benetako gatazka bat ematen den momentuan eta pertsona zehatzekin. Inoiz ez da kasu erreal bat publiko egiten; bertze bide bat dauka.

Lehenengo eskola jazarpena zer den eta zer ez den bereizten dute. Izan ere, gatazkak hagitz arruntak dira taldeka antolatzen garen edozein tokitan: familian, lagunartean, elkarteetan, eta, nola ez, ikastetxean. Orduan, bereizi behar da zer den jazarpena eta zer gatazka arrunt bat, momentu batean bi lagunen artean eduki dezaketena edo bi ume txikik jostailu bera nahi dutelako izan dezaketen borroka.

Nola detektatu?

Nola detektatu jazarpena? Reparazek esplikatu duenez, boterearekin lotuta agertzen da beti. Pertsona bat zapaldua dago eta bertzeak du boterea. Botere hori taldean ematen da. Taldeko bertzeek ematen diote boterea pertsona horri. Bullyng-a ez da normalean gauza pribatua izaten, biren artean, bertzeek jakin gabe. Hortaz, finlandiarren dinamiketan taldeak berebiziko garrantzia dauka.

Beren ikerketetan agertzen den elementuetako bat da jazarpena bizi izan duten lagunek, hazten direnean, oroitzen dutena ez direla horrenbeste erasotzaileak beren kontra erabilitako mehatxuak, irainak, barreak, mespretxuak… Gehiago gogoratzen dute ingurukoek egoera horren aurrean izandako isiltasuna eta pasibotasuna. Eta zenbaitetan, beraien ustez lagunak zirenek ere ez zituztela defendatu. Hori da benetan modu dramatikoan bizitzen dutena.

Eskola jazarpenak ondorioak ditu ez bakarrik gatazkaren momentuan. Ondorioak ditu arlo ugaritan, adibidez autoestimuan eta maila akademikoan.

Ikerketetako bertze datu bat da beti dagoela jazarpena ematen den momentuetan jazarpena jasotzen duenaren defentsan ateratzen den pertsonaren bat. Autoestimu handiena dutenak izaten dira. Prest egoten dira egoera injustuei aurre egiteko. Ikaskideek, portzentaje handi batean, barruko benetako emozio eta aukeraketan pertsona horiek izendatzen dituzte baliotsuenak, jatorrenak, estimatuenak bezala, hori egiteko gai direlako, nahiz eta agian ez duten taldean erraten. Aldiz, bullyng-a gauzatzen duen ikasleak, boterea hartu arren, eta bertzeak bere jokaeren aurrean maiz isildu edo barre egin arren, ez du ikaskideen balorazio on hori jasotzen. Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariaren iritziz, elementuok ezagutzea garrantzitsua da arazoari aurre egiteko. «Gutako bakoitzak baloratua izan nahi du, eta ikusten da egoera injustuok mozten edo salatzen dituztenak direla benetan denok izan nahiko genukeena».

Honakoa ere kontuan izan behar dela erantsi du: jazarpena gauzatzen duen pertsona ez da munstro bat. Bere atzean testuinguru ezagun bat dago, nahiko ikertua. Bizi duen egoera ez da normalean hoberena izaten. Badago atzean familiaren egoera kaskarraren eragina. Erasotzailearen pertsona bera aunitz lantzen dute KiVarekin, kontuan hartuz ez dela garapen egoki bat lortzen ari, benetan autoestimu on bat izanez eta bertzeak ere ongi baloratuz. Bere jokaera desegokia bideratzen eta konpontzen saiatzen dira. Ez dute inola ere erraten «pertsona hau desastre bat da, ez du ezertarako balio». Baditu bere balio onak, baina bere jokaera ez da onargarria eta hori zuzendu behar da.

Reparazek nabarmendu duenez, taldearen interbentzioan dago gakoetako bat: «Taldeari bideratuta egiten diren ekintzek dute benetako boterea hau dena desmuntatu eta desegiteko, baita ikaskideak kontziente izateko ere beren barre horrek, beren txalo horrek hegalak ematen dizkiola erasotzaileari eta arazoa konpondu beharrean okertzen ari direla. Baloreekin erabat lotuta dago».

Ikastetxe osoa inplikatzen da

Programak eskolako estamentu guztiak barne hartzen ditu. Lehenik eta behin, ikasleekin lantzen da zuzenean eta sistematikoki. Bi astetik behin unitateak jorratzen dira aipatutako talde dinamikekin. Hagitz joko atsegin eta erakargarriak dira.

Zentroko irakasle guztiek ere zuzenki parte hartzen dute. Denek jasotzen dute formakuntza egokia. Edozein irakasle iristen bada KiVa duen eskola batera programaren berri eman eta prestatu egiten dira. Finlandian ikastetxeen %90ek ezarria dute programa eta familientzat erabakigarria izaten da seme-alaben hezkuntza aukeratzeko orduan KiVa izatea ala ez.

Gurasoak bertze hanka oso garrantzitsu bat dira. Kurtso hasieran gidak banatzen dizkiete KiVa zer den ezagut dezaten eta beren partaidetzaren berri izan dezaten. Aholku batzuk ere ematen dizkiete. Beraz, programak denak biltzen ditu.

Kasu bat ematen denean…

Bullyng kasu bat gertatzen denean jazarritako ikaslearekin eta erasotzailearekin lan egiten da. Eta egon baldin bada norbait parte zuzena hartu ez duena baina erasotzaileari babesa eman diona, edo ez diona eman, berarekin ere lantzen da. Kasua ezagutzen den unetik bertatik hasten da interbentzioa. Gainerako ikasleei aholkuak eta azalpenak ematen zaizkie: zer den eskola jazarpena, jarrera benetan onartezina dela… Eta guztia gurasoekin konpartitzen da.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariaren arabera, ezinbertzekoa da honakoa ere: joera dago norbaitek eskola jazarpena bizitzen duenean berak ze erru zati duen aurkitzeko. «Zergatik niri?», galdetzen du ikasleak. Eta eskoletan ere zera pentsatzen da: «Honi hau egiten diote honengatik eta honengatik. Orduan, saiatu behar dugu erasoak ekiditeko bere izaera aldatzen». Baina finlandiarrek garbi utzi zieten ez dutela inondik inora jazarpena bizitzen duenaren nortasuna aldatu nahi. Ez du bere identitatea zertan aldatu eskola jazarpena ez jasateko. Arazoa konpontzen saiatzen dira, ez identitatea moldatzen.

Bullyng kasuetan ezaugarri batzuk ematen dira: «Erasoak jasotzen dituzte hainbat ikaslek beraien ezaugarri fisikoengatik, potoloak direlako adibidez, edo beraien identitatearekin sartzen direlako, homosexualak direlako esaterako. Beti daude identitatearekin lotutako elementuak. Beti daude profil batzuk. Eta ez duzu aldatu behar pertsona baten izaera jazarpena bizi ez dezan. Pauso inportantea da hori».

Europan barna zabaltzen

Ikastoletan oinarrizko hainbat programa jorratzen dituztela azaldu digu Josu Reparazek. Horien bidez ikasleen emozioak eta autoestimua lantzen dituzte. Elkarbizitza planak ere egiten dituzte eta sortzen diren gatazkak modu baketsuan konpontzen saiatzen dira. Baina garbi dute KiVak salto bat ematen duela: jazarpenari izena jartzen dio eta esplizituki lantzen du modu sistematiko eta progresiboan, txikitatik hasita. «Hori da hemen ez dagoena, ez dago programa hain garaturik arazo honi aurre egiteko. Hor dago bere benetako balioa». Horregatik sortu du halako interesa Europan. Programa Britainia Handia, Estatu frantsesa, Belgika, Italia eta Suediara esportatu da, bertzeak bertze. «Bere buruarekin pozik dagoen pertsona batek, autoestimu ona duenak, bere emozioak ezagutzen dituenak, nekez egingo du jazarpena. Jazarpena egiten dutenek ez dute autoestimu handirik izaten, ezta emozioen kontrolik ere. Orduan, aurretik egin behar den lanketa egiten jarraituko dugu. KiVak ez du ordezkatuko egiten den emozioen lanketa; salto bat gehiago ematen du».

Emaitza hagitz onak

Finlandiarrek aurkeztu zituzten emaitzak hagitz deigarriak dira: eskolen %63an jazarpena ia-ia desagertu egin da, %20an jaitsi egin da, konpondu ez den kasuetan gutxienez badakite eraso hori egon dela eta jazarpena pairatu duen ikasleak badaki norbaitekin konta dezakeela… eta, batez ere, jazarpena bizi duten pertsonen biktimizazioa txikitu egin da.

«Isiltasunean eramaten duzu, ez duzu inorekin konpartitzen uste duzulako askotan merezi duzula hori gertatzea edo zuk zerbait egiten duzulako egiten dizutela hori. Oso inportantea da babestua sentitzea, sufritzen ari zarena ez dela zure errua eta ez dela inola ere onargarria jakitea, gaizki dagoela eta ez duzula jasan behar».

Haur eta gaztetxoei kosta egiten zaie heldu bati gertatzen ari zaiena kontatzea. Irakasleekin baino aiseago husten dute barrena familian edo kide nagusiagoren bati kontatuz. Horri ere buelta izugarria eman diote Finlandian, eskoletan bullyng-a ez dela onargarria erabat barneratzearen ondorioz.

Aurrez aurre begiratzeko ausardia

«Asko eskertu nuen kontatzea beren ikastetxeetan jazarpen kasuak zeudela. Kuriosoa da: ikerketetan Europan ikasleen %10ek bullyng-a bizitzen dutela frogatua dago, eta, beraz, garbi dago fenomeno oso orokorra dela, baina, aldiz, hitz egiten dugunean esaten dugu gure zentroan ez dela ematen. Gatazkak izan ditugula esaten dugu. Baina errealitatean jazarpena ere gertatzen da».

Reparazek finlandiarren ausardia txalotu du, arazoari aurrez aurre begiratu diotelako: «Hor dago eta ez da konponduko ezer egin gabe». Hemen ere pauso hori eman behar dugula uste du, jazarpenaren berri izaten dugulako soilik hedabideetan hagitz kasu muturreko eta negargarriak agertzean. «Testigantza oso interesgarria izan zen horregatik, hasteko, arazoa zeukatela esan zutelako. Eta ez zuten beste herriek baino arazo handiagoa, besteen berdina zuten, baina ausardia izan zuten».

Ikastoletako ordezkariaren ustez, KiVaren alde ona da prebentzioa lantzen dela umetatik, «jazarpena ez baita bat-batean nerabezaroan azaltzen. Txikitatik bizitzen dute haurrek eta, gainera, erasotzaileak eta erasotakoak txikitan askoz gehiago dira nagusiagoak direnean baino. Programa honetan batez ere alde prebentiboa lantzen dute eta ekintza gertatu ondoren ere hemen baino askoz ere sistematizatuagoa dute esku-hartzea».

«Programak alde oso onak ditu, baina txarra ere bai: oso garestia da», adierazi du Reparazek. Alde batetik, gelako unitate didaktiko guztien garapena dago, eta, bertzetik, finlandiarrek ez dute materiala saltzen, gutxienez hiru urtez aholkulari bat jartzen dute programaren garapenerako, formaziorako… Pakete osoa garestia da.

Ez diote programa ikastetxe zehatz bati saltzen; zerbitzua Europan barna eskola sare bati zuzentzea planteatzen dute. Ikastolen erantzuna eta gogoa eta jardunaldiaren arrakasta ikusita, Euskal Herrian ere hain injustuak diren egoera hauek gainditzeko saltoa emanen dela pentsa daiteke.

 

Gurean eskura dauden gida eta protokoloak

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariari ikastetxe bat gidatu zuenean ziberbullyng kasu bat tokatu zitzaion eta auzian esku hartzea erabaki zuten, «baina puntualki», zehaztu du. «Hori da orain arte egin duguna. Eta ez da gutxi, zenbaitetan ez baita hori ere egin. Badira protokolo batzuk gobernuak markatzen dituenak, baina behin ekintza gertatu ondoren esku hartzeko dira».

Adibidez, nafar Gobernuaren web orrialdean Bizikidetzarako Aholkularitzaren atala dago. Zerbitzu publiko honen helburua da irakasleak, ikasleak eta familiak orientatzea, bertzeak bertze, berdinen arteko jazarpenaren inguruan. Lakuak ere protokolo eta gidak zintzilikatuta ditu bere webgunean. Gidak orientazio izaera du eta bertan jasotzen dira prebentzio neurriak. Protokoloa, aldiz, oinarrizkoa eta aginduzkoa da eta kasu bat gertatzen denean egin beharreko urratsak zehazten dira. Bestalde, Segurtasun Sailarekin hitzarmena sinatua du Exekutiboak. Honen bidez, hitzaldiak eta formazioa ematen dira ikastetxeetan, bullying-ari eta bereziki ziberbullying-ari aurre hartzeko.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, Gobernu frantsesak prebentzio planak eta kanpainak egin izan ditu. Gidak ere kaleratu ditu. Informazio gehiagorako: nonauharcelement.education.gouv.fr.