Amagoia Mujika Telleria
Interview
Marina Sagastizabal
soziologoa eta ikerlaria

«Emakumeak gizonaren rola hartu du lan merkatuan, baina gizonak ez du bere egin emakumearena zaintzan eta etxeko lanetan»

Nola banatzen dugu eguneko denbora? Gizonezkoek eta emakumezkoek denboraren erabilera paretsua egiten al dugu? Eustatek duela aste batzuk argitaratu du ikerketa monografiko bat denboraren erabileraren inguruan. 1993tik 2013ra bitarteko urteak zorrotz aztertu dituzte datuetan oinarrituta, eta, hala, hogei urteko tartean denboraren erabileran izan diren aldaketak jaso ahal izan dituzte. Marina Sagastizabal eta Marta Luxan soziologoak arduratu dira “Generoa eta denboraren erabilera” izenburua duen kapituluaz. «Ikerketa transbertsal bat egin dugu generoaren ikuspuntutik eta gizonek eta emakumeek denbora nola banatzen eta erabiltzen duten ikertu dugu», agertu du Sagastizabalek.

Hogei urteko argazki osatua atera duzue gizonek eta emakumeek denbora nola banatzen duten ikertzeko. Zein da ondorio orokorra?

Genero desberdintasuna gehien eta modu nabarmenean ikusten den esparrua etxeko lanak eta zaintza dira. Alor horretan gauzak aldatu egin dira azken hogei urteotan. 1993. urtean desberdintasunak ikaragarriak ziren. Pixkanaka-pixkanaka desberdintasun horiek txikituz joan dira, baina, hala ere, gaur egun oso nabariak dira oraindik. Desberdintasunak gutxitzeko tendentzia ikusten da, baina oraindik oso nabariak izaten segitzen dute. Aldaketa azalekoa da, ez dakigu benetan zer-nolako sakontasuna duen.

Datuak ikusita emakumea azken hogei urteotan bete-betean sartu da lan ordainduaren esparruan. Baina gizona ez da neurri berdinean sartu lan ez ordainduaren esparruan.

Hogei urte horietan tendentzia gero eta nabariagoa izan da emakumea lan merkatuan sartzeko, baina, aldiz, ez dago tendentzia hain markatua gizonak etxeko eremuan gehiago inplikatzeko. Emakumeak gizonaren rola hartu du lan merkatuan sartuta, baina gizonak ez du bere egin emakumearen rola zaintzan eta etxeko lanetan. Beste ikerketa zenbaitetan ere nabarmendu da genero iraultzak geldialdi bat izan duela, aldaketa bakarrik emakumeengan gertatzen delako, ez gizonengan.

Lan merkatuan paretsu samarrean eta, etxean, emakumeak gizonak baino gehiago oraindik, beraz.

Tendentzia orokorra hori da eta baditu ñabardura interesgarriak. Etxeko lanen eta zaintzaren eremua emakumeak bere gain hartzen segitzen du nagusiki, lan horiek ez ditu banatzen. Egia da etxeko eremuan gero eta gutxiago egiten duela emakumeak, baina ez hainbeste gizonak gehiago egiten duelako, etxeko lan batzuk egiteari utzi diogulako baizik. Gure amek eta amonek egiten zituzten etxeko lan batzuk guk ez ditugu egiten, eta beste kasu askotan lan horiek merkantilizatu egiten dira.

Etxeko lanen jarduna aldatu egin da, beraz?

Etxeko lanak bi multzotan banatzen ditugu: ohiko etxeko jarduerak eta ezohiko etxeko jarduerak. Ohikoetan sartzen da elikaduraz arduratzea, arropaz arduratzea, etxeko garbiketa egitea... 1993. urtean emakumeek batez beste hiru ordu eta hamabost minutu egiten zituzten egunean lan horietan. Gaur egun, berriz, bi ordu eta hogeita bost minutu. Aldea dago, orokorrean gutxiago egiten da.

Garai batean emakumeak etxeko lanetan zeukan profesionalizazio maila jaitsi egin dela uler dezakegu. Gure amamek mahai-zapiak eta kuleroak eta guzti plantxatzen zituzten, adibidez. Badirudi gaur egun gauza batzuk ja ez direla egiten. Eta, horrez gain, aztertu beharko litzateke zenbait maila sozialetan noraino merkantilizatzen diren lan horiek. Alegia, beste pertsona bat –emakumea gehien-gehienetan– kontratatzen da lan horiek egin ditzan.

Baina, orokorrean, esan dezakegu emakumeak duela hogei urte baino denbora gutxixeago ematen duela etxeko lanetan lan batzuk egiteari utzi diolako, ez lan horiek gizonak egiten dituelako.

1993 eta 2013 bitartean eman da aldaketarik gizonen inplikazio mailan?

Gaur egun orduan baino gizon gehiago daude etxeko lanetan parte hartzen dutenak. Portzentajeak aldatu dira, ez orain gizonek lehen baino denbora gehiago ematen dutelako etxeko lanetan, orain orduan baino gizon kopuru handiagoak parte hartzen duelako baizik. Ez dute gehiago egiten: gizon gehiagok egiten dute. Baina, hala eta guztiz ere, gizonek emakumeek baino askoz denbora gutxiago eskaintzen diete etxeko lanei oraindik. Eta, gainera, nagusiki ezohiko jardueretan parte hartzen dute; erosketak egitea, umeak parkean zaintzea, etxeko konponketak...

Haurren zaintzan igo egin da gizonen parte hartzea, baina emakumeak zaintzari erabat lotuta segitzen du.

Datuek hori diote. Hogei urtean etxeko lanei eskaintzen zaien denbora gutxitu egin da, baina zaintzari eskaintzen zaiona mantendu. Horregatik esaten dugu zaintzak feminitatearen eraikuntzan eremu klabe bat izaten segitzen duela gaur egun, eta akaso deseraikuntza maskulinitatean gertatzen ari dela batez ere, etxeko lanetan eta zaintzan gehiago inplikatzen ari direlako gizonak, baina oraindik emakumeak baino askoz gutxiago.

Ikerketan Feminizazio Indizea kalkulatu dugu, emakumeen kokapen erlatiboa gizonekiko. Hogei urtean etxeko lanen Feminizazio Indizea jaitsi egin da, baina zaintzarena mantendu. Emakumeak oraindik oso barneratuta dauka zaintza.

Ikerketak mahai gainean jarri duenez Erabateko Lan Zamaren indizeak balio altuagoak ematen ditu emakumeen kasuan, adin guztietan gainera.

Maneiatzen dugun beste adierazle bat da Erabateko Lan Zama. Ez dugu ulertzen lan zama lan merkatuan bakarrik egiten dena denik, harago doala ulertzen dugu. Indize horretan lan ordaindua, etxeko eta zaintza lanak eta boluntario lanak sartzen ditugu.

Erabateko Lan Zama handiagoa da emakumeen artean gizon artean baino, adin guztietan gainera. Gazteetan ere, emakumeek gizonek baino lan gehiago egiten dute orotara. Gazteek erakusten duten tendentzia nabarmentzeko modukoa da, ez baitira berdinzalegoak. Erabateko Lan Zama aztertzerakoan gazteen arteko ezberdintasunak edo parekidetasun eza handitu egin dela ikusi dugu: nesken Erabateko Lan Zama handitu den bitartean, mutilena jaitsi egin baita. Indize horrek garbi uzten du ez dagoela lan banaketa orekaturik, ezta belaunaldi gazteenen artean ere.

Ze aho zapore uzten du ikerketak?

Gauza oso berririk ez dugu topatu. Jendartearen tendentzia orokor bat ematen digu, baina ikusten dena da desberdintasunak mantendu egiten direla, nahiz eta denboran zehar txikitzen joan. Gaur egun oraindik desberdintasun oso nabariak daude gizonen eta emakumeen artean, batez ere etxeko lanen eta zaintzaren eremuari erreparatuz gero.

Etxeko Nolakotasun Indizeak etxeko ohiko jarduerak eta ezohiko jarduerak hartzen ditu kontuan. Ohiko jardueretan, etxeko lanen nukleo gogorra dena, emakumeek gizonen ia hirukoitza egiten dute. Duela hogei urte zazpi aldiz gehiago egiten zuen emakumeak, eta, gaur egun, kasik hiru aldiz gehiago. Aurreratu da, baina oraindik desberdintasunak oso handiak dira. 1993. urtean desberdintasunak ikaragarriak ziren, eta, gaur egun, oso handiak. Nondik gatozen kontuan izan behar dugu, eta nora iritsi nahi dugun erabaki. Berdintasunera iritsi nahi badugu, oraindik asko dago egiteko. Bidean goaz, baina astiro-astiro, ikusi egin behar gizonen tendentzia hori luzera begira mantentzen ote den.

Maskulinitate ereduak deseraikitzen ari direla diozue. Feminitate ereduak ere etxetik hasita deseraiki beharko dira, ezta?

Zalantzarik gabe. Batez ere zaintzaren eremuan ikusten da deseraikitzeko beharra. Etxeko lanetan apurka-apurka ari gara malgutzen, baina ikusten da emakumeen identitatean zaintzak sekulako pisua daukala oraindik.