Amagoia Mujika Telleria
MONDRAGON UNIBERTSITATEA

Ikus-entzunezko Komunikazioa hankaz gora jarri dute, ikasgaiak kendu eta ikasleen gaitasunak erdigunera ekarriz

«Kontua ez da ikasi, ikasi eta jakitea. Egiten jakitea, izaten jakitea eta egoten jakitea da gakoa». Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean hausnarketa sakona darabilte. Nola ikasten da? Orain arteko moduek erantzuten al diote egungo eskaerei? Garai berrietara moldatu beharra dagoela sinetsita, bide berrietan barna abiatu dira.

Eerrealitatera eta sektoreko lan mundura ahalik eta gehien hurbiltzea. Sortu zenetik horixe izan du erronka Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduak. Eta denbora gutxian ikus-entzunezkoen alorra hainbeste aldatu denez, berrikuntza batzuk sartzeko beharra ikusi zuten aurreko ikasturtean, 2014-2015ekoan. «Espainiako Kalifikazio eta Ebaluatze Agentziari graduaren errebisioa egiteko eskaera egin genion eta plan berria ezarri genuen. Hasieran zenbait egokitzapen egin genituen, baina, oinarrian eredu zaharrarekin jarraitu genuen. Hau da, ikasgaietan antolatutako hezkuntza zaharrarekin jarraitu genuen», azaldu du Andres Gostinek, graduko koordinatzaileak.

2015-2016 ikasturtean, baina, pauso bat aurrera ematea erabaki dute. Ikasgaiak desagerrarazi eta lan-sekuentzia jarraituetan antolatu dute gradua, «ikasketa emaitzak eta konpetentziak jomuga hartuaz».

«Mondragon Unibertsitatean beti daukagu buruan aldaketa eta hobekuntza. Gizartea aldatzen ari da eta hezkuntzak horri erantzun behar dio. Nik beti esaten dut nik jaso nuen hezkuntza ona zela iruditzen zaidala; baina ona zen garai hartarako. Baina gaur egungo gizartearen eskakizunak, profilak, beharrak... bestelakoak dira, eta derrigorrean egokitu beharra dago».

Zeintzuk dira, bada, aldaketa nabarmen horiek? «Lehen irakaslea zen ardatza hezkuntzan eta gaur egungo hezkuntzan ezin du horrela izan. Ikasleak izan behar du ardatza eta protagonista, eta irakasleak bidelaguna izan behar du. Irakaslearengan zentratutako metodologia batetik ikaslearengan zentratutako metodologia batera pasatzea da gakoa», zehaztu du Gostinek. Eta teknologia berrien presentzia ere hor dago, «oso kontuan hartu beharrekoa». Gostinen iritziz, ezagutza ja ez da hainbeste oinarritu behar jakintzan, indar gehiago eman behar zaie konpetentziei eta gaitasunei. «Kontua ez da ikasi eta jakitea. Egiten jakitea, izaten jakitea eta egoten jakitea da gakoa», laburbildu du aldaketaren mamia.

Ikasgaiak, oso zatituak

Huheziko Ikus-entzunezko gradu berrituan hankaz gora jarri dute orain arteko ikasgaien sistema. «Ikasgaiak oso zatituak eta sailkatuak daude. Irakasle batek ematen du ikasgai bat, klase bat ematen duzu berarekin, eta beste bat sartzen da. Oso atomizatuta zegoen guztia eta horrekin bukatu beharra zegoela ikusi genuen. Diziplinartekotasuna landu beharra zegoela ikusi genuen, jakintzak nahastu eta partekatu beharra, eta gure ikasturteko programa proiektu, jarduera eta erronka desberdinei begira antolatu beharra ikusi genuen», azaldu du Gostinek.

Hartara, ikasturteko programa hiruhilabeteka antolatuta daukate orain eta bakoitzean hiruzpalau erronka lantzen dituzte ikasleek. «Adibidez, oraingo hiruhilabetekoan telebista programa bat egin behar dute eta sei aste ematen dizkiegu hori egiteko. Sei aste horietan bakar-bakarrik horretara daude, telebista programa bat egitera. Eta irakasle desberdinek parte hartzen dute erronka horretan, bakoitzak beretik emanez: entretenimendua zer den eta nola egiten den; nola egiten den telebista programa bat; gidoigintza; errealizazioa; grafismoa eta postprodukzioa; audientzien ingurukoak... irakasle bakoitzak bere ezagutza partekatuko du ikaslearekin eta, bidez batez, telebista programa hori bideratzen lagunduko die. Bukaerako emaitza telebista programa hori izango da. Eta ahal baldin bada, gainera, Goiena Telebistan emitituko dugu. Beste batzuetan ere horrela egin izan dugu eta garrantzia ematen diogu proiektuak errealak izate horri».

Bospasei astean, beraz, ikasleak bete-betean egoten diren egin behar duten proiektu horri begira. Lan-sekuentziak deitzen diete proiektu horiei. «Ez dago etenik eta proiektua jarraitua da. Gutxi edo gehiago errealitatean eta lan munduan topa dezaketen egoera baten aurrean jartzen ditugu ikasleak».

Gradu berrituaren lehen eta bigarren mailan erabat jarri dira lan-sekuentziatan lanean. Hirugarren eta laugarren mailan, berriz, lehengo moduak eta modu berri hauek tartekatzen dituzte oraindik.

Gradua berritzeko orduan honako galdera egin diote beren buruari Huhezin: Nola ikasten da? «Ikasten da eginez eta egiten duzun horren gainean hausnartuz». Eta oinarri horretatik abiatu dira bide berrian. «Ez dut uste hau helburua denik, hau abiapuntua baino ez da», esan du graduko koordinatzaileak.

Orain artean ikasketa prozesuaren mamian “jakin” aditza egon da. «Hortik aurrera joan behar dugu, jakiteaz aparte, egiten jakin behar dugu. Eta bestelako gaitasunak ere hor daude; izaten jakin behar duzu eta egoten ere jakin behar duzu. Hezkuntzaren ikuskera zabaldu beharra dago».

Irakasleak elkarlanean

Lan-sekuentziatan lan egiteak aldaketa handia ekarri du eta horrek, noski, eragin zuzena eta nabarmena izan du ikasleengan eta irakasleengan, oso errotuta dauden ohiturak eta jardunak hankaz gora jarri baititu. «Aldaketaren beharrarekin oso konbentzituta dagoen irakasle taldea dugu eta ahalegin handia egiten ari gara. Orain artean irakasle bakoitza bere aldetik aritzen zen eta orain elkarlanean aritu behar dugu. Lan gehiago eskatu digu, baina, irakasleekin hitz eginda, inork ez du atzera bueltatu nahi», agertu du Gostinek.

Esperientzia pilotu bat da, abiapuntu bat. «Martxan hasita ikusi ditugu akatsak eta zuloak, findu beharreko gauzak badaude, batez ere ebaluazioei eta kalifikazioei begira. Baina aurrerapauso bat dela uste dugu eta segitzeko asmoa dugu».

Huhezin bertan hezkuntzako graduak ere badaude. Hartara, Berrikuntza eta hezkuntza esku hartzearen alorreko irakasle bat plan berrituaren gaineko ikerketa gidatzen ari da. «Ikerketa horri esker jakingo dugu non jarri behar dugun arreta handiagoa, zer egin dugun gaizki, zer konpondu behar dugun, zer indartu... Prozesua guretzako ere bada. Garbi daukagu egiten eta hanka sartzen ikasten dela eta horretatik ikasi egingo dugu. Egiten dugunaren gainean ikertzea oso garrantzitsua da; pedagogia berriak nora doazen ikusi, nola hobetu... gu ere ikasteko gogoz eta ikasteko prest gaude».

Ikasleentzat ere, noski, aldaketa handia da. Graduko arduradunek hasieratik konpromisoa hartu dute hiruhilero ikasleekin bildu eta haien sentsazioak eta iritziak jasotzeko, ondo dagoena eta gaizki ikusten dutena jasotzeko. «Orokorrean lehen baino gusturago daude. Buruko minik handiena ebaluazioek eta kalifikazioek eman digute, eta ikasleek ere hala helarazi digute. Orain neurtzen dena ikasketa emaitza da, ez ikasgai bakoitza. Horrek eman digu lan handiena. Ikasleen kexa gehienak ere hortik etorri dira. Badakigu, kontziente gara, eta konpontzeko bidean jarriko dugu».

Ikasleek gehien nabarmendu dutena lan-sekuentzien jarraikortasuna da. Proiektua hasi eta bukatu, horretara egoten dira eta hori baikortzat jotzen dute. «Ikasleen autonomia ere sustatu nahi dugu. Tutorea bidelaguna da, aholkuak emateko, bidean laguntzeko, gidatzeko... baina bidea ikasleak egin behar du. Berak ikasi behar du, ez irakasleak. Batzuetan irakasleek akats handia egiten dugu zenbat dakigun erakutsi nahian. Eta inori ez zaio interesatzen irakasleak zenbat dakien. Ikaslea da ardatza».

Talde lanak sekulako pisua dauka; bakarkako lanak egiten badira ere, gradu berrituaren bizkarrezurra talde lana da. «Lan munduan taldean lan egin behar da eta jakin egin behar da taldean lan egiten; gauza asko negoziatu behar dira, sortzen diren gatazkak kudeatu behar dira... Mondragon Unibertsitatearen ardatzetako bat talde lana da eta garbi daukagu hori landu beharreko konpetentzia bat dela», nabarmendu du irakasle eta ikerlariak.

Lan-sekuentzien proiektu pilotuaren gainean egiten ari diren ikerketaren emaitzen zain, Mondragon Unibertsitatearen asmoa hezkuntza modu berria beste gradu batzuetara zabaltzea da. «Ikus-entzunezko Komunikazioko graduan ari gara proiektuarekin, baina horren atzean Hezkuntzako irakasleak ere badaude, haien laguntza izan baitugu etengabe».

Garaiak hainbeste aldatu diren honetan, garai bateko hezkuntzak balio al du gaur egunerako? Gostinek ez dauka inolako zalantzarik: «Egokitu egin behar dugu, garai bateko hezkuntzak ez duelako balio. Bi aukera ditugu, betikoarekin segitu eta buruarekin horma jo behin eta berriz –horma edo burua puskatu arte– edo egokitu. Egokitu beharra dago bai ala bai. Ezin dugu hezkuntza guztia ezagutzan eta jakintzan bakarrik oinarritu. Guk bide bat abiatu dugu. Akaso ez da bide zuzenena eta moldatu egin beharko dugu, baina garbi dagoena da lehengo bidetik ezin dugula segitu», bukatu du.