Xabier Izaga Gonzalez
«ALTZOKO HANDIA»

Imaz bertsolariak duela 180 urte landatu zuen pago motza, Europako zuhaitza?

Euskal Herriko hautagai bat dago 2017ko Europako zuhaitz berezi izateko lehiatuko diren arbolen artean: Altzoko pago motza, bi mendeko historia eta balio kultural eta ekologiko handia dituen zuhaitz ederra. Herri bereko Imaz bertsolariak landatu zuen ezkondu zen urtean eta gaur egun haren ondorengoak biltzen ditu pagotzarrak bere ingurura.

Altzoko Handia entzuten duenari Gipuzkoako herri horretako seme Migel Joakin Eleizegi gogoratuko zaio berehala. Egunotan, ordea, beste “Altzoko Handi” bat ere famatu da: Imaz bertsolariak duela 180 urte –Eleizegik 18 urte zituela– landatu zuen pagoa, 2017ko Europako zuhaitz berezia izateko hautagaia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 30 zuhaitz berezien artetik aukeratua. Europako lehiara iristeko, aurrez Estatu espainoleko beste zortzi zuhaitzekin lehiatu beharko du, eta bozketa batek erabakiko du irabazlea zein den. Botoa eman nahi duenak www.arboleuropeo.es webgunera sartzeko aukera du, azaroaren 6a arte.

Baina lehia horretatik haragoko garrantzia ere badu zuhaitzar horrek. Garrantzi kultural eta ekologikoa.

Altzoko Imaz bertsolaria

1967an Antonio Zavala ikerlari eta editoreak “Altzo'ko Imaz bertsolaria” liburu mardula argitaratu zuen Auspoa bilduman, Imazen bizitzaren kontaketa eta haren bertsoak bilduta. Manuel Antonio Imaz, 1811ko maiatzaren 19an Altzon jaioa, bertsolaria zen, baina ez plaza-gizona, Antonio Zavalak dioenez, jartzailea baizik, eta ez nolanahikoa, sasoiko gainerako bertsolariek onartzen zutenez. «Bertso jartzen, gu ez gera Imazen zapata lotzen asteko ere!», esan omen zuen Pello Errotak.

Hala ere, batzuetan, Legarretik, jaio eta hil zen baserritik alegia, Altzo Muñoko tabernara joaten zen, lagun artean bertsotan jardutera. Haren biloba Paulak, Imazekin zihoanean, esaten omen zion: «Aitona, bota bertsoa!», eta aitonak: «Nora botako diñet, ba, nora botako diñet? Putzura? Putzura bota bear diñet?». Beste batzuetan, berriz, bertsoa botatzeko eskatzen zionari, hauxe kantatzen omen zion: «Lotsagabe aundia, alperra galanta/ zu zeraden tokian ez dirade falta».

Imazen bertsoetan erlijio gaiak dira nagusi; hala ere, Zavalaren bilduman bestelako gaiak ere agertzen dira, eta, jesuita tolosarraren beraren hitzetan, «Imaz’en txarrenak ez dira iñola ere». Gaztetan «neska-mutillen bertsoak-eta» jarri ohi zituen, baina horrelakorik ez jartzeko gomendatu omen zion Tolosako erretore Patrizio Orkaiztegik. Beste iturri baten arabera, ordea, Imaz maizter zeneko baserriko nagusiak eskatu zion horrelako gaiak idazteari uzteko, haren ustez jende gehiegi agertzen baitzen etxera bertso eske.

Ezkondu zen urtean landatu zuen Imazek pagoa, 1836an, hain zuzen, Gaztaina Motzeta izeneko basoko sagasti batean, Oiarbide baserritik hurre. Ohi ez bezalako arretaz zaintzen omen zuen. «Aldameneko sagastira zimaurra zekarrenean ere, pagoari ere jartzen zion jira guzian. Ta loditzen nola zijoan ikustera ere, askotan joaten zitzaion», kontatzen du Zavalak. Eta halaxe kontatu dio GAUR8ri Altzoko bertsolariaren ondorengoa den Koro Iruzunek ere. Umetatik, maiz joaten zen Koro Altzora, Imaz bezala Legarre baserrian jaioa zen amonarenera. Altzoko bertsolariaren familiak hainbat belaunalditan zehar bere iraganarekiko lotura zuzena izan du pagotzarra, baita aldian behin biltzeko aitzakia-edo, duela bi hilabete egin zuten bezala.

Orain aspaldi ez dela, Mikel Urdangarin abeslariak orriotan gogorarazi zuen “Jainko txiki eta jostalari hura” lanaren egileak Joxan Lizarribar “Berria” egunkariko lehendakari zenaren heriotzak elkartu zituela. Bada, lan horren egileetako batek, Kirmen Uribek, “Bitartean heldu eskutik” obran poema bat eskaini zion Altzoko pago motzari. Seguruenera, Uribek ezagutzen zuen Zavalaren lana; nolanahi ere, Lizarribarrek ere emango zion haren berri, ahaide baitzuen Imaz bertsolaria. «Joxan Lizarribar ez zen behin ere faltatzen. Saltsa guztietan, bera hantxe egoten zen. Oso maitatua zen», dio Korok, duela 15-16 urte zuhaitza dela-eta elkartzen hasi zirenetik Lizarribar senitarteko bilera horien sustatzaile ibili zela gogoan.

Zuhaitz motzen garrantzia

Lakuako Gobernuko Hazi organismoak Balentin Mugarza Gipuzkoako Aldundiko mendi teknikariari proposatu zion Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuhaitzen artean bat aukeratzeko, Europara aurkezteko. Hari galdetu dio GAUR8k zer dela-eta aukeratu duen Altzoko pago motza. Zuhaitz hori babestuta dago, eta, Mugarzaren iritziz, berezietan berezienetakoa da, joan den irailaren 22an 180 urte bete zituelako, eta zuhaitz baten adina hain zehazki jakitea ez baita ohikoa. Berezia da, halaber, istorio luze eta polit baten protagonista delako, familia baten hainbat belaunaldi lotu dituena.

Zuhaitza neurtzeko gaur egun bost metroko gerria beharko lukeela Imazek dio Kirmen Uribek bere poeman. Pagoa bezala, motz geratu zen, ordea. Antonio Zavalak dioenez, ia perimetro horixe zuen zuhaitzak 131 urte zituenean. Gaur egun enborraren perimetroa sei metro eta laurogei zentimetrokoa da. Altuera, adabururaino, 23 metrokoa, eta beste horrenbestekoa adar adaburuaren perimetroa.

XV. mendetik dago dokumentatuta zuhaitz motzen erabilera. Mugarzak dioenez, aurretik ere erabiliko ziren, hasieran haritza eta ondoren pagoa ere bai. Pagoaren kasuan, helburua egurra lortzea zen, gehienbat ikatza egiteko, industriarako. Baina ez zituzten edonola inausten, bi edo hiru metroko altueratik gora baizik, ganaduak kimu berriak jan ez zitzan.

Ikerlari batzuk, batez ere ingelesak, konturatu ziren, lehenengo Leitzan eta gero Gipuzkoan, horrelako zuhaitz mordoa zegoela, eta baso horiek biodibertsitate aldetik balio handia dutela. Euskal Herrian mendeetan zehar basoak oso ustiatuta egon dira, eta ia ez dago baso zaharrik, gizakiak ukitu gaberik, alegia. Basoek hainbat funtzio betetzen dituzte, besteak beste espezieen gordeleku gisa, onddoen, intsektuen eta bestelako animalien gordeleku. Eta pago motzek eta oro har zuhaitz motzek nolabait baso zaharren funtzioa betetzen dute, zenbait intsekturen habitata direlako, birena bereziki: Osmoderma eremita eta Rosalia alpina. Intsektu horiek Europan babes maila altua daukate, hartzak daukanaren parekoa. «Ez dira hartza bezain enblematikoak, baina babes maila berbera dute», dio Mugarzak. Gipuzkoako Aldundiak horiek eta beste zenbait koleoptero saproxilikoren iraupenerako proiektu bat abiatu du, Europak diruz lagundutakoa.

Altzoko pago motzak Europako zuhaitz berezi gisa hautatua izateko aukerarik al duen galdetuta, Estatuko «bahetzea» gaindituko balu, baietz dio Mugarzak, zalantzarik egin gabe. «Europan garrantzi handia ematen diete horrelako zuhaitzei. Urtero etortzen da Europako jende asko, joan den urtean suediar talde bat Oiartzunen izan zen, duela bi urte italiar talde bat, ingelesak ere ia urtero etortzen dira...». Izan ere, Oiartzunen dago pago motzen Europako basorik handiena. Eta balio handiko gauza omen da hori.

Antonio Zavalak kontatzen duenez, Altzoko pagoa lehortu edo usteldu egin zen barrutik, eta, hala, Imazen bilobek harriz bete zioten barrua. Baina Zavalak berak ikusi zuenean, orain dela 49 urte, ez zen ez barruko harririk ez zulorik ikusten. Baietz dio Mugarzak: «Zuhaitz kimatua denez, gutxiago biziko dela ematen du, eta, barrua usteltzen zaionean, zahartu egingo dela, baina hori prozesu naturala da». Zuhaitzak, bizitzeko, beti kanpoaldera hazi behar duenez, barrua usteltzen uzten du, nolabait abandonatu egingo balu bezala, eta berdin omen dio zomorroek jaten badute ere. Zuhaitz motz bat hamabost urtetik behin kimatzen bada, lehen egiten zen bezala, zuhaitz horrek 500 edo 600 urte bizitzeko aukera izango du. «Euskal Herrian industria beste energia mota bat erabiltzen hasi zenean, ikatza egiteari utzi zitzaion. Hortaz, zuhaitzak kimatzeari ere utzi zitzaion, eta kimatu gabeko zuhaitzak hazi eta hazi joan dira, sekulako pisua hartzen, eta haizeak botatzen ditu…», bukatu du Mugarzak.

Batzuetan adarren bat lehortuta edo perretxikoak ageri bazaizkio ere, Altzoko pago motza osasunez ondo dagoela uste du Mugarzak. 400 edo 600 urte bizi litekeela dio. Hala ere, gizakiak sortutako zuhaitza denez, kimaketa prozesuari eutsi egin beharra dagoela dio.

Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia Europa osoan ezagun egin zen, eta Europa osoan ezagun egiteko zain dago Altzoko beste “handia” ere.