Jose Angel Oria
AFRIKA

Nigeriak bat egin du Kongoren arroko ura Txad lakura eramateko proiektuarekin

Txad lakua lehortzen ari da azken hamarkadotan, milioika lagunen bizimodua hankaz gora botaz. Bere garaian Nigeriako agintariek baztertu zuten TransAqua proiektua (Kongo ibaiaren arroko ura lakuraino kanal nabigagarri baten bitartez eramatea) ontzat eman berri du Buhari egungo presidenteak. Afrika benetan aldatzeko aukera bat da.

Ur eskasiarik ez duten Kongo ibai erraldoiaren adarretako ura eramateko kanal nabigagarri bat eraikiko litzateke, Kamerungo Chari ibairaino. Urak 2.800 kilometro egingo lituzke Txad lakua berpizteko eta bertako arrantzaleek beren bizimodua berreskuratzeko aukera izango lukete.

Askotan esan izan dugu Afrikako azpiegitura gehienak kolonizazio garaikoak direla, eta kolonizatzaileen interesen arabera egindakoak, jakina (itsasertzetik baliabide naturalak dauden lekuraino doaz errepide eta trenbide asko). TransAqua proiektua aurrera ateratzen bada, ia azpiegiturarik ez duen eremu zabalak komunikabide berria izango luke, inguruko herrialdeetako milioika laguni eta ekonomiari mesede egiteko. Merkataritzak gora egingo luke, eta pobreziak behera, Muhammadu Buhari Nigeriako presidentearen ingurukoek nabarmentzen dutenez.

«Garai batean, sarea gutxitan bota behar zenuen milaka arrain lortzeko. Orain, berriz, arrain kopuru bera ateratzeko egun osoa pasa behar duzu lanean», zioen orain hiruzpalau urte Mahamat Aboubakar arrantzaleak. Bagre beltz bat (siluriforme ordenako arrain bat) baino ez zuen sare handian. 65 urtetik gora dituen herritarrak gogoan du lehen egunean 50 dolar irabaztera iristen zela; egun, baina, nahikoa lan izaten du bi dolar pilatzeko.

Aldi baterako nekazariak

Beste arrantzale batzuek dagoeneko hartua dute jarduera ekonomikoa aldatzeko erabakia. Ahmadou Bello da horietako bat. Kaupi motako babarrunak, artoa, arroza eta piperrak ekoizten ditu gaur egun, ongarri artifizialik erabili gabe. Bere jarduera oso ondo doala-eta, Bellok nabarmentzen du desagertzen ari den lakuak oso lur emankorra utzi duela. Baina lakuak egungo joerari eusten badio, aurki nekazaritza ere ezinezko izango da berarentzat.

Azken datuen arabera, 30 milioi pertsona inguru bizi dira irteerarik ez duen lakuaren itsasertzean. Bizirik jarraitzeko ezinbestekoa dute lakua eta, erabat lehortuko balitz, krisi humanitario ikaragarria sortuko litzateke eremu zabal batean.

Txad lakuak 26.000 kilometro koadro zituen 1960an eta 2.000 besterik ez ditu egun. Klima aldaketa da egoera hori eragin duten faktoreetako bat, leku asko basamortu bihurtu baititu.

Baina gizakion jarduera ere oso kaltegarria izan da. Paul Ghogomou Jaundeko Unibertsitateko adituak esplikatzen du lakura doazen ibaietako ur asko inguruetako lurrak ureztatzeko erabili dela. Hori gertatu da, esaterako, Kamerun zeharkatzen duen Chari ibaiarekin (lakura iristen den uraren %90 ematen du). Gainera, Nigeriako ipar-ekialdeko Jama’are eta Hadejia ibaietan urtegiak eraiki dira azken urteotan, eta horiek ere larriagotu egin dute egoera.

Populazioa bikoiztu

Abdullahi TLAB Txad Lakuaren Arroko Batzordeko (nazioarteko erakunde horretan Kamerun, Txad, Niger, Nigeria, Aljeria, Afrika Erdiko Errepublika, Libia eta Sudan daude) eledunak nabarmendu du populazioa bera asko hazi dela lakuaren inguruan: «Orain berrogei urte, Txad lakuko populazioa 17 milioikoa zen. Une honetan 30 milioi lagunetik gora biziko dira bertan. Gizaki gehiago, abelburu gehiago eta klima aldaketak eragindako lurrunketa masiboa. Faktore horiek guztiak kontuan hartuta baino ezin da ulertu lakuari gertatzen ari zaiona».

Kanadako CIMA-International lakura ura eramateko proiektuen egingarritasuna aztertu izan duen etxeak egin dituen kalkuluen arabera, ezer egin ezean, lakua erabat lehortuta egongo da 2025erako.

Uneotan indartzen ari den TransAqua proiektuak egoera hori saihesteko gaitasuna du. Nazioarteko erakundeek duela 30 urte ezagutu zuten ekimena, baina orain artean baztertu izan dute. Hori 2014ko azaroan hasi zen aldatzen, N’Djamena Txadeko hiriburuan Nazioarteko Batzorde Zientifikoa elkartu zenean. Orain hilabete bat beste urrats garrantzitsu bat egin zuen TransAquak. Txinako Energia Konpainiak, TLAB batzordeak eta Nigeriako Gobernuak proiektua abian jartzeko itun bat adostu zuten, Kongo ibaiaren arroko ura Txad lakura eramateko. Helburua da urtean 100.000 milioi metro kubiko ur garraiatzea.

Ura hain bizkor lurrundu ez dadin eta gero eta egoera larriagoan dagoen faunari eutsi ahal izateko, milioika zuhaitz landatzeko asmoa dute. Kontuan hartu behar da oso sakonera gutxiko lakua dela Txad (metro eta erdikoa batez besteko datuen arabera, eta zazpi metrokoa punturik sakonenean).

Etorkizuna argitu

Gainera, zentral hidroelektrikoek energia eskainiko diote eskualdeko ekonomiari. TLAB batzordeak plazaratutako agiri baten arabera, TransAquak 25 milioi kilowatt-ordu energia eskaintzeko gaitasuna du. Argindarra funtsezko faktorea da Afrikaren garapena eta industrializazioa lortzeko, baina, kasurik gehienetan, ez da lortzen. TransAqua proiektuaren sustatzaileen arabera, industrializazioa ahalbidetuko luke egitasmoak, nekazaritza aldatzeaz gain, bertako nekazariek eta bestelako ekoizleek beren produktuak esportatzeko aukera izango baitute. Beraz, lanpostu berri asko sortuko direlakoan daude.

«Amets egitera ausartu zaitezte eta Kongoko Kivutik Txadeko lur idorretara, genozidioak suntsitutako Kongoko Errepublika Demokratikotik eta pobreziak sumindutako Afrika Erdiko Errepublikatik barrena joango den iraultza sortuko da», idatzi dute Africanagenda.net webgunean. «Konpainiei mesede egin beharrean herrialdeei egingo dieten proiektuetan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko garaia da; gerra beharrean elkarlana beharko duten proiektuak abian jartzeko ordua da; mekanizazioa, argindarra, talentua, berrikuntza, lana eta duintasuna ekarriko duten proiektuak».