Maider Iantzi Goienetxe
ALOKAIRUAK

Etxe hutsen errenta duina, herritar gehienak estutzen dituen soka mozteko

Barrenera ailegatzen zaigun gai bat da etxebizitzarena, gure bizitzak ukitzen dituena. Oinarrizko eskubide bat, merkatuko objektu bilakatua, soka estu bat langile eta herritarren lepoan. Lekeitioko Duindduz elkarteak maisu-maistren etxean aitzinera eramandako esperientzia ezagutu dugu, baina ez hori bakarrik.

Lekeitioko Duindduz elkartearen borrokaren zati inportante bat dira eskola izandako etxeak, «maisu-maistren etxeak». Bertan egin dugu hitzordua lau kiderekin: Gaizka Likona, Oier Azula, Pototo Natxiondo eta Iñaki Uriarte.

Taldea 2012an sortu zela oroitu dute. «Gobernu espainolaren murrizketen aurrean ematen hasi ziren erantzunen artean greba orokorrak zeuden eta urte horretako irailean egin zen bat. Bertan herri modura erantzuteko eta hortik aurrera borrokan segitzeko beharra ikusi genuen. Hala sortu zen herri asanblada. Herri mugimendu guztiek dituzte gorabeherak eta hasieran horrela egin genuen –dio Likonak eskua altxatuz–. Greba aurreko egunetan ehun lagunetik gora bildu ginen herriko plazan eta txantxetan esaten genuen gure Martxoak 15 berezia zela. Gero beherakada hasi zen».

Etxe kaleratzeak kostaldeko herri honetara ere ailegatu ziren. «2013ko otsailean pertsona bat kalean gelditzekotan zen, bagenekien maisu-maistren etxe batzuk hutsik zeudela, eta okupatu egin genituen», agertu du Azulak. Eraikinaren lehen solairuan AEK-ko euskaltegia dago eta bigarrenean Helduentzako Hezkuntzako zentroa. Hirugarren eta laugarren solairuetako etxebizitzak hutsik zeuden eta batean sartu ziren, behar zuen jendeari uzteko asmoz.

Sare sozialik ez duten pertsonak sartu zirela aipatu dute, babesteko familia edo lagunik ez zutenak. Beteta egon dira urteotan etxeok. Denetariko lagunak bizi izan dira: umedun familiak, bertakoak, etorkinak…

Etxeak okupatu eta gero aurrerantzean nola funtzionatu erabakitzeko asanblada bat egin zuten 40 bat lagunek. Planteatu zuten arnasgune bat ematea, oasi bat, etxerik gabe gelditzen ahal zen pertsona batek lasaitasunez bizitzari aurre egiteko. Behintzat kalean ez egoteko eta babes sozial bat izateko. 0 euro ordainduta bizitoki bat eta bizitza berriro zerotik hasteko aukera izateko. Txandakatzea bultzatu nahi zuten, egoera hobetzean bertze norbaiti lekua utziz. Baina gauza bat da teoria eta bertzea praktika eta zalantza zuten ea zilegi zen eurek jarraipen mota hori egitea. «Erabaki genuen ezin genuela. Hemen geratzen dena gure babesaz geratzen da, baina autonomia osoaz». Eurek ateak zabaldu zituzten, baina bakoitzak bizi zen etxearen giltza hartu zuen.

Praktikan ikusi dute txandakatze hori gauzatu dela. 2013tik 2016ra dozena bat lagun biziko ziren. Bertan egon diren batzuek kontatu dute bi gauza izan dituztela buruan etxe honetatik ateratzean: batzuek beren egoera hobetu dute. Lana edo bizilekua topatu dute edo gutxieneko laguntza lortu dute. Bertzeek, aldiz, adierazi dute atera nahi izan dutela hurrengo bati lekua uzteko.

Orain ez da inor bizi bertan eta zer egin hausnartzen ari dira. Bost etxebizitza daude okupatuta eta horietatik hiru daude erabilgarri. Udan gazteak sartu ziren. Dena dela, Duindduz elkartearen ekintzak ez dira lau horma hauen barrenera mugatzen; lan zabalagoa egiten dute.

Guztien arazoa, ez gazteena soilik

«Etxebizitzaren arazoa gazteekin lotzen da, baina 60 urteko batek zergatik ezin du arazo bera eduki?» galdetu du Pototo Natxiondok. «Nire kasua, adibidez. Lantegi batean nenbilen, itxi egin zen eta kalean gelditu nintzen. Orain jubilatuta nago eta ondo, baina beste batzuk miserian daude 50 urterekin. Horiek arazoak eduki ditzakete berdin-berdin, edozein gazteren moduan, edo txarrago, agian ume bi dauzkatelako». Horregatik, Duindduz elkartekoek etxebizitzaren arazoa guztiena dela azpimarratu ohi dute. «Halako mobidetan beti egon izan dira gazteak, baina hemen gaude gazte izandako bi ere», dio Iñaki Uriarte elkarrizketan sartuz.

Diotenez, gazteak gurasoen etxetik atera ezin izatea bada arazo bat, baina orokorragoa da auzia. Banandutako pertsona ugari ukitzen du, baita pentsio eskasekin bizirauten ari den erretiratu eta alargun pila ere. Banandu eta gero Lekeitioko kanpinean bizi dira batzuk. Arazoa ez dela gazteena soilik erakusten du maisu-maistren etxean bizi izan direnek 30 urtetik gora izateak ere.

2.000 etxe huts

«Etxebizitza eskubide bat da, baina Lekeition ez da bermatzen, etxeak soberan edukita», ohartarazi dute. Eustaten datuen arabera, 7.000 biztanle dira, 5.000 etxe daude eta horietatik %40an ez dago inor erroldatuta. 2.000 bat etxe huts daude hautsa hartzen. Duindduz elkarteko kideek kontatu dutenez, jende aunitzek ditu bi etxe, itsasoan ibilia delako eta sasoi batean dirua irabazten zelako. Baina gaur egun langile ugari hilabete bukaerara ezin ailegatuta dabil. «Beharra edukitzeak ez du esan nahi ase zaudenik». Gainera, etxeen prezioak ikaragarri igo dira 80ko hamarkadatik. Milurteko aldaketarekin 70 metro koadroko etxe baten batez besteko prezioa bikoiztu egin zen Estatu espainolean, 200.000 euroak gaindituz.

INE estatistika institutuaren grafiko batean etxeko gastuen konparaketa ageri da, 1975 eta 2014 artean, eta bertan ikusten da lehen janarian joaten bazen soldataren puskarik handiena (%30 baino gehiago), orain etxebizitza ordaintzera bideratzen dela kantitate hori.

Elkartean kale dinamikak egiten dituzte, salaketa sozialak, eta alternatibak ere ematen dituzte. Maisu-maistren etxeen esperientzia praktikoak erakutsi die soluzioa ez dela instituzioetatik etorriko, baizik eta etxe hutsen erabilpenetik. Hauek konponbidearen parte izan daitezke, alokairura aterata prezio duin batean, urte osorako eta epe luzerako aukerarekin.

Bulego herritar bat

Etxe hutsen alokairurako bulego herritar bat sortzea proposatzen dute. Diru irabazi asmorik gabeko elkarte herritar batek osatuko luke, eta espazio fisiko batean kokatuko litzateke. Berau izanen litzateke etxe hutsak jabetzan dituen eta etxeak bizitzeko behar dituen jendearen arteko lotura puntua.

Era berean, elkarte hau izanen litzateke alokairuen irizpideak jarri eta etxe jabearen eta alokatzen duen pertsonaren arteko kontratua behar den bezala egiteaz arduratuko litzatekeena.

Honakoak izanen lirateke etxea alokatzeko baldintzak: urte osorako izanen litzateke; ordainduko den diru kantitatea ezingo litzateke hileko 350 eurotik pasatu; kontratua bost urterako izanen litzateke, gero bost urteka luzatzen joateko aukerarekin; eta alokatzen duenak etxea ongi zaindu eta egoera onean bueltatuko du.

«Etxebizitzaren arazoa egiturazkoa da, sistema kapitalistaren muinean dago. 2008ko krisiaren oinarrietako bat izan dira higiezinen booma eta hipotekak. Horrekin batera, langile klasearentzat zama bat etxebizitza. Lan baldintza txarrak sufritzeaz aparte, aterpe bat eduki ahal izateko kondena bat duzu: etxea erosi eta sekulako hipotekan sartu behar duzu, edo, Lekeition bezala, abusuzko alokairuak ordaindu, 600-800 eurokoak». Herri turistikoa izaki, udako alokairuak izaten dira. Bi hilabetekoak, ohi baino garestiagoak. Ondorioz, gehiegizko prezioaz gain, urte osorako alokairua topatzea bera da arazoa.

«Bigarren etxebizitzez gain, espekulazio hutserako erositako etxe huts pila dago», gaitzetsi du Oierrek. «Ezaugarri askok eragiten dute –jarraitu du Gaizkak–. Euskal Herriko herririk txikienetakoa da Lekeitio. Ez ditugu bi kilometro karratu eta ez du zentzurik gehiago eraikitzeak». Erantsi dutenez, «toki guztietatik urrun dago eta ez dago lanik». Bilbon lan egiten duen lagun ugari hara joan da bizitzera eta Lekeitio inguruko herri txikiak bertako gaztez bete dira, pisuak merkeago daudelako.

Kontzientzia eta presioa sortu

«Etxebizitza oinarrizko eskubide bat den arren, merkatuko objektu bilakatu da eta espekulazioaren gurpila ez da gelditzen. Banketxeak, higiezinak, eraikuntza enpresak, instituzio publikoak... Jende asko aberastu da Euskal Herrian eta Lekeition ere bai. Erantzukizunaren parte bat etxebizitza inbertsio modura hartu eta espekulatu duten herritarrena ere bada. Hemen tontoenak ere bi etxe dituela esaten da. Herentzian, itsasoan dirua irabazita... Kontzientzia sortu behar da, baita presioa ere, etxe horiek alokairuan ipintzeko, baldintza egokietan», azaldu du Likonak.

«Alternatiba herritar bat artikulatzeko kapaz izan behar dugu –segitu du Azulak–. Hori erraza den? Inondik ere! Gaur egungo espazio eta egoeretan askoz gaitzago. Baina saiatzen ari gara». Bi norabidetan lan egiten dutela dio Likonak: «Alde batetik, erantzuleak salatzen eta presionatzen; eta bestetik, etxe hutsak dituen jendea konbentzitzen ahalegintzen, baita presionatzen ere, ez bakarrik alokairuan jartzeko, baizik eta lortzeko etxe bat alokatzera goazenean 600 euro eskatzen digutenean guk esatea, ‘ez, 600 ez, hori gehiegi da; 350’, eta hurrengoak ere berdina esatea». Bartzelonan egiten ari diren bezala, etxea behar duen jendea antolatzen eta saretzen joatea da bidea lekeitiarrentzat, dituzten eskubideez jabetzeko.

Muinera joan ezean, adabakiak

Etxebizitza politikekin alokairuen prezioak mugatzeko premia azpimarratu dute, etxeak herritarren zerbitzura egoteko eta merkatuko objektu izateari uzteko. «Ezin naiz etxe hutsekin aberastu. Ateratzen dudan diruak gastuak eta konponketak ordaintzeko balio behar du».

Instituzioek egin dezaketen ekarpenaren inguruan gogoeta eginez, erran dute arazoaren erantzuleetako bat direla eta ate birakariak eta lurren birkalifikazioak errealitate bat direla. «Indar aurrerakoiagoak saiatu ahal dira espekulazioaren gurpila apurtzen, baina kalean ez badago errealitateari aurre egingo dion mugimendurik erakundeek adabakiak jarri besterik ez dute egingo». Adibidez, ondasun higiezinen gaineko zerga igo da Bizkaiko herri ugaritan, tartean Lekeition. «Baina ez badago politika aktiborik alferrik da ondasun higiezinen gaineko zerga apur bat igotzea. Lekeitioko Udalak jakinarazi du gazteei laguntza emango diela alokairuak ordaintzeko. Baina ez da benetan arazoaren muinera joaten: etxebizitzak merkatuko objektu izateri utzi behar dio».

«Horrek EAJ antikapitalista izatea suposatuko luke. Oximoron bat...», dio Gaizkak. Eta Oierrek jarraitu dio: «Edo Konstituzio espainolak dioena onartzea. Ematen du boltxebikeak garela baina etxebizitza eskubidea dela esaten du Konstituzioak. Hezkuntza guztia pribatizatuko balitz eskuak burura eramango genituzke, baina etxebizitzarekin ez da ezer gertatzen. Gainera, langile batek etxea erosi ahal zuen garai batetik gatoz, baina gaur ezin du eta ematen du dela pertsona horrek ez duelako ezer egin».

Kale dinamika dute ardatz Duindduz elkartean eta ideiak ez zaizkie falta. Aldizkaria aterako dute aurki, probokatuz eztabaida sortzeko asmoz. Arazoak hamaika alternatiba osagarri izaten ahal dituela deritzote, eta beren ekarpena egiten dute. Gakoa litzateke eurentzat Euskal Herrian mobilizazio sozial handi bat sortzea, sistemaren zirrikituetatik indarra egiteko.

 

Zer da etxe huts bat?

Elkartzen Euskal Herri mailako herri eragilea erreferente da Lekeitioko Duindduz elkartearentzat. Eskubide sozialen alde 2000n sortu zen mugimendu horrek badu etxebizitzaren inguruko gida bat, herri eta auzoentzako tresna bat (www.elkartzen.org helbidetik jaitsi daiteke). «Irtenbideak badaude, baldin eta antolatzen bagara», diote bertan.

Bertzeak bertze, etxe hutsa zer den definitzeko ahalegina egin dute, «kontzeptu juridiko zehaztugabea baita eta Administrazioa horretaz baliatzen baita neurri eraginkorrik ez hartzeko». Elkartzenek zehazten duenez, etxe hutsa 295 egun baino gehiagoz eta justifikaziorik gabe bizilagunik hartzen ez duena da, Euskal Herrian ditugun atseden egunak kontuan hartuta, asteburuak barne.